Plataformak

Demo-ak

Demo-ak (Demokrazia Euskal Herriarentzat) izeneko mugimendua 2000n agertu zen Ipar Euskal Herrian, desobedientzia zibila bultzatuz, euskararen ofizialtasunaren, euskal departamenduaren eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzearen alde. Bortizkeriarik gabeko ekintza ikusgarriak eginez plazaratu zituzten beren aldarrikapenak. 2010ean desegin zen mugimendua.

Demo-ak "Demokrazia Euskal Herriarentzat" aldarrikapena izen bihurtuz eta izen horren laburduratik sortu zen mugimendua zen. Demoak mugimendu horretako kideak ziren. Desobedientzia zibila bultzatu zuen Ipar Euskal Herrian, 2000tik 2003 arte, ehun bat ekintza ikusgarriren bitartez. Demoek salatzen zuten Frantziak ez zituela entzuten Ipar Euskal Herriko gizartearen "gehiengoaren" aldarrikapenak, hala nola euskal departamenduaren sortzea, euskararen ofizialtasuna eta euskal presoen hurbiltzea. Ondorioz, Frantziak Ipar Euskal Herrian demokrazia ez zuela errespetatzen zioten demoek. Horregatik hartu zuten izen hori.

Aipatutako hiru aldarrikapenekin lotutako ekintzak egin zituzten, eta orotara 700 lagunek parte hartu zuten batean edo bestean. Lehen ekintza 2000ko urtarrilaren 6an egin zuten, Baionako espetxearen aurrean. Bi kide pareta gainera igo ziren, eta beste kidek "Demokrazia Euskal Herriarentzat" idatzi zuten, paretan, pinturaz. Poliziak atxilotzera joan zitzaizkienean, pintatzen ari ziren kideek pintura pote osoa beren buru gainera bota zuten. Gisa hartan egin zen publiko, Demo mugimendua. Presoak Euskal Herrira ekartzearen eskakizuna beste hainbat aldiz ere egin zuten, euskaldunak dauden Frantziako espetxeetako pareta gainera igoz edota auto istripuen simulazioak eginez.

Hasieratik azaldu zituzten beren printzipioak: demokrazia aldarrikatzeaz gain, indarkeriarik gabeko ekintzak egitea zen helburua. Gandhi, Luther King, Greenpeace edota Confédération Paysanne ziren haien ereduak. Ekintzak "ahalik eta sinboliko eta ikusgarrienak" egitea zen haien helburua, herritarren "arreta" jasotzeko.

Presoen gaiaren inguruan hasi zituzten ekintzak, baina gerora ekintza ikusgarriagoak egin zituzten euskal departamenduaren edota euskararen inguruan. 2000ko martxoaren 14ean, 26 kide Pirinio Atlantikoetako departamenduko Paueko Kontseilu Nagusian sartu ziren, eta hango batzar gelako 26 aulki lapurtu zituzten, eta egun batzuk geroago Baionara eraman, ekitaldi publiko batera. Ekintza harekin ilustratu nahi zuten Pirinio Atlantikoetako 26 hautetsi Ipar Euskal Herrikoak direla, eta beraz 26 aulki haiek Ipar Euskal Herriko balizko departamenduari zegozkiola.

Antzeko beste ekintza bat egin zuten Pauen, Pirinio Atlantikoetako Artxiboan, urte bereko ekainean. Artxibo hartan zeuden Ipar Euskal Herriko dokumentuak handik atera zituzten, nahiz eta polizia berehala iritsi eta dokumentuak berriro Artxibora itzuli ziren. Baina Lapurdiko Biltzarreko aktak jasotzen zituen liburua eraman zuten. Liburu hartan jasotzen da Lapurdiko Biltzarrak euskal departamendua aldarrikatu zuela 1789an, Frantziako Iraultza garaian. Horrekin, demoek erakutsi nahi zuten aldarrikapen hark 200 urte baino gehiago zituela. Bestalde, ekintza haren bigarren helburua zen Ipar Euskal Herrian artxibo bat zabaltzea. Lapurdiko Biltzarraren aktak artxibo hura sortu eta zabaldu arte ez zituztela itzuliko ziurtatu zuten. Aldarrikapen hark kultura arloko eta baita hautetsien arteko babes zabala zeukan, eta azkenik, 2010ean inauguratu zuten Baionako Artxiboa. Demoek 2010eko ekainean itzuli zuten Lapurdiko Biltzarraren akten liburua, eta ospakizun baten bidez iragarri zuten mugimendua desegin zutela.

Demo-ek, euskararen gaia oinarri harturik, beren burua ezagutarazi zuten batez ere Frantziako burdinbide garraioa kudeatzen duen SNCF konpainiari begirako kanpainan. Ipar Euskal Herriko tren geltokietan euskarak tokia izan zezan aldarrikatu zuten, hala nola seinaleak eta bozgorailuetako mezuak elebidunak izatea. Demo-ek 2001eko otsailean bilerak egin zituzten SNCFko sindikatuekin, aldarrikapen hori lorgarria zen ala ez galdetzeko. Ondoren, Ipar Euskal Herriko SNCFko zuzendaritzari hitzorduak eskatu zizkioten, baina ez zutela erantzunik jaso salatu zuten. 2001eko apirilean hasi ziren lehen ekintzak egiten. Apirilaren 22an, berrogeita hamar bat lagunek seinaleak bi hizkuntzetan jarri zituzten, frantsesezko hitzen ondoan euskarazkoak itsatsiz.

SNCFko zuzendaritzarekin hitzordua lortu zuten horren ondoren, baina zuzendaritzak ezezko erantzuna eman zien aldarrikapen haiei, erranez Ipar Euskal Herriko bidaiariek frantsesa ulertzen zutela, eta bigarren hizkuntza bat jartzeak seinaleen irakurgarritasunari kalte eginen ziela. Bigarren hizkuntza bat jartzekotan, ingelesa jarriko zutela gehitu zuten.

Erantzun horren ondorioz, beste ekintza mota batzuk egin zituzten, batzuk antzerki modukoak, geltokian bertan, leihatila moduko bat antolatuz eta euskarazko zerbitzua eskainiz. Beste batzuetan hainbat lagun burdinbide gainean jarri ziren, trenari bidea moztuz. Manifestazio bat ere antolatu zuten, 650 lagun bilduz. Bide mozte gehiago ere egin zuten, beste batzuetan, Ipar Euskal Herriko gune ezberdinetan, arratsalde berean. Beste behin Baionako geltokiko seinale nagusia kendu eta bi hizkuntzetako bat jarri zuten haren ordez. Horregatik lau lagun atxilotu zituzten eta geroago epaitu.

Epaiketa hura Baionan izan zen 2002ko azaroaren 7an. Epaituek euskaraz hitz egin nahi zutela adierazi eta itzultzailea eskatu zuten. Epaileak eskaera horri uko egin zion, baina auzipetuak euskaraz mintzatzen hasi ziren. Epaileak hori ez zuen onartu eta istiluak hasi ziren. Polizia auzitegiko aretoan sartu zen, aretoa hutsarazteko. Kanpoan zegoen jendea gasarekin uxatu zuen. Jende haren artean, euskalgintzako lagun ezagun ugari zegoen, besteak beste euskaltzain batzuk.

Auzipetuek helegitea aurkeztu zuten, eta handik hilabete batera izan zen, auzitegi berean. Auzi hartara ehunka lagunek elkartasuna adierazi zieten eta euskararen eskubideak errespetatuak izan zitezen aldarrikatu. 2002ko abenduaren 17ko auzi hartan ere gauza bera pasatu zen, eta poliziak gasarekin hustu zuen auzitegia auzipetuak euskaraz mintzatzen hasi zirenean. Hainbat lagun zauritu zen istilu haietan.

2002an beste ekintza sail bat abiatu zuten demo-ek, hala nola Maiana Errepublikaren sinboloaren soin-gainak lapurtzea Ipar Euskal Herriko udaletxeetatik. Udaletxe bakoitzean badago Errepublikaren ohorezko estatua bat. Demo-ek hainbat herritatik kendu zuten sinbolo hori, Frantziak Ipar Euskal Herrian Errepublikaren oinarriak zapaltzen zituela salatuz. Halako ekintza batean parte hartzeagatik preso sartu zuten Nikolas Padrones, lau hilabeterako.

Zatiketa ere bizi izan zuten, sortu eta aski laster. Hain zuzen ere, demo-ak Lizarra-Garaziko prozesuaren giroan gorpuztu ziren, nahiz eta lehen ekintza egin zutenerako, ETAk su-etena hautsia izan. Garai berean izan zen zatiketa Abertzaleen Batasunaren baitan, Batasuna alderdia sortu zenean. Demo-ek, ABren gisan, indarkeria arbuiatu zuten, beren filosofiaren oinarria indarkeriarik gabeko ekintzetan zegoelako. Nahiz eta ez ziren ABrekin lotuak, hainbat kide aldi berean ABko militanteak ziren. Batasunarekin eta Segi gazte mugimenduarekin bat egiten zuten kideek demo-ak utzi zituzten.

Hurrengo urteetan demo-en aktibitatea gelditu zen, eta ez ziren berriz publikoki agertu, 2010eko ekainera arte, desegiten zirela iragartzeko. Beren aldarrikapenak ez ziren bete, hala nola euskal departamendua, euskararen ofizialtasuna edota presoen hurbiltzea. Euskarari dagokionez, SNCFri buruzko kanpaina bera ere lorpenik gabe bukatu zen, tren konpainiak ez baititu euskarazko seinaleak jarri. Baina demo-ek ez dute balorazio ezkorra egin beren ekimenaz. Peio Etxeberri-Aintxart mugimendu hartako kideak 2010ean horrela azaldu zuen balorazioa, Berria egunkarian:

"Ideia ez zen demoek berek bakarrik aldarrikapenak lortzea. Aldiz, komunikazio tresna paregabea zen mugimendu sozial horien laguntzeko, ahal bezain herritarren onespena lortuz. Harri txintxola batzuk ezarri ditugu bide luze batean, beste mugimendu batzuk elikatu dituztenak. Militante batzuk formatu ditugu, beste dinamika, mugimendu eta gogoeta ziklo batzuetan ari direnak orain. Eta hori guretzat puntu biziki baikorra da".

Militante horiek berak Euskal Herriko Laborantza Ganbera-ren edo Batera mugimenduaren bultzatzaileetariko batzuk direla dio.