Arkitektura

San Nikolasen eliza. Bilbo

Parrokiaren historian izandako esperientzia katastrofikoen eskarmentuaz eta uholdeetatik babestearren, tenplu berria harrizko zokalo baten gainera igoteko erabakia hartu zuen Iberok. Estilo barrokoduna, greziar gurutzearen itxurako plantakoa da eta zortzi alderen barruan eremu zentral zinez zabala eratzen du, kupula handi batek estalita. Oktogonoaren alde motzetan, bana horma-hobi eraiki da, erretaulak bertan kokatzeko. Planta ireki zabal hau ikusita, Iberok berak Azpeitian, San Inazio Loiolakoaren parrokian eraikitakoa etortzen da gogora, honen dira antzekoak. Parrokiaren egituraren pisu osoa toskanar estiloko zortzi pilare sendotan pausatzen da. Barruko aldetik doan taulamendu-sistema batek bi altueratan antolatzen du egitura. Kupularen luze-zabalera osatzeko, adreilua bezalako material arina erabili da. Zortzi horma-atalek osaturikoa da, zuaker lauek bereizita. Kupulak egindako indarrari bigarren mailako erlaitzak eusten dio. Korua ertz-gangaren bidez estaltzen da. Kapera altuak eta baxuenak ilargixkekin estaltzen dira.

Kanpoko aldetik, itxura horizontaleko eraikin sendo zabalaren jitea agertzen du, harri landu zuriaz egina. Horizontaltasunetik gora alboko dorreak eta kupularen luze-zabalera gailentzen dira. Fatxadaren horma-atal handian hiru atal txikiago agertzen dira. Hauetariko nagusiak, atondo adintelatua ikus daiteke, alboetan pilastrak dituela. Bere boluten gainean, koroatze bat agertzen da, puntu erdiko batean inskribatua. Atondoa frontoi zuzen handi batek errematatzen du, lehoi handi eta hiriaren harmarria gainean dituena. Alboetako bi horma-atalek osatzen dute fatxada, pilastra lauak eta, horietako bakoitzean, lau hutsune zuzen dituztenak. Gainazalaren erremate gisa, erlaitz molduratua dago, gainean, alderik alde, balaustrada duena, multzoari berebiziko zurruntasun horizontala emanez. Alboetako dorreak itxura simetrikoa aurkezten dute. Planta koadratuko hiru gorputzetan egituratzen dira. Behekoak arku zorroztu bidezko ateak ditu lau aldeetatik hirutan. Erdikoa laua da eta inposta lau batek bereizten du lehenengotik. Gorputz honen egitura bat dator balaustradara arte eraikinaren gorputz nagusiarekin. Goiko maila planta otxabatukoa da, garaiko dorre barroko askotan erabilitakoen antzera. Kanpaien gorputzak lau irekiera dauzka, puntu erdikoak. Pinakuludun erlaitz baten gainean, zortzi kaskotako kupula goratzen da. Goragoko mailan, linterna bat agertzen da, elementuok errepikatuz baina tamaina txikiagoan. Dorreetako bakoitza haize-orratzak eta gurutzeak errematatzen dute. Dorre bion artean ezpataina handi bat dago. Moldurazko taulamendua du, bi pinakulu dituena. Erdiko partean, irekidura mistilineoaz, erlojuaren gorputza dago, albo bakoitzean bina pilastra lau dituena. Kanpaia taulamendu txikiago baten gainean kokatzen da. Eraikinaren bestelako elementu egiturazkoen artean, jaun-hartzeko lekua gailentzen da. Julio Sarazibarrek 1882.ean eraikitako eratxikia da. Planta zirkularrekoa da, lau exedro irekitzen dira bertan eta izkinetan pilastrak kokatzen dira. Aretoa sabai aizun dekoratuaren bidez estaltzen da.

Parrokiaren barruan, XVIII. mendeko erretaula rokokoen bilduma aski inportantea dago. Erretaulak diseinatzeko lana Juan Agirreri et Juan Iturbururi agindu zitzaizkion, eskultura Juan Paskual Menaren esku utzi zelarik. Polikromia José López Perella pintore madrildarrari kontratatu zitzaion. Lehengo erretaula nagusia baztertu egin zen, gerora Basauriko parrokian kokatuko dena. Lan nagusi berria banku, kale hirukoitz eta atikoan egituratzen da. Bankua erliebe eta arrokaia-motiboekin dago apainduta. Erdiko aldean, sagrarioa abiatzen da, hurrengo mailara arte luzatuta. Gorputz nagusia bi pare koloma edo zutabe konposatutan artikulatzen da, fuste ildaskatua dutela. Ardatzean, horma-hobi handi batean kokatuta, San Nikolasen irudia agertzen da, eskuin eskua goratuta. Alboetan, titularraren ondoan, San Paulo eta Done Petriren eskulturak Taulamendu sendo baten gainean kokatzen da atikoa. Forma mistilineoa du. Eskulturak, erliebeak eta arrokaia-motiboak tartekatzen dira bata bestearen ondoan. Multzoaren erremate moduan, hodei-gloria bat agertzen da. Ebanjelioaren aldean, San Blasen erretaula nabari da. Bista mistilineoduna, gorputz bikoitzaren bidez antolatzen da, bankuaz eta kale hirukoitzaz. Beheko gorputzak koloma korintiarren bidezko egitura agertzen du. Erdialdean, puntu erdiko horma-hobi batean, titularraren talla bat ikus daiteke. Alboetan, Santa Rita eta San Frantzisko Xabierren irudiak daude. Bigarren altueraren egitura, hiru horma-hobi zuzenek osatzen dute, alboetan hostodun pilastrak, frontoi irekia eta kaskaroi handi bat dituztela. Bigarren gorputzak erdialdean San Blasen medailoia eta alboetan mihiseak ditu apaingarri. Multzoa osatzeko, motibo begetalak eta aingeruen irudiak ikus daitezke.

Epistolaren aldea, Krispin eta Krispiniano Santuen erretaula gordetzen da. Aurrekoa bezala, diseinu simetrikoa du eta horma-hobi zentrala nabarmentzen da, titularren irudiak bertan direla. Alboko kaleetan, Santa Polonia eta Santa Barbararen tallak agertzen dira. Bigarren gorputzeko mihiseak Santa Luzia eta Santa Agatari dagozkio. Itxura berekoa da Pietatearen erretaula, ebanjelioaren eremuan dagoena. Erdiko hobian Andra Maria eta Kristo Etzanaren irudia agertzen da. Alboetan, San Antonio Paduako eta San Josefen tallak daude. Bigarren gorputzak Maria Magdalena eta San Joan Ebanjelariaren mihiseak eta medailoia ditu apaingarri. Parrokiaren barruan diren gainerako elementuen artean, nabari dira XVIII. mendearen bigarren erdiko ponte edo bataiarria eta koruan XIX. mendearen amaierako organoa.

Gerra karlistetan zehar, parrokia bolborategi gisa erabili zen munizioa gordetzeko. Hiri osoaren antzera, San Nikolas Barikoren elizak ere pairatu zituen 1983.eko uholde izugarrien ondorioak. Ur-maila, elizaren barruko aldean, 2,4 metrotara iritsi zen. 2007.ean hasi eta 2011 bitartean, Bizkaiko foru-diputazioak finantzatu zituen erretaulak zaharberritzeko lanak. Halaber, beste kanpaina batzuetan garbitu egin zen eraikinaren kanpoko aldeko harri zuria.