Arkitektura

Santa Maria parrokia. Portugalete

Eraikuntza-prozesuak planta basilikaleko eraikin gotikoa agertzen du, gurutzadurarik gabea, bost tartetako nabe hirukoitza duena. Alboko nabeen eremua altura baxuagokoa da, kontrahormen arteko kapera baxuei toki egitearren. Burualdea forma oktogonalekoa da, hiru horma-ataletakoa. Parrokiaren bolumen osoa zortzi pilare sendo zilindriko faszikulatuen inguruan antolatzen da. Estalkien sistemarako, tertzeletedun gurutzadurak baliatzen dira nabe nagusiak eta lautarikoak albokoetan. Burualdearen gainean, sei puntadun ganga izarduna dago, absideko hiru horma-ataletara moldatuta. Barruko aldean, jatorrizko estilo gotikoa nahasten du geroagoko elementu errenazentistekin. Hau da alboko kaperen kasua. Korua, oinaldean kokaturikoa, XIX. mendearen amaieran eraiki zen. Estilo neogotikoduna, ezin hobeto moldatzen da parrokiaren barrualdeari. Altura handikoa izanik, kakotuek osaturiko gurutzadura handi baten bidez egituratzen da.

Kanpoaldetik, basilika trama horizontaleko multzo nabarmen gisa aurkeztu ahal da, non albo-nabeetako arbotanteak eta kontrahorma sendoak gailentzen diren. Oinaldeetan kokatutako dorre barrokoak bertikaltasuna ematen dio. Erdiko nabean eta absidean banatutako zenbait irekiera bikiri esker, argiztatzen da barruko aldea, herabetiro bada ere. Ebanjelioaren tartean, atari interesgarria agertzen da. Erriberako atari izenaz ezagututa, Juan Garita hargin maisuaren lana da, XVI. mendekoa. Puntu erdiko arku handi bat eta giltzarri lauak dituen tertzeletedun ganga dituen kaperan kokatzen da. Sarrera arku karpanel baten bidez antolatzen da, zokalo altuko zutabe goratuek alboratuta. Nahiz eta narriatu xamar egon, atariak dauzkan motibo ikonografikoak oso dira inportanteak Motibo antropomorfo eta zoomorfo anitz eta ugariak agertzen ditu. Nabarmenduzkoak dira gizonezko, andrazko eta aingeruen busto batzuk. Adierazitako tipologiaren arabera, esan daiteke multzo eskultorikoa Guiot Beaugrant-en tailerrak egina dela, Garita maisuak gainbegiraturik. Parrokiaren oinaldeetan, beste atari bat ikus daiteke. 1681.ean eraiki zen. Formei gagozkielarik, Erriberako atearen imitazioa da. Egituraz ere, arku karpanel handi batekin antolatzen da zutabe bikoitzen artean, altura ertaineko zokalo baten gainean ezarriak. Taulamendu mistilineo motibo geometrikoekin eta landare-motiboekin apaintzen da. Sarbidea puntu erdiko egituraren bidez errematatzen da. Bertan, hegaldun pilastra txikien artean kokaturiko horma-hobia agertzen da, frontoi kakotu txikiak koroaturik. Parrokiako dorrea Lucas Longak trazatu zuen 1689.ean. Egiturari dagokionez, bi gorputz kubiko sendok osatzen dute, erlaitz molduratuaz koroaturik. Kanpaien gorputzak Euskal Herriko beste dorre barroko askoren itxura gogoratzen du. Manuel Arrospidek egina da 1740.ean. Planta oktogonala duelarik, puntu erdiko lau irekiera agertzen ditu. Pinakulu-segida batek amaitzen du alderik alde kupularen gainazala. Beronen gainean, linterna goratzen da puntu erdiko lau arkuekin eta gurutze batek koroatzen du.

Parrokiaren barruko aldean mobleria-bilduma garrantzitsua gordetzen da. Erretaula nagusia Presbiterioaren eremuan kokatzen da. Errenazimenduko lan garrantzitsua dugu, Juan eta Guiot Beaugrant-ek 1533.ean hartu zutelarik parte eta Juan Aialak 1549.etik aurrera. Zailtasun ekonomikoak zirela medio, ezinezkoa izan zen amaitzea. Burualdearen formari egokitu eta moldaturik, hiru kaletan antolatzen da. Erdikoa 1749.ean polikromatu zen. Kaleak hiru mailatan egituratzen dira eta mailotan hiru eraikuntza-ordenak gainjartzen dira. Beheko solairuan, erdiko kalean, nitxo bat irekitzen da non gordetzen baita Andre Mariaren tailla gotiko bat, XIV. mendekoa. Goiko mailan, Jesusen adierazpena agertzen da Elizako doktoreek inguraturik. Ezker kaleko tailla guztiak Aialak egindakoak dira. Egikera onekoak eta adierazgarritasun txikiagokoak, eskulturaren domeinu handia agertzen dute, saindu ezberdinak, apostoluak eta, Egiptorako ihesa edo Jaungoikoaren Agerkundea bezalako eskena biblikoak agertzeko. Eskuinaldeko alboko kalea, Beaugrant anaien eskutik ateratakoa, adierazgarritasun eta mugimendu handiagokoa da. Atikoa puntu erdiko egituretan antolatuta dago eta hauen azpian Gurutze-Bide eta Eraistearen eskenak adierazten dira. Multzoaren akabera gisa, frontoi zuzena eta, Hirutasun Guztiz Santuaren tailla daukan puntu erdia ikus daitezke. Erretaula goitik behera zaharberritu zen 1988.ean.

Ebanjelioaren eremuan, Salazartarren hilobia kokatzen da, tenpluaren eraiketan parte hartu zuen familia izanik. Hilobia Andre Maria Doloretakoaren erretaularen atzean ageri zen, XX. mendearen azken hamarkadan egindako zaharberritze-lanetan. Estilo errenazentistakoa, XVI. mendekoa da. Sepultura puntu erdiko kapera bat da, alboetan bi zutabe dituelarik. Zutabeon gainean, taulamendu txiki bat eta frontoi zuzen bat dira.

Erregeen Jaurespenaren erretaula ere Ebanjelioaren ondoan dago. Estilo manieristakoa, Juan eta Guiot Beaugrant anaiek diseinatu eta gauzatu zuten, XVI. mendearen erdialdean. Banku eta kale bakarra agertzen du, non Aita Betikoaren eta Epifaniaren tailla ona agertzen baitira. Erliebeen multzoa oso da dinamiko eta adierazgarritasun bizikoa. Epistolaren eremuan, Done Jakueren erretaula kokatzen da. Manierismoaren estilokoa, XVI. mendearen bigarren erdikoa da. Hau ere Beaugrant-arren taillerrari egotzi zaio. Kale hirukoitz eta tamaina txikiko bi gorputzek osatzen duten banku baten gainean. Erdiko horma-hobian, Done Jakue Mairu-Hiltzailearen tailla interesgarria ikus daiteke. Toki berean, San Antonio Paduakoaren erretaula gordetzen da. Estilo neoklasikoa izanik, XIX. mendearen hasierakoa da. Eremu honetan, Atariko Kristoak aurkitu du babesleku. Tailla hispaniar flamenkoa da, XV. mendearen amaierakoa, herriaren erdialdean kokatutako lehengo baseliza batetik etorrita. Beste tarte batean, Epistolaren aldekoan, Andre Maria Doloretakoaren erretaula kokatzen da. Lehenago Salazartarren kaperan kokatuta egondakoa. Neogotikoa izanik, XX. mendearen hasieran egindakoa da. Pintura batzuekin osatzen da parrokiaren dekorazioa. Nabarmentzekoak dira Andre Mariaren Koroatzearen triptikoa, Ebanjelioaren aldean, eta Madariaren Andre Maria, Epistolarenean. Parrokiakoa organoa 1903. urtekoa da. Henri Didier Epinal frantses enpresaren lana dugu.

1992 eta 1994. urteen artean, basilika oso-osorik zaharberritu zen. Harria garbitu zen, eraikuntzan atzemandako akatsak zuzendu ziren eta erretaulei jatorrizko itxura eman zitzaien. 1996.ean, museo parrokiala inauguratu zen XX. mendearen hasieran eraikitako sakristia neogotikoan. 1998.ean, dokumentazio eta bibliografia-guneak ireki zituen ateak. Honetara, lan eta hobekuntza ugarien ostean, Santa Maria basilika Portugaleteko eraikin esanguratsuenetakoa bilakatu zen.