Ikastolak

Andramendi Ikastola. Beasain

Beasaingo Andramendi Ikastola, 1993ko Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen aplikazioak eraginda sortu zen. 1993ko otsailaren 19an Eusko Legebiltzarrak Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen Proiektua onartu zuen eta Lege horrek eztabaida ekarri zuen Beasainera, Ikastolara eta Kooperatibara. Eztabaidak une garratzak izan ziren. Publiko eta Pribatu zaleen arteko gatazkak, Batzar Nagusiak, inpugnazioak...

1993an, Hezkuntza Sailak ikastolei jarri zien atakan sartu behar izan zuen Alkartasuna Lizeoak eta 1993ko maiatzaren 20an egindako bozketan, bazkideen gehiengo soilak (%55ek), ondare, jabetza eta zuzeneko kudeaketa-eskubide guztiak Administrazioari ekaini eta Eskola Publiko bihurtzearen aldeko botoa eman zuen. Hala ere, ordea, gehiengo soil hura, Kooperatibaren Estatutuen arabera, ez zen nahikoa kooperatiba desegiteko eta Ikastola Eskola Publiko bihurtzeko. Estatutuek 2/3en (% 66,66) aldeko botoa eskatzen zuten horretarako eta horren aldekoek ez zuten gehiengo hori lortu. Legez ezinbestekoa zen baldintza hori ez zen bete, hala eta guztiz Eusko Jaurlaritzaren Administrazioak, bereganatu zuen Alkartasuna Lizeoa.

Ikastetxe hura ordura arte bezala Ikastola pribatua izan zedin nahi zutenek, auzitara jo zuten eta Tolosan emandako epaiak arrazoi eman zien. Aurkakoek, ordea, helegitea jarri zuten eta Donostiako Epaitegiak epaia berrikusi eta administrazioari arrazoia eman zion. Ondoren pribatu aldekoek helegitea jarri zuten eta Madrileko auzitegira iritsi zen gaia (Beasaingo, Azpeitiko, Elorrioko eta Leioako Ikastolak zeuden egoera horretan). Hiru urte luze auzitan eta, azkenean, Hezkuntza Sailarekin negoziazio burutu zen. Beasaingo kasuan, Ikastolaren proiektuari jarraipena eman zion Beasaingo Ikastola proiektua martxan jarri zen. 130 ikasle Lizeotik atera eta haien gurasoek Andramendi Beasaingo Ikastola sortu zuten, Andramendi Kooperatiba berria eratuta.

Sortu zenean, 1996an, Andramendi Ikastolako ikasleek Senpereko geletan ikasi eta CAF lantegiko lorategietan jolasten zuten. 1997an gaur egungo eraikuntza erosi eta prestatu zen. Gaur egun hor jarraitzen du Ikastolak bere proiektua gauzatzen, Guraso Kooperatiba izanik.

Andramendi Beasaingo Ikastolaren titularrari: Andramendi Irakaskuntzako Koop. Elkartea 2002/2003 ikasturtetik aurrera Haur Hezkuntzako 1. zikloa irakasteko baimena eman zitzaion. Oro har ikastetxe honen osaketa honako hau da 0tik 12 urtera arteko: Haur Hezkuntzako 1. zikloa: 3 unitate, 8, 13 edo 20 ikaspostutarako edukiera izango dutenak, ikasleak, hurrenez hurren, urtebetez beherakoak, urtebetetik bi urtera bitartekoak, edo bi urtetik hiru urtera bitartekoak izatearen arabera; Haur Hezkuntzako 2. zikloa: 3 unitate 75 ikaspostutarako edukieraz; Lehen Hezkuntza: 6 unitate 150 ikaspostutarako edukieraz.

Andramendi Beasaingo Ikastolak, Partaide-Ikastola taldeko izanik, Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea izeneko kooperatiba eratu berriko partaide ere bada bere sorreratik.