Kontzeptua

Hezkuntza-legeria Euskal Autonomia Erkidegoan

1980-2010

Informazio osagarria


1979tik gaur egunera arte Euskal Autonomia Erkidegoan garatutako hezkuntza-politika, alde batetik, esparru konstituzionalaren mugen artean kokatu da, eta, bestetik, Gernikako Estatutuak ekarri zuen esparruaren arabera, eskumen propioak garatzen aritu da.

1978ko Espainiako Konstituzioak, bere 27. artikuluan, hezkuntza-administrazioaren deszentralizazioaren oinarriak planteatzen ditu, eta Autonomia Estatutuak, bere 16. artikuluan ezartzen duenez, "Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena da irakaskuntza bere hedapen osoan, maila eta gradu zein modalitate eta espezialitate guztietan, Konstituzioaren 27. artikuluan eta hori garatzen duten Lege Organikoei zein bere 149.1.30 artikuluak Estatuari esleitzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe, eta bide batez hori betetzeko beharrezko den goi-ikuskaritza". Euskal Autonomia Erkidegoak irakaskuntza-arloko eskumenak transferentzien lehen blokean jaso zituen, irailaren 26ko 2808/1980 Errege Dekretuaren bidez (eta abenduaren 31n argitaratu zen BOEn).

Gogoratu behar da, halaber, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Legearen 4.2 artikuluak (1990eko LOGSE,) ezarri zuela gutxieneko irakaskuntzen oinarrizko edukiak gobernu zentralaren esku daudela, eta "inola ere ez dira eskola-ordutegien % 55 baino gehiago eskatuko gaztelania ez den hizkuntza ofiziala duten autonomia-erkidegoentzat, eta % 65 ez dutenentzat".

Hogeita hamar urte hauetan, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemaren funtsezko helburuetako bat euskal hezkuntza-sistema euskalduntzea izan da, bereziki hezkuntza-eskumenak bereganatzeko garaian arlo horretan hutsune handiak zituen publikoa. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzaren xedapen askok prozesu hori izan dute erreferentziatzat, eta bat dator konstituzio-esparruarekin, bai eta administrazioaren eta bizitza publikoaren eremu guztietan eta, batez ere, hezkuntza-sisteman euskararen erabilera bermatuko duen sistema bat ezartzeko eskubidearekin ere. Euskal Herriko berezko hizkuntza den aldetik baina, ezin dugu ahaztu euskararen koofizialtasunaren printzipioa, ezta ere Autonomia Erkidegoak gaztelaniaren eta euskararen erabilera bermatu behar duela, inolako diskriminaziorik gabe.

Jatorrizko artikulua: Luis María Naya Garmendia
Itzulpena: Iñigo Ramirez de Okariz