Ekonomikoak eta sozialak

Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea

Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea Araba, Bizkaia eta Donostiako Parke Teknologikoek eta Garaia Berrikuntza Guneak osatzen dute. Maila altuko enpresak, zentro teknologikoak, unibertsitateen ikerketa unitateak eta ikerketa zentroak kokatzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan banatutako lau azpiegitura hauetan. Modu horretan, Parke Teknologikoen Sarea Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemaren osagai garrantzitsua da.

Sarearen filosofiaren oinarria lau parkeetako jardueren koordinazioan dago, eta elkarren osagarriak diren arlo teknologikoetara bideratutako estrategia mantentzen du. Horrez gainera, telekomunikazioen Intraneta dute, eta honek, parke horietako enpresa guztien arteko lotura posible egiten du.

Datuei erreparatuta, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak 2011n hiru lurraldeetan sakabanatutako 428 enpresa batzen zituen bere baitan.

Xede ezberdinak bilatzen ditu Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak. Besteen artean, teknologiaren ikuspegitik aurreratuta dauden, etorkizuneko sektoreetan ari diren, balio erantsia sortzeko gaitasun handia duten eta langileen aldetik prestakuntza maila altua erakusten duten enpresen kokagune izatea.

Beste helburuetariko bat, enpresen arteko, eta enpresa horien eta unibertsitate eta teknologia zentroen arteko elkarlana sustatzea da. Enpresen haztegien bitartez teknologian oinarritutako enpresa berriak sortzen laguntzea zein teknologia eta berrikuntzaren kultura inguruetara hedatzeko benetako guneak eratzea bilatzen du Sareak.

Teknologia Parkeen kokapen ezberdina dela-eta lurralde bakoitzeko industria-ehunaren ezaugarri espezifikoei erantzunez, Euskadiko industria-aniztasunari eta berrikuntzari laguntzen dio.