Jaialdiak-Ekimenak

Hondarribiko alardea

1996an emakume talde batek publikoki adierazi zuenean Alardean berdintasunez parte hartzeko asmoa, gehienen erreakzioa kontrakoa izan zen. Argudioak baino, deskalifikazio pertsonalak gailendu ziren, bereziki sexualak eta identitarioak: berdinzaleak kanpotarrak ziren, edo "herriaren etsaiak"; baztertzaileak, berriz, bertako jatorrak edo "integratuak". Irainak, eraso fisiko eta psikologikoak, boikotak, eta abar nagusitu ziren berdinzaleen aurka. Alardean bertan ez ezik, urte osoan gerta zitezkeen; adibidez, lintxamendu saioak gertatu dira entseguetan, baita kalean erasoen beldur egin beharrean eraikin baten barruan egindakoetan ere.

Udal alarderik ezean, baztertzaileek Donostiako elkarte pribatuen ereduan antolatzen hasi ziren, diru-iturriak beren kasa bilatuz, emakumeen partaidetza ez beste aldaketa asko bere eginez, eta haien ekitaldi pribatua, Irunen bezala, "Herriarena" deituz; areago, Alardea herri guzti-guztiaren ondare dela aldarrikatzen dute behin eta berriro, Alardeaz duten kontzepzioarekin bat ez datorrena "Herria" ez dela nabarmen uztearren. Alabaina, esker oneko zina betetzeko erritoan udalbatzaren parte-hartzea, hots, kabildo eklesiastikoarekin batera zinaren muina, desagertu dela ezkutatzen dute.

Alarde
Nahiz eta 2005eko Berdintasun Legeak arlo pribatuko ekintza baztertzaileak -areago, elkarteak berak- debekatu, Bidasoaldean ez da betetzen. Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak "bi aldeak banatzera" mugatzen da, praktikan baztertzaileen interesen alde eta berdinzaleen ikusgaitasuna areagotuz. Segregazioak indarkeria gutxitu du, ez ezabatu, eta berez arazoak ebazteke dirau.