Jaialdiak-Ekimenak

Hondarribiko alardea

Hogeita Hamar Urteko gerraren europar testuinguruan kokatu behar da setioa. Muga zaintzeko eginbeharra zuen kostaldeko hiribildua etsaien esku geratu ez izanak ez zuen galarazi frantsesek Nafarroako Bera eta Gipuzkoako Irun, Errenteria, Pasaia erre eta zakuratzea, ez eta itsasoan Laredoraino nagusitzea ere; baina bertako gizon-emakumeek bonbardaketa gogorrari eusteak oihartzun handia eman zion hiribilduari erresuma osoan.

Erregek ziutate titulua ere eskaini zion, eta Hondarribiak, diru-laguntzez gain, Irunek harengandik askatzeko eta udalerri oso bat eratzeko asmoa bertan behera geratzea lortu zuen, Gipuzkoako beste hiribilduen eta herrien artean ia burutua zegoen prozesua eten zuelarik, XVIII. mendearen bigarren erdialdera arte. Hortaz, setioak garrantzi sinboliko handia izan zuen herri-nortasunaren eraikuntzan. Alardeak, ordea; hau da, prozesioaren ohorezko eskoltak, ez zuen aparteko sinbolismorik mendeetan zehar. Gerora hitzaren erabilera bikoitzak eta garaipen militar baten ospakizunak nominalismo arazoak ekarri arren, armadun haien presentzia prozesio batean ez zen justifikatzen udal alarde derrigorrezkoengatik edo garaipen militar bat ospatzeagatik. Izan ere, gainerako prozesio erlijioso edo bestelako ekitaldi folklorikoetan ere arruntak ziren armadunen ohorezko salbak.

Alarde
Alarde militarrak bilakatu ziren prozesioaren ohorezko eskolta, ez alderantziz. Gutxienez 1718tik, Ama Birijinaren omenezko prozesioaren baitan txertatuak ziren: derrigorrezkoak oraindik (parte hartzen ez zutenek isunak zituzten), baina garaipena ospatzea zuten helburu behinena. XIX.aren hasieran, derrigorrezko alardeak desagerturik, hitza esker oneko zina betetzeko prozesioaren ohorezko eskolta ez beste izendatzera mugatu zen.