Kontzeptua

Frankismoa

Frankismo izena Francisco Franco Bahamonde (1899-1975) espainiar militarrak zuzenduriko diktadurari (1936-1975) ematen zaio. Diktadura estatu kolpe batekin hasi zen, 1936ko uztailaren 18an, II Errepublikako erreforma sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalak geldiarazteko asmoz, eta urte horretako urriaren 1ean izendatua izan zen Franco kolpisten buruzagi nagusia, Generalísimo. Horrez geroztik erregimenaren egituratze prozesua indartu zen, lehendabizi gerra garaian, 1939ko apirila arte. Denboran zehar hainbat aldaketa izan bazuen ere, diktaduraren egitura politikoa Francoren heriotza arte mantendu zen, eta bera hil ondoren ere hainbat urtez mantendu dira egitura horretako aztarnak.

Diktadura hau Europako erregimen faxisten testuinguruan kokatu behar dugu, Italiako zein Alemaniako diktadurek emaniko sostenguagatik ez ezik, haiekin konpartituriko ezaugarri eta politika moldeengatik ere. Hala ere, II. Gerrate Mundiala bukatu zenean, erregimenak aldaketa gutxi batzuk eman zituen, praktikan baino gehiago diskurtsoan, bere burua Gerra Hotzaren logikan kokatu eta bizirauteko asmoz. Demokraziaren etsaitzat aurkeztetik "komunismoaren etsaitzat" aurkeztera pasatu zen, 1953an EE.BB.ekin sinaturiko ituna horren froga izanik.

Erregimenaren zutabe nagusia errepresioa izan zen, gehien bat gerra zein gerraosteko lehen urteotan. Osotara 150.000 lagun erailak izan ziren estatu osoan, 100.000 inguru gerra bitartean eta beste 50.000 gerra osteko urteotan. Preso kopuruak, gainera, mende osoko errekorra gainditu zuen gerra bukaerako urtean, 280.000ra ailegatuz, alegia, eta honi gehitu beharko zitzaion Langile Batailoietan zeuden 90.000 mila prisionero, gehi beste kontzentrazio eremuetan zeuden hainbat mila. Osotara 400.000 inguru lagun izan ziren giltzapeturik, eta beste hainbeste erbesteratuak.

Horrek ez du esan nahi, inolaz ere, errepresio hutsez gobernatu zuenik diktadore berriak. Erakunde sendoak sortu zituen, bere neurrikoak, eta politika ekonomikoari begira aldaketak egin behar izan zituen denbora aurrera joan ahala. Jarraian ikusiko dugun bezala, beldurra ez ezik, kontsentsuak ere lortu zituen erregimenak, aliatu sozial eta politikoak, bere jarrerarekin etekin nabariak atera zituztenak. Euskal Herriko kasuan, burgesia industriala eta lurjabe ertain eta handiak izan ziren horietako batzuk.

Sostengu politikoak antolatzeko, eta aldi berean kontrolpean izateko, tresna eraginkorra izan zen partidu bakarra, 1937an sorturiko FET y de las JONS izenekoa, bertan sartu zirelako familia politiko ezberdinak, karlistak, falangistak, edota eskuindar monarkikoak, diktadoreak haien gaineko oreka mantenduz bere botere pertsonala indartzeko. Horien artean karlistek indar handia zeukaten Euskal Herrian, eta sostengu hori ezinbestekoa izan zen hasiera batean egoera kontrolpean mantentzeko. Ordainean, gerra ondoko euskal erakundeotan, presentzia nabarmena izan zuten talde honetakoek, nahiz eta denborarekin hauetako batzuk erregimenarengandik aldendu.

Partidua ez ezik, bestelako erakundeak ere izan ziren erregimenaren oinarria: gorteak, diputazioak eta udalak. Hauek guztiak diktadorearen kontrolpean zeuden, beren kideak hautatzeko sistemari esker, erregimenak "demokrazia organikoa" izendaturikoa. Horiekin batera, ejertzitoa izan zen estatuaren zutabe nagusia, indarra ezartzeko ez ezik, kudeaketarako ere, hasierako urteotan asko izan baitziren ministerioak zuzendu zituzten militarrak. Erakunde hauek, gainera, estatuz kanpoko baina erregimenarekin lotura oso estuak izan zituen beste baten sostengua izan zuten, elizarena, alegia, estatuaren "nazional-katolizismoaren" politikak erlijioa zabaldu baitzuen bere jardun guztietara. Azken batean, horrela saritu zuen Francok elizak gerra hasieratik emaniko sostengua, gerra "gurutzada" saindutzat hartuz.

Denboran zehar ere aldaketak eman ziren erregimenaren hainbat aspektutan. Lehen hamarkada bereziki gogorra izan zen, errepresioa oso intentsua izan zelako, eta politika ekonomikoak geldialdia eta pobrezia zein gosea areagotu egin zuelako. 1950ko hamarkada arte ez zen lortu gerra aurreko Barne Produktu Gordina per capita berreskuratzea, hamarkada honetan aldaketa batzuk ematen hasi zirelako, ekonomia liberalizatze aldera. Garapenaren hamarkada, dena den, 1960koa izan zen, eta horretan espainiar zein euskal ekonomiek bat egin zuten Europa osoan ematen ari zen hazkunde azkarrarekin, industrializazio prozesua indartuz hainbat zonaldetan (Bizkaia eta Gipuzkoa, esaterako), eta industrializazio bera sortuz, gehien bat nekazalak ziren eskualdeotan (Araba eta Nafarroa, kasu). Azken urteotan, dena den, gatazkak areagotu egin ziren, oposizio politikoaren zein sindikalaren indartzearekin, kultur ekimen berriekin, eta ekonomia kapitalistak berriki jasaten ari zen krisi ekonomikoarekin. Honek guztiak erregimenaren iraupena eragotziko zuen diktadorearen heriotzaren ostean.