Kontzeptua

XX. mendeko euskal narratiba, edo Nazioaren memoria

Bernardo Atxaga idazleak (1951) ez zuen zalantzarik izan poema ezagun batean bi hauek konparatzean: euskal literatura eta, luzaroan lozorroan egon ostean, XX. mendean iratzartzea lortu zuen trikua (Atxaga, 1990). Gure literaturaren historiak bizi izandako arorik nabarmenena, hortaz, joan den mendean hasi zen. Lehenago, erlijio-testuak nagusi ziren literatura-produkzioa dugu, XIX. mendeko azken hamarkadan aldaketarako lehenengo zantzuak ageri zituena, betiere Lore Jokoen magalean eta 1876an foruak indargabetzean sortutako Pizkundearen altzoan. Orduantxe desagertu zen erlijioaren oinarrietan eraikitako eta osatutako obren nagusitasuna, orduantxe zabaldu zen literatura-generoen espektroa; gainera, literatura-genero berria sortu zen: eleberria.

Eleberriak nobela historiko-erromantikoa hartu zuen eredutzat, hain zuzen ere, nobela molde horren aldagai scottiarra, zehazki. Halako moldean idatzi zuten espainolez, kasurako, Francisco Navarro Villosladak edo Juan Venancio Araquistain autoreek. Testuinguru horretan argitaratu zen lehenengo euskal eleberria, 1897an hasita, zatika: Auñemendiko lorea, Domingo Agirrek idatzia; testu historiko-erromantikoa da, Navarro Villosladaren Amaya o los vascos en el siglo VIII testutik gertu dagoena. Domingo Agirreren eragina funtsezkoa izan zen euskal eleberriaren garapenean, Kresala (1906) eta Garoa (1912) eleberrietan ezarritako eredu kostunbristak XX. mendearen erdira arte iraun baitzuen. "Benetako" euskal eredu tradiziozkoen bizimodua islatu gura izan zuen Agirrek: baserria eta itsasoa. Ekintzarik gabeko eleberri-moldea da Agirrerena, ohitura-koadro askotarikoak irudikatzen dituena, hiru ardatzen inguruan eraikitako eleberri-moldea: fedea, abertzaletasuna eta euskalduntasuna. Narratzaile orojakileak kontatzen du istorioa.

Agirreren prosa mundu-ikuskera eta ideologia jakin batez blai zetorren, euskal abertzaletasunaz, Sabino Arana Goiriren (1865-1903) eskutik XIX. mendeko azken hamarkadan agertu zenaz. Aranaren abertzaletasuna mugimendu foruzalearen eta Aitorren leinu handiaren (Juaristi, 1987) oinordekoa da, hala sortu baitzuen euskal abertzaletasunak irudikatutako komunitatea (Anderson, 1991). Abertzaletasun gehientsuenak bezala, antzina-antzinatik datorren tradizio jatorrean sustengatzen da euskal abertzaletasuna ere (Bhabba, 1990: 45). Ordutik aurrera eta XX. mendearen erdira arte, euskal literaturaren egiteko nagusia Euskal Nazioaren eraikuntzari bere ekarpena egitea izan zen.

XX. mende hasieraren ostean, industrializazio-prozesu erraldoia etorri zen, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Hegoaldeko probintzietan egon zen ekonomia boomaren giroan ulertu behar ditugu hamarkada horietako immigrazioaren igoera eta demografia-hazkundea. Urte horietan sortu zen, halaber, Partido Socialista Obrero Español alderdia (1879) Bilbon. Gainera, Espainiak Lehenengo Mundu Gerran agertutako neutraltasunak, dudarik gabe, aldeko eragina izan zuen sasoiko ekonomia-egoeran. Oparoaldi hartan orotariko kultura-ekimenak sustatu ziren; kasurako, Euskal Filologiaren loraldia etorri zen R.M. Azkueren eta Julio Urkixoren eskutik. Azken horrek sortu zuen 1907an Revista Internacional de Estudios Vascos , RIEV, aldizkaria. Musikak bizi izandako susperraldia ere erabatekoa izan zen (horra hor Aita Donostia, Guridi, Usandizaga ... bezalako sortzaileak), bai eta euskal arkeologiak eta etnografiak bizi izandakoa ere (Telesforo de Aranzadi, J.M. Barandiaran ...). Ekimen horien guztien bidez herriaren gabezia handienetako bat ageri-agerian geratu zen: ez zegoen eliteko intelektualak formatzeko unibertsitaterik (Chueca, 2000: 392-393). Euskal Ikasketen Lehenengo Kongresua egitea, eta Sociedad de Estudios Vascos-Eusko Ikaskuntza erakundea eta Euskaltzaindia sortzea (denak ere 1918an) gabezia horri aurre emateko ahalegina izan ziren.

Miguel de Unamunok eta beste zenbait intelektualek euskararen adierazmen-gaitasunak jarri zituzten auzitan. Hala, dudarik gabe, egoera soziolinguistiko markatua agertzen da, besteren artean, euskara ofiziala ez delako eta penintsulan espainola jakitea derrigorrezkoa delako. Egia esatera, euskara gero eta baztertuago zegoen, eta nekazaritza-inguruetan zen nagusi. Bitartean, espainola sustatu zen, eta ez soilik hezkuntza formalean, ezpada inguru urbanoetan eta industrialetan ere. Inguruok espainoldun etorkin-uholde izugarria jaso zuten, gainera, XIX. mendeko azken herenean. Bi mundu horiek dira, hain zuzen ere, euskal abertzaletasunak elikatu zituen imajinarioaren eta estereotipoen erdi-erdian eraiki zirenak, literaturan zein bestelako adierazpide artistikoetan; adibidez, Arrue edo Zubiaurre anaien pinturan. Gauza bera esan liteke sasoiko opera-produkzioaren helburuari buruz; izan ere, Europako beste leku batzuetan legetxe, produkzioaren anbizioa nazio-opera eraikitzea izan zen. 1884an argitaratu zen lehen euskal opera, Serafin Baroja (1840-1912) libretistaren eskutik; Serafin Baroja Pio Baroja idazlearen aita izan zen. Bada, 1884 eta 1930 urteen bitartean sortutako 40 operen artean, honako titulu hauek nabarmendu daitezke: Jose Maria Usandizagaren Mendi Mendiyan (1909), Jesus Guridiren Amaya (1910) edo Charles ColinenMaitena (1909).

Agirreren ekarpenen ostean, euskal eleberriak egile hark utzitako lorratzei jarraitu zien. Horixe da Jose Manuel Etxeitaren (1842-1915) obraren kasua, esaterako. Haren eleberriak, Josecho (1909) eta Jayoterri maitia (1910), ohiturazko eleberriaren ildokoak dira, nahiz eta foiletoi-nobelaren eta abentura-nobelaren elementuak ere badituzten. Horietako bigarrenak, Jayoterri mattia eleberriak, artzain-talde baten bizimodua kontatzen du. Artzainak Ardibaso haran idilikoan bizi dira, baina Ameriketara emigratzera behartuta daude, haranak bizi duen ekonomia-egoera eskasa dela eta. Herriminak eta jaioterriaren minak itzularazten ditu Hego Ameriketako lurretan aberastu ondoren, eta "indiano" aberats itzultzen dira euren aberri maitera. Kontinente amerikarrak euskal literaturan XX. mende erdira arte izandako errepresentazio negatiboaren adibidea dugu eleberri hau. Ameriketara emigratu eta han fedea galtzeko arriskua dute euskaldunek; halaxe gertatzen da, hain zuzen ere, R. M. Azkueren Ardi galdua (1918) eleberriko protagonistaren kasuan. Bada, Amerika bizioa nagusi den lurralde legez irudikatzen da; bereziki, emakumeen grina salatzen da (esaterako, J.M. Hiribarrenen Montebideoko berriak -1853- lanean). Azkuerenarekin batera, gerraren aurreko ohiturazko eleberrien zerrendan gehitu beharrekoak dira Jean Barbier idazlearen Piarres (1926-29) eleberri folklorikoa eta Pierre Lhanderen (1857-1957) Mirentxu (1914) eta Yolanda (1921) nobelak.

Bestalde, aurrekoak baino anbizio txikiagokoa izanik ere, bada sasoi hartan euskal irakurleekin bat egitea lortu zuen genero bat: narrazio labur kostunbrista. Aurrekoak baino arrakastatsuagoa izan zen, gainera, irakurleen artean. Jean Etxepareren (1877-1935) kronikez ari gara, esaterako: Buruxkak (1910) eta Berebilez (1934), bai eta lehenago aipatutako narrazio laburren liburuez ere: Ebaristo Bustintza "Kirikiño" egilearen Abarrak (1918) eta Bigarren Abarrak (1930), zein Pedro Miguel Urruzunoren Ipuiak (1930) edo Gregorio Mujikaren Pernando Amezketarra. Bere ateraldi eta gertaerak (1927). Denei ere onartu behar zaie prosa arina garatu izanaren meritua; izan ere, jario puristatik harago ibili ziren, eta kontaketa tradizionalisten irakurle potentzialekin laster konektatu zuten, landa-eremuko irakurleekin, alegia. Horrez gainera, nabarmentzeko modukoa da garaiko literaturan emakumeek egindako ekarpena. Euretako hainbatek kolaboratu zuten 1876 eta 1936 artean sortu ziren 140 baino aldizkari gehiagotan. Horietako batzuk dira Rosario Artola (1869-1950), Tere Mujika (1888-1981), Julene Azpeitia (1988-1980), Katarine Eleizegi (1889-1963) eta Sorne Unzueta (1900-2005). Maite Nuñez Beteluk (2001) agertu zuen moduan, emakumeok erantzuten zioten euskal abertzaletasunak atxikitako sasoiko emakume-ama rolari: euren erantzukizuna fede katolikoaren eta euskararen transmisioa izan zen. Aipagarria da haietako asko Emakume Abertzale Batzako kideak ere izan zirela (Mercedes Ugalde 1993).

Euskal eleberriaz denaz bezainbatean, bederatzi urte igaro ziren gerraurreko azken lanak argitaratu zirenetik (Agustin Anabitarteren Usauri, 1929, eta Donostia, 1933, eta Tomas Agirreren Uztaro, 1937) 1946an Juan Antonio Irazustaren Joanixio Buenos Airesen, Ekin argitaletxean, agertu zen arte.

Espainiako Gerra Zibilak (1936-1939) eragin tamalgarriak izan zituen euskal literaturaren produkzioan. Hildakoen eta erbesteratuen zerrenda luzearen atzetik irabazleen bandoak ezarritako errepresioa etorri zen. Euskal izenak debekatu zireneko sasoiaz ari gara, hilerrietako hilobietan euskal hitzak izkiriatzea galarazita zegoen garaiaz. Sasoi hartan kalean, administrazioan, kulturan... zentsura gauzatu zuen frankismoak. Esan izan da gerra osteko belaunaldia belaunaldi garrantzitsuenetako bat izan zela euskal literaturan, garai hartan gehien behar zena eman baitzuten: jarraipena. Gehien landutako generoa poesia izan zen, besteak beste, askoz errazagoa zelako olerki solteak argitaratzea, eta ez bilduma osoak; gainera, 1940-1950 tartean ia ezinezkoa zen edizio-jarduerak erabat normalizatzea.

Edonola ere, ez lehenago aipatutako Irazustaren eleberriak, ez eta Jose Eizagirreren (1881-1948) Ekaitzpean (1948) eleberriak ere, ez dute jasotzen euskal erbesteratuen drama eta haren laztasuna. Erbestea modu anekdotikoan baino ez zen agertu euskal eleberrigintzan, ez zuen narrazioan ez haren azpiko ikuspegi manikeoan eragin, Martin Ugalderen (1921-2004) eleberriak iritsi ziren arte. Nabarmentzekoa da Ugaldek nola asmatu zuen Itzulera baten istorioa (1989) narratzean. Erbesteratuen alaba da nobelako protagonista, eta alienaturik geratzen da Euskal Herrira egingo duen bidaiaren ondoren, nazio bien arteko nortasun hibridoan.

Gerra Zibilaren ostean, penintsulan argitaratutako lehenengo eleberria ez zen 1950era arte iritsi. Jon Etxaideren (1920-1998) Alos Torrea lanaz ari gara; egile emankorra izan zen Etxaide, bai eta Barojaren euskaratzailea ere. Beste eleberri hauek ere argitaratu zituen: Joanak joan (1955) eta Gorrotoa lege (1964). Horietan, zenbait pasiok baino ez dute (eta parte batean soilik) ohiturazko eleberriek irudikatutako mundu idilikoa eteten. Bestalde, hor dugu Jose Antonio Loidi (1916-1999) ere, zeinak sasoiko eleberriaren panoraman berritasun zenbait ekarri baitzituen Amabost egun Urgain'en eleberriarekin: euskaraz idatzitako lehenengo polizia-eleberria izan zen huraxe.