Kontzeptua

Euskal haur eta gazte literatura

1960ko hamarkadaren hasieran euskal Haur eta Gazte Literaturaren baitan hainbat aldaketa garrantzitsu jazo ziren; alde batetik ikastolen mugimendua hazten hasi zen, ikastegi onartuak baina ez guztiz legalak ziren horietan irakaskuntza euskaraz egiten zen. Ikastetxe hauek material didaktiko eta euskarazko irakurgaiak behar zituzten, eta horrela haurrentzako obren benetako eragile eta kontsumitzaile bilakatu ziren.

Bestaldetik literaturaren kontzepzioan, irakurketa atseginen eskaini nahi izan horretan Marijane Minaberryren figura dugu. Sortzez Bankakoa (Nafarroa Beherea) zen idazle honen liburuek Haur eta Gazte Literaturari hasiera eman ziotela esan dezakegu.

Marijane Minaberryk bere lehen haur lana 1961ean argitara eman zuen, Marigorri, ipuin ezagun baten bertsioa; baina 1963az geroztik, Itchulingo anderea... liburuan bildutako ipuinekin eta bi urte geroago argitaratutako Xoria kantari izeneko poemekin, idazle honek lehen urratsak egin zituen plazerrezko eta entretenimenduzko irakurtzea bilatzen. Minaberryk abiarazi zuen euskarazko haur literatura, izan ere bere obran asmo moralizantea, hizkuntza zaindua... badago ere, garbi ikusten da egilearen asmo nagusia kontakizuna bera dela, helburu estetikoa dela garrantzitsuena. Eta asmo hori areagotu egiten da Xoria kantari izeneko liburuan. Argitalpenak 23 poema dakartza eta horietako zazpiren letra kanta ezagunetan erabili ziren 1997an Oskorri folk taldeak argitara eman zuen "Marijane kantazan" diskoan.

Ipurbeltz

Marijanek, baina, ez zuen eragin handirik izan euskal haur literaturan, momentuko koiuntura sozio-politikoaren ondorioz edo agian egilearen euskalkia eta irakurle potentzial handia elkarrengandik oso urrun zirelako. Hegoaldeko lau probintzietan bizi zen giro politiko berriak bidea eman zion nobela historikoen sail bati, eta honen bidez ideia nazionalistak, hainbat urtez jazarrita egon ondoren, berpiztu nahi ziren. Urte batzuk geroago ere, Gillermo Tellen itzulpenean, 1976an argitaratua, ondoko hitzak ageri ziren kontrazalean: "Gillermo Tell liburuak dakarren historia mendi arteko herrixka bateko kontakizuna da; hango abertzaleek nahi izan zuten herri hura askatasun bidean jarri".

Marijan Minaberryrengandik 1975era badira hainbat aldaketa, hala nola, pedagogia sortzailea, Freineten ideiak, argitaletxe berrien presentzia (batzuetan Euskal Herritik at egonik euskaraz eta euskal kulturan eraginik izan zutenak; Catalunyako La Galera, kasu), eta abar. Baina euskarazko literaturan gertaerarik nabarmentzekotan, "Kimu" sailaren sorrera izango litzateke, Mensajero argitaletxe erlijiosoak plazaratua. Sail horretako lehenengo obrek irakurlea heztea bilatzen dute. Argitaletxe honen eskutik argitara eman ziren lan dibulgatiboak (literaturaren historiari buruzko liburuak, adibidez), hainbat nobela historiko (Amaia, Antso Gartzeiz, Eneko Haritza, Harkaitz elurra ari zueneko haurra,...), Lurdes Iriondok idatzitako antzezlanak, ikastetxeetan taularatzeko eginak (Martin Arotza eta Jaun Deabrua eta Sendagile Maltzurra, 1973; Buruntza azpian, 1979), baita hainbat ikastolatako haur eta gazteek idatzitako ipuin eta poemak ere.

Francoren heriotzaren ondoren hegoaldeko gizartean hainbat aldaketa politiko, baina batik bat sozial, jazo ziren. Aldaketa hauen adibide dira, besteak beste, Euskaltzaindiak antolatu zituen euskararen aldeko kanpainak edo askatasunaren aldeko ibilaldia, milioi erdi lagun bildu zituena.

Ikastoletan ikasle matrikulatuen kopuruak izugarri egin zuen gora. 1970ean 11.885 haur baldin baziren ikastoletan matrikulatuak, 1974an ia-ia 27.000 eta 1980ean 65.000 izan ziren. Gainera 1979an Elebitasun dekretua plazaratu zen, euskararen irakaskuntza ikastetxeetan arautzen zuena. Bestalde, Euskaltzaindiaren eskutik sortutako Alfabetatzeko Koordinakundean gero eta heldu gehiago matrikulatzeak (45.000 lagun) eragin zuen erakunde horrek ezin guztiei erantzutea eta helduen alfabetatze erakundeen sorrera.

Haur eta Gazte Literaturak ere bizi du aldaketa eta berpizte egoera hau. Gero eta irakurketa liburu gehiago eskatzen ziren, eskaera izugarri handitu zen, eskaintza, aldiz, ez zen egokia, argitaletxeen azpiegitura oso ahula baitzen. Gainera, garai horretan espainiar estatuko hainbat argitaletxek euren liburuak estatuko lau hizkuntzetan itzultzeari ekin zioten, baina euskarari dagokionez arrakasta handirik gabe, itzulpenak zaindu gabeak baitziren, haurrentzako hizkuntza desegokia, zabalkunde gutxikoak, eta abar.

1970eko hamarkadaren amaieran hiru euskal argitaletxe garrantzitsu jaio ziren Haur eta Gazte Literaturan, eta hauei esker sektorea eratzen hasi zen. Hordago izeneko argitaletxeak, zenbait urtez liburu politiko arrakastatsuak plazaratzen ibili ondoren, "Tximista " bildumari ekin zion, eta denbora gutxitan literatura unibertsaleko 40 liburu argitara eman zituen (euskaraz jatorrizko bost liburu argitaratu ziren bakarrik, Txomin Peillenen hiru liburu eta J. Etxaideren bi obra). Baina handik gutxira, argitaletxeak porrot egin eta desagertu egin zen. Elkar eta Erein argitaletxeek 1980az geroztik Haur eta Gazte Literatura bultzatzeari ekin zioten. Bi argitaletxe horiek hastapenetan haur liburuei bultza egin zieten, bai literaturaren, bai testu liburuen arloan. Erein argitaletxeak, gainera, 1979an Ipurbeltz aldizkaria sortu zuen, eta urte horretan bertan argitaratutako Kili-Kilirekin (1966an Jose Antonio Retolazak zenbakiren bat argitaratua zuen baina zentsuratua izan zen) batera, bilakatu zen haurrentzako euskarazko aldizkari moderno.

Aldaketa politikoek, hezkuntzan jazotako iraultzak, argitaletxeen politika berriek eta sortzaileen nahiz kontsumitzaileen aldetik etorritako aldaketek euskal haur literatura modernoaren hasiera markatu zuten garai horretan.