Kontzeptua

Errebonbiloak

Bizkaian existitu zen egitura militarrari so eginez, herri bakoitzean bertako biztanleek prest egon behar zuten Jaurerria babestera joateko. Horren ordainean ez zuten soldatarik hartzen, Foruetan jasota dagoen bezala, baldin eta ez bazen gainditzen

"Luiaondoko matalo zuhaitza".

(Itzulpena gazteleratik moldatua).

Gauzak horrela, biztanle bakoitzak bere arma eduki behar zuen eta herriko agintari militarren esanetara zegoen. Orokorrean, agintari militarrak udaletxeko kideak izaten ziren, gehienetan alkatea kapitaina izanik eta beste lagunek alferez eta sarjentu karguak hartuz. Denak Jaurerriko Batzar Nagusien aginduetara zeuden. Izan ere, horien aginduz herritarrek dena prest eduki behar zuten armamentua, bolbora, balak eta soken hornidurari zegokionez. Era berean, arma erakustaldiak eta alardeak egiteko agintzen zieten. Urteko bi momentutan egiten zituzten: maiatzean Santa Cruzen eta irailean San Migel garaian, 1597an agertzen den moduan adibidez. Etsaia gertu zegoenean ere, beharrezkoa bazen, alardeak egiteko ohitura zuten.

Horri dagokionez bi egoera ezberdin eman daitezke: alde batetik, zerrenda, eta bestetik, armen alardea. Lehendabizikoan herritarrek dituzten armen zerrenda baino ez da egiten. Kontserbatu diren udaletako dokumentu askotan mota honetako zerrendak sarritan agertzen dira. Bigarrenean, aldiz, herritar guztiak beren armekin bildu eta ariketak egiten zituzten. Batzuetan tiro-ariketetan abilezia gehien erakusten zuenari sariak ematen zizkioten. Irakasleak herriko soldadu zaharrak ziren. Beste batzuetan aldiz, zeregin horretarako prestatutako pertsonak kontratatzen zituzten. Halaber, garai hartan prest zeuden 'soldaduen' desfile txikiak antolatzen zituzten. Gerora Elorriora anexionatutako Etxebarriko San Agustin elizatean adibidez, 1597an alarde orokorra antolatu zuten, herritar guztiak bilduz:

"Jaunaren San Agustin eliza dohatsuaren inguruko landatik eta hariztitik ibili ziren, bi eta bi, binaka, denak batera gerrarako prest".1

(Itzulpena gazteleratik moldatua).

Herritar guztiek parte hartzen zuten alarde nagusi horietatik aparte, Elorrion izaera orokorra ez duen beste alarde bat aurkitzen dugu. 1575ean, hiribilduko kapareen/nobleen zerrenda eta patroia egin zuten, liburu batean guztien datuak eta arau guztiak jasota utziz. Aipatutako arauen 9. artikuluan agintzen den legez, urtero San Joan inguruan hiribilduko kaleetatik armekin ibili behar omen zuten alardea eginez,

"pika eta ezpata, edo ezpata edo arkabuza, gudara joateko moduan".2

(Itzulpena gazteleratik moldatua).

Kontuan izan behar da garai hartan hiribilduko jairik garrantzitsuena San Joan eguna zela. Hori dela eta, alarde horrek santuaren festa goresten lagunduko zuela uste dugu. Udal kontuetan aipatutako beste elementu batzuk bezala, ezin zen falta dantzarien taldea esaterako. Ezin dugu jakin San Joan eguneko alarde horrek zenbateko iraupena izan zuen, ez baitago hori ziurtatzeko bestelako daturik.

Garai batzuetan, herri eta hiri garrantzitsu askotan ongietorrietan eta omenaldietan armatutako jendearen erakustaldi horiek antolatzen hasi ziren, dagozkien salbak eta guzti. Gauzak horrela, 1615eko Elorrioko hiribilduko udal kontuetan honako aipamen ahu dago jasota:

"hiribildu honetatik Kalagorriko apezpikuari harrera egitera ateratako soldaduen eta arkabuzarien gastua".3

(Itzulpena gazteleratik moldatua).

Beste hainbat lekutan bildutako dokumentuen arabera prozesio egunetan, gehienetan Corpus eguneko prozezioetan, alardeak ere antolatzen zituzten.

Elorrion, duela urte asko, Errosario eguneko prozesioan alrdea egiten hasi ziren. Ezin dugu data zehaztu, baina argi dago festa ospatzen hasi ostean izan zela. Jai honetan 1571n Lepanton turkiarren aurrean lortutako garaipena ospatzen da. Pio V.a Aita Santua armada kristauaren formazioaren bultzatzaileetako bat izan zen. Haren arabera, garaipena Maria Ama Birjinaren bitartekotza miragarriari esker lortu zuten, eta azkenean Arrosarioaren Ama Birjina titulua ematea erabaki zuen, urtero, urriko lehen igandean, bere omenezko festa bat ospatuz.



Mende horretako amaieran kofradiak sortzen joan ziren, arrosarioaren errezoarekin konpromisoa hartutako eliztarrak bilduz. Durangokoa 1595ean sortu zen eta Elorriokoa garai hartan sortu zela pentsa daiteke. Azken horri buruz, 1702ko liburu bat dago, aurreko estatusak berritzen zirela esanez, baina ez dira datak zehazten. Liburuan ere, kofradiakideek urriko lehen igandean kaleetatik ahalik eta espiritualtasunik handienarekin prozesio bat egiteko konpromisoa hartzen zutela jasotzen da. Armadun pertsona batzuek prozesioarekin bat egiten dute, beren deskargekin Ama Birjina omentzeko, baina elizaren liburuetan ez dago hori noiztik egiten zen jasota. Gauzak horrela, ezin dugu "Errebonbiloak" noiztik parte-hartzen duten zehaztu. Gertuko hiribildu batean, Durangon, 1740ko udal-akta bat aurkitzen dugu. Bertan Arrosarioaren prozesioan fusilarien parte hartzea adosten zen. Ehun gizonek eskopetak edo fusilak erabiliko zituzten prozesioan deskarga egiteko, urte horretan zera agertuz:

"eta hurrengoetan betiko".4

(Itzulpena gazteleratik moldatua).

Urte asko igaro eta gero, prozesioa ospatzeari utzi zioten.

Elorrion ez ditugu mota horretako erreferentziarik topatzen. Hiribildu honetan prozesioa antolatzea Arrosarioaren Kofradiari zegokion, ez udalari, eta haren liburuetan ez dituzte ekintza horiek zehazten. Bestalde, prozesioaren kostuak ez ziren oso handiak eta Kofradiak bere gain hartzen zituen, gizon armatuen ardurari zegozkionak izan ezik. Gastu horiei prozesioaren maiordomoak aurre egiten zien, eta hark ez zituen konturik aurkezten. Prozesioko gizon armatuei buruzko lehen aipamena 1860ko udal-ordainagiri batean aurkitu dugu. Udalak prozesiora armaturik joandako hamabi gazteengatik eta gastatutako bolboragatik ordaintzen du. Hurrengo urtean udalak kostuak berriz ordaintzen ditu,

"Arrosarioaren maiordomorik ez dagoelako".5

(Itzulpena gazteleratik moldatua).

gizon armatuen parte-hartzearen ohitura oso zaharra delako egiten dela gaineratuz.

1883an El Noticiero Bilbaíno egunkarian agertutako artikulu batean, Leon Capelasteguik festaren eta eskopetadun gizonen parte-hartzeari buruzko deskribapen oso interesgarria egiten du6. Azken gudara arte irakaslea eta buruzagi petoa 1833ko gerra karlistako beterano bat izan zela esanez hasten da. Laurogei urte baino gehiagoko gizonak bere ezpata bazter batean zorroan sartuta tristuraz ikusten du, gizon gazteagoek ordezkatzen dutela ere inpotentziaz ikusten duen bezala. Artikulu horretan gizon armatuen parte hartzea definitzeko "Errebonbillo" hitza lehen aldiz aurkitu dugu.

Jaiaren hasiera Lepantoko batailarekin lotzen du, eta partaidetza horri buruzko hausnarketak egiterakoan, gizonezkoek borrokaldi hura gogora ekartzeko asmoz sortu zutela esaten du. Bere ustez, erabilitako jantziek -berez gaur egungoen antzekoak ziren-, hori ekartzen zuten gogora, baina testuan partaideak pertsona gazteak eta alaiak zirela dio. Seriotasuna eta dotorezia lehengo jantziek baino ez dute jartzen. Gai honi buruz beste batek alarde hura nobleen semeek lehendik ospatzen zutena izan daitekeela dio, kasu honetan Arrosarioaren prozesioarekin bat eginda. Beste aukera bat tradizioa Lepantoko batailan borrokatutako elorriotarrek sortzea izan daiteke. Azkenean ez daki ziur gogoeta horietatik zuzena zein izan daitekeen. Ahozko tradizio baten arabera, aipatutako batailan egondako Amandarro familiako hainbat semek Elorriora bueltatzerakoan Arrosarioaren prozesioa ikusi eta berarekin bat egin zuten, beren arkabuzekin deskarga batzuk eginez. Errebonbiloak horrela sortu omen ziren. Baina ez dirudi hori gerta zitekeenik, prozesioa antolatzen duen kofradia urte batzuk geroago sortu baitzen, eta kofradiak garrantzi pixka bat izan arte beste hainbat urte pasatuko zirelako. Hala ere, bataila hura gertatu zenean Elorrion jaiotako Amandarro familiako hainbat seme bizi zirela egia da, arestian aipatutako 1575eko aitorren semeen matrikulan eta patroian ageri direlako.

Mende bukaeran, 1891n, kofradiako kontuak eta elizaren kontu orokorrak bereiztea erabaki zuten. Maiordomoak aurkeztutako kontu horietan Errebonbiloen inguruko urteroko datuak topatzen ditugu7. 1892an egindako akordioan, beste gastu batzuen artean, emandako afaria ere aipatzen dute hots,

"Lepantoko batailaren oroitzapenean uniforme militarra jantzi eta eskopetarekin hainbat deskarga egiten dituzten gizonei".

(Itzulpena gazteleratik moldatua).

Data horretatik kontu-liburua 1961ean amaitu arte, prozesioan izandako gertakari batzuk eta urtero konpainia zuzentzen zuten kapitainen izenak jaso zituzten. Parte hartzaileei emandako afariaren gastuak aipatzerakoan, orokorrean maiordomoaren kontu partikularreko gastuak direla zehazten da. Maiordomorik ez zegoen urteetan udala gastuaren kargu egiten zen.

1926an, Euskalerriaren Alde aldizkarian Nemesio Lazcanok festari buruz egindako beste deskribapen bat aurkitzen dugu, hein handi batean gaur egun ikus daitekeenarekin bat datorrena8. Zera idatzi zuen:

"Erre-bonbilloak, elorriotarrarek dioten moduan, adin eta era guztietako hamabi edo hamalau gizonek osatutako talde bat da. Antzinako usadioen arabera soldaduz jantzita, lebita eta hiru puntako txapelarekin, kapitainaren ordenak jarraitzen dituzte. Aurretik danbolin-jole klasikoak dituztela, herritik zehar ibiltzen dira adostutako lekuetan salba zaratatsuak botaz. Zalantzarik gabe, salba hauek botatzen dituztenean ezaugarri duten izenaren jatorri etimologikoa aurkitu behar dugu".

(Itzulpena gazteleratik moldatua).

Prozesioa egiten den urriko lehen igandea baino egun batzuk lehenago, eman beharreko pausuak eta armen erabilera entseatzen dute. Bestalde, duela urte batzuetatik hona, udalak beharrezko jantziak, eskopetak eta kartutxoak prestatzen ditu, armatuen parte hartzearen ardura bere gain hartzen baitu.

Jaiaren egunean goizaldeko lauretan edo bostetan, bata bestearen atzetik lerro zuzenean formatuz, aurretik danbolin-joleak dituztela, hiribilduan barrena ibiltzen dira, dianarekin eta salbekin egun handia heldu dela aldarrikatuz. Lehen irteera honetan ohiko jantziekin doaz. Arratsaldean, elizan bezperak bukatu eta gero, lau gizonek Arrosarioaren Ama Birjinaren imajina hartu eta elizatik irteten dira prozesioari hasiera emanez. Aldi berean, armatuak udaletxetik praka grisak, zapata beltzak, alkandora zuria, paparreko parpaila zuria eta fraka jantzita, eta eskuetan eskopeta eta buruan bi puntako txapela dutela irten eta plazako ipar-mendebaldeko espaloian jartzen dira. Kapitainak, praka zuriak jantzita eta eskuan ezpata daramala, beharrezko aginduak eman eta irudia armatuen formazioaren aurretik pasatzerakoan lehen salba entzuten da. Danbolindariak aurretik dituztela, Errebonbiloak kaleetan zehar ibiltzen dira prozesioari aurrea hartuta, Ama Birjina pasatzen den hainbat lekuetan salba gehiago jaurtiz. Azken salba enparantzan da berriz ere, imajina elizan sartu aurretik.

Prozesioa amaitu ondoren, goizaldean hiribilduko kaleetan zehar egindako ibilbidea errepikatzen dute, salba gehiago botaz. Plazara heltzerakoan, armak udaletxean utzi eta Aurresku tradizionala dantzatzera ateratzen dira. Dantza Kapitainak zuzentzen du eta konpartsa armatuko beste kide guztiek parte hartzen dute. Momentu batean banan-banan 'pasamanoa' delakoa dantzatzen dute, udaletxeko balkoitik jaurtitako salbak entzuten diren bitartean. Azkenik, enparantzan dauden emakumerik garrantzitsuenak dantzatzera atera eta gizonek haien aurrean dantzatzen dute, lehendabizi aurreskulariak, ondoren atzeskulariak eta azkenik beste guztiek.

Musika txistulari banda baten ardura da. Herrialdeko beste alarde batzuetan, Irunen edo Hondarribian esaterako, entzuten den antzeko melodia berezia jotzen dute. Musika horrek erakustaldi militarretan erabilitako txirula tradizional zaharren soinua gogora ekartzen du.

Lehen Kofradiako maiordomoak oparitzen zien afaria gaur egun udalaren kontura doa. Normalean ez da jaiaren egunean bertan izaten, hurrengo batean baizik. Era berean, gaur egun emakumeak konpainia armatuko kideak direla ere ikus dezakegu. Horiek gizonezkoen jantzi berberak janzteaz gain, gizonen eginkizun berberak dituzte, Aurreskuan ere parte hartzen dutelarik.

1ELORRIOKO UDAL-AGIRITEGIA. 289. karpeta. 3788. paper-sorta.

2PAGADIGORRIA MUGICA, Santos. "Matrícula y Padrón de los Caballeros hijosdalgo de esta Muy Noble y Muy Leal Villa de Elorrio-1575-1831. J.C.deV. 1965.

3ELORRIOKO UDAL-AGIRITEGIA. 159. karpeta. 1988. paper-sorta.

4DURANGOKO HIRIBILDUKO ARTXIBO HISTORIKOA. 8. kontu-liburua (1653-1705).

5ELORRIOKO UDAL-AGIRITEGIA - Dip. Forala. 139. karpeta. 1814. paper-sorta. 1861eko kontuak -7. karpeta - zordunketak.

6CAPELASTEGUI, León. "El Errebombillo en Elorrio". El Noticiero Bilbaíno. IV. urtea. 1883ko urriak 8, astelehena.

7ELORRIOKO SORTZE GARBIAREN PARROKIA. Libro de la Cofradía del Rosario. 1902-1963 kontuak. Sig. 11-1. B.E.H.A.-Derio.

8LAZCANO, Nemesio. "Los Erre-bombillos de Elorrio". Euskalerriaren Alde. XVI. liburukia. 1926. urtea, 381. or.