Kontzeptua

Euskal soziolinguistika

Soziolinguistika Klusterraren lankidetzarekin eta gidaritzapean

Soziolinguistika definitzea ez da lan erraza. Asko idatzi eta eztabaidatu da zientzia honen zereginen eta ikerketen helburuen inguruan. Erratu gabe esan daiteke gizartearen eta hizkuntzaren arteko elkarreragina aztertzen duela. Arazoa aztertzailearen kokalekuan eta azterketaren ikuspegian dago: gizarteari, hiztunari ala hizkuntzari begira egiten den.

Modu ugari daude elkarri gauzak adierazteko. Pertsona batek aurrean duenari paretik kentzeko agintzeko, bero dela adierazteko edo zerbait ez zaiola gustatzen erakusteko, nahikoa du eskuaren mugimendu bat, soinu bat edo imintzioren bat egitea. Hartzaileak mezua jaso eta barneratzean komunikazioa gauzatu egiten da. Animalia gehienek ere badute gaitasun hori, modu batean edo bestean. Ezagunak dira, besteak beste, tximinoen komunikatzeko moduak, erleen dantza edo izurdeen soinu bidezko komunikazio-moldeak.

Gaitasun horri lengoaia esaten zaio. Komunikatzeko gaitasuna da, hain zuzen ere. Gizakiaren barneko gaitasuntzat hartua izan bada ere, soziolinguistikaren ikuspegitik, portaera sozialtzat hartzen da. Izan ere, komunikaziorako gaitasuna talde-bizitzaren ondorio zuzena da.

Gizakiak badu, beraz, sinboloak sortu eta erabiltzeko ahalmena; hots, irudi, keinu ala soinu bat, beste objektu, ekintza edo ideia baten adierazle moduan erabiltzen du. Semaforoak, trafiko-seinaleak, keinuak eta hizkuntza bera dira adibide garbiak. Semiologiaren ikerketa-eremua dugu hau. Hizkuntzaz gaindiko komunikazioak ere ikerketa asko ekarri ditu, adibidez, keinuei loturikoak. Esate baterako, burua esker-eskuin mugitzeak herri gehienetan ezetz esan nahi badu ere, beste zenbaitetan baietz esateko erabiltzen da.

Lengoaiari buruz, asko idatzi eta ikertu da eta terminologia arazoak ere izan dira; izan ere, lengoaia hitza sarri erabili izan da hizkuntza naturalei erreferentzia egiteko. Hala ere, Ferdinand de Saussure suitzarrak (1857-1913), hizkuntzalaritza modernoaren sortzaileak, hizkuntza (langue) eta lengoaia (language) bereizi zituen. Lengoaia komunikatzeko giza gaitasuna da. Hizkuntza, berriz, gaitasun hori gauzatzearen ondorioa. Hizkuntzari izaera soziala onartu zion, nahiz eta, aurrerago ikusiko den bezala, bere azterketan ez zuen hizkuntzaren alderdi soziala kontuan hartu, sistematikoa baizik.

Gaur egun hiru lengoaia-mota bereizten ditugu: animalien lengoaia, lengoaia formalak eta giza lengoaia.

Animalien lengoaia ikusmena, entzumena eta usaimena baliatuz sortutako seinaleen bidezko komunikazioa da. Seinale hauek zeinu-funtzioa betetzen dute; izan ere, beste elementu bati erreferentzia egiteko erabiltzen dira.

Lengoaia formalak gizakiak asmatutako sistema artifizialak dira (lengoaia artifizialak ere esaten zaie), matematiketan eta programazio informatikoetarako oso erabiliak. Giza hizkuntzaren ezaugarri batzuk dituzte, baina ez guztiak. Hitz- edo zeinu-kopuru mugatua duten sistemak dira. Gainera, modu jakin batean elkarlotzen dira, nolabaiteko gramatika baten arabera.

Giza lengoaia zeinuen bitartez, eta batez ere zeinu linguistikoen bitartez komunikatzeko gaitasuna da. Lengoaia abstrakziorako, kontzeptualizaziorako eta komunikaziorako zaigu baliagarria. Lengoaia natural ere deitua izan da, batez ere lengoaia formaletatik bereizteko.

Charles F. Hockett-ek (Hockett, 1960), animalien eta gizakien arteko komunikazio-moduak aztertu zituen ikertzaileak, hizkuntza naturalei 15 ezaugarri egotzi zizkien. Horietako batzuk beste bi lengoaia-motek ere betetzen dituzte, baina lengoaia naturalek guztiak betetzen dituzte. Hona zer den hizkuntza naturala:

  1. Nagusiki ahoz sortu eta entzumen bidez jasotzen da.
  2. Mezua airera hedatua bada ere, hartzaile jakin bati zuzenduta dago eta berak nondik datorren identifikatzen du.
  3. Iheskortasuna: giza mezua galdu egiten da, ez da denboran eta espazioan luzatzen.
  4. Hiztunak igorle eta hartzaile izateko aukera du.
  5. Hiztunak bere burua entzuteko gaitasuna du.
  6. Giza gorputzeko atalak hizkuntzarako doituta daude.
  7. Semantikotasuna: zeinuek adierazi jakina, zehatza dute.
  8. Arbitrariotasuna: zeinuan, adierazleak eta adieraziak ez dute lotura zuzenik, hau da, kontzeptu baten eta bera adierazteko erabilitako kate fonikoa erabat independenteak dira.
  9. Unitateak bana daitezke eta elkarrengandik independenteak dira.
  10. Beste leku eta une bateko elementuei erreferentzia egiteko aukera du.
  11. Artikulazio bikoitza. Deklinabiderako eta eratorpenerako aukera ematen du.
  12. Sortzailetasuna: hiztunak sekula entzun gabeko esaldiak egiteko gaitasuna du.
  13. Kultura bidez transmititua da eta kulturaren transmisioan funtsezko papera betetzen du.
  14. Hiztunak gezurra esateko gaitasuna du.
  15. Funtzio metalinguistikoa: hiztunak hizkuntzaz hitz egiteko gaitasuna du.

Beraz, hizkuntza da, batez ere, animaliengandik bereizten gaituena. Gizakia izaki komunikatzailea da. Elkarrekin komunikatzeko dugun sistema egituratuak gure espezieak izan duen garapena ahalbidetu du. Gizakiok ezagutzaren zein informazioaren transmisiorako eta elkarreraginerako dugun gaitasun handia hizkuntzei zor diegu. Izan ere, zeinu-kopuru mugatu baten bitartez mugagabeko enuntziatuak egin ditzakegu eta, gainera, informazio hori gorde eta transmiti dezakegu, idazmenaren bitartez lehen eta teknologia berriei esker azken hamarkadetan.

Baina hizkuntzak, komunikazio bide izateaz gain, pentsamendua egituratzea ahalbidetzen du eta errealitatea interpretatu eta barneratzeko ezinbesteko baliabidea ere bada. Horrez gain, pertsonen gizarteratzea errazten du eta, ondorioz, nortasunaren garapenean ere leku garrantzitsua hartzen du.

Hizkuntza da edozein gizartetan gertatzen den adostasun mailarik altuena. Beste mota bateko adostasunekin batera (ekonomia, artea, gizarte antolaketa edo mitologia) kulturaren parte da. Kultura, beraz, hizkuntzari lotuta dago eta hizkuntza kulturari. Zentzu horretan, gizarteetan gertatzen diren aldaketak hizkuntzetan islatzen dira. Ondorioz, hitzak agertu eta desagertu egiten dira, esanahiak aldatu... Era berean, hiztun guztiek ez dute hizkuntza berdin erabiltzen. Zaharrek eta gazteek, medikuek eta irakasleek, modernoek eta tradizionalek... ez dute berdin hitz egiten. Gainera irakasleek ere ez dute berdin hitz egiten lanean ari direnean edo tabernan lagunekin daudenean; ezta herri batean edo beste batean daudenean ere, bertakoek ere ezberdin hitz egiten dute eta.

Hizkuntzen jatorriei buruz ere ikerketa ugari egon dira eta teoria nagusi bi daude: monogenesia eta poligenesia. Lehenengoaren arabera, hizkuntza guztiak lehen hizkuntza batetik sortu ziren. Bigarrenaren aldekoek, aldiz, hizkuntzak gizakia Afrikatik abiatuta sakabanatu ondoren sortu zirela defendatzen dute.

Guztiak sorburu bera izan nahiz aldi berean sortutako hizkuntzetatik eratorri, hizkuntzak biziak dira eta aldatuz joaten dira urteetan zehar, berriak sortuz eta elkarrekin nahasiz, gizarte eta kultura ezberdinak, arrazoi ezberdinak tarteko, nahastuz joan diren heinean.

Egun 5.000 eta 6.000 hizkuntza artean dira munduan, zenbatzea zaila bada ere. Hizkuntzak hiztun taldeen komunikaziorako eta antolaketarako tresna dira eta talde hauek elkarren artean harremanetan izaten dira. Bakanak dira oraindik ere isolaturik bizi diren taldeak. Harreman horiek gehienetan ez dira orekatuak izaten eta indar erlazioa zein den, hizkuntza batek esparru handiagoa hartuko du eta besteak galdu. Hiztun askok euren hizkuntza utzi eta bestea hartuko dute, edo seme-alabei bestea irakatsiko diete. Txarrenean, hizkuntzak indarrez atzeratzen dira. Aniztasunaren kalterako, hizkuntza asko betiko galdu dira azken hamarkadetan eta askoz ere gehiago galduko omen dira datozenotan. Soziolinguistikaren zeregina bada joera hori ekiditeko neurriak bilatzen laguntzea ere.