Politologoak

Galtung, Johan

Johan Galtung Norvegiako (Oslo, 1930) matematikari eta politologoa da. Mundu osoan ezaguna da bakeari buruzko ikerketan aitzindarietako bat izateagatik eta 1959an bakeari buruzko lehen ikerketa-zentroa (International Peace Research Institute) sortu zuelako Oslon.

1959-1969 bitartean zentro horretako zuzendaria izan zen eta Journal of Peace Research aldizkari ezaguna ere berak sortu zuen 1964an. 1969-1977 bitartean arlo horretako eskolak eman zituen Osloko Unibertsitatean, bertako irakasle izan baitzen. 1975ean Essays in Peace Research argitaratu zuen, oihartzun handia izan duen lana. Mundu osoan zehar bidaiatu du eta irakasle bisitari izan da han-hemen. Hala, Hawaii izan zuen bizileku eta Euskal Herriko Unibertsitatean ere izan zen. Liburu asko idatzi ditu eta artikulu andana aldizkari ospetsuenetan. Kontinente guztietako gatazka ugaritan bitartekari modura aritu izan da (Peru, Ipar Irlanda, etab.) eta Nazio Batuen Erakundearekin lankidetzan aritu izan da. Euskal Herriari ere eskaini dio bere denbora, hala, Nazioarteko Harremanei buruzko doktorego-kurtso ugaritan parte hartu du EHUn eta hitzaldiak ere eman ditu. Ildo horretatik, 1998an, Gasteizen ospatutako Nazioarteko Harremanei eta Nazioarteko Zuzenbideari buruzko Udako Ikastaroetan, bake-akordio bat ekar zezaketen puntu batzuk jasotzen zituen dokumentu bat proposatu zuen.

Gernika Gogoratuz elkartearekin kolaboratu du eta baita Master de Cooperación Descentralizada. Paz y desarrollo (Euskal Herriko Unibertsitatea) delakoarekin ere. Instituzio horietan Galtung irakasleak egindako hainbat lan editatu eta itzuli dira: Tras la violencia, 3R: reconstrucción, reconciliación, resolución. Afrontando los efectos visibles e invisibles de la guerra y la violencia (1998); Paz por medios pacíficos: paz y conflicto, desarrollo y civilización (2003) edo Violencia cultural (2003). Azpimarragarria da Bortxakeriarik gabeko gatazka eraldaketa euskarazko itzulpena, master horrek egin zuena 2003an (Working papers Munduan, 5. zenbakia).

Galtungek hainbat kontzeptu ekarri zituen, esate baterako, egiturazko indarkeria, bakeari eta gatazkei buruzko ikerketetan eragin handikoa izateaz gain, gizarte-zientzietako hainbat arlotan ere eragina izan duena. Halaber, berak sortutakoa da kultura-indarkeria kontzeptua eta kultura arteko ikerketa konparatuak burutu ditu (Investigaciones teóricas: sociedad y cultura contemporáneas, Tecnos, 1995). Bere planteamenduari jarraiki, egiturazko indarkeria eta kultura-indarkeria kontzeptuak indarkeria fisiko edo zuzenarekin lotzen dira, hiruren artean "indarkeriaren hiruki" izendatzen dena osatuz.

Orobat, berari zor zaio Trascend metodoa, gatazken diagnosia egin eta haiek ebazteko erabilia. 2009an Trascend sareko zuzendaria zen eta bake-ikerketei buruzko izen bereko unibertsitatean errektore.