Kontzeptua

Kluster

Kluster bat jarraian aipatzen direnen metaketa geografikoa da: elkarlotutako sektore bateko edo ugaritako enpresak, hornitzaile espezializatuak, sektore laguntzaileetako eta horiekin lotutako sektoreetako enpresak, banaketa-konpainiak eta bezeroak, hezkuntza eta ikerketa arloetako instituzioak (unibertsitateak, laborategiak, teknologia-zentroak, etab.) eta bestelako instituzioak (gobernuak, enpresaburuen elkarteak, kluster-elkarteak).

Kluster kontzeptua M. E. Porterrek erabili zuen lehen aldiz 1990ean, hasiera batean, nazioen eta eskualdeen lehiakortasuna bultzatzeko politika ekonomikoko tresna modura (Porter, 1990). Porterren arabera, herrialde (edo eskualde) jakin bateko industria baten lehiakortasuna elkarren artean lotura estua duten lau faktoreren baitan dago: ekoizpen-faktoreen baldintzak, eskariaren baldintzak, sektore bereko enpresen egitura, estrategia eta norgehiagoka, eta industria laguntzaileak eta horiekin lotutakoak egotea. Porterren arabera, enpresak geografikoki espazio zehatz batean metatzen badira "klusterra osatuz", lau faktore horien ("lehiakortasunaren diamantea" osatzen dutenak) arteko elkarrekintza nabarmen hobetzen da.

Klusterrei esker, metaketa horiek hartzen dituzten eskualde eta herrialdeen lehiakortasuna hobetu egiten da, arrazoi hauek direla medio:

  1. Enpresen arteko lankidetza eta lehia sustatzen da;
  2. Eskualdean helbideratutako enpresen ekoizpena areagotu egiten da (izan ere, eskura dituzte sargai eta eskulan espezializatua, informazioa, instituzioak eta bestelako ondasun publiko batzuk eta haien errendimendua enpresa lehiakideen errendimenduarekin aldera dezakete eta, modu horretan, hobetzeko pizgarri gehiago izan);
  3. Berrikuntzarako gaitasuna areagotzea dakarte (izan ere, hornitzaileak eta bezeroak gertu daudenez, teknologietan eta merkatuetan ematen diren aldaketak edota negoziorako abagune berriak lehenago baitaratzen dituzte; eta, enpresa lehiakideak ere hurbil kokatzen direnez, produktua berezitzera derrigorturik daude, nahiz eta lankidetzarako aukera ere zabal daitekeen);
  4. Gune paregabea dira enpresa ekimena eta enpresa berrien sorrera bultzatzeko.

Kluster bateko kide izatearen abantailetako batzuk metaketa geografikoarekin lotutako kanpo ekonomietatik eratortzen dira; beste abantaila batzuk gertutasun geografikoaren eta enpresen, norbanakoen eta instituzioen arteko harremanaren ondorioz garatzen den kapital sozialetik eratortzen dira, zeinak eragin positiboak dituen transakzio-kostuak murrizteko, informazio-fluxuak hobetzeko eta eskualdeko ezagutza sortu eta hedatzeko. Klusterretako lehiakortasun arloko abantailak nekez errepika daitezkeen tokiko eta eskualdeko faktoreetan oinarritzen dira; dena den, abantaila horiek iraunkorrak izateko kanpora begira egon behar dira eta isolamendu egoera saihestu behar dute. Klusterrak hainbat arrazoi direla medio sor daitezke: enpresari talde baten ekimena, aipatu faktoreen baldintza egokiak, tokiko eskari handi bat egotea edo, besterik gabe, zoria. Baina behin sortuta, errendimendu gero eta handiago bati, aglomerazio- eta lokalizazio-ekonomiari eta kapital sozial baten sorrerari esker, enpresa berriak sortzen dira eta, hala, klusterra garatu egiten da. Egia esatera, gero eta globalizatuagoa dagoen ekonomia batean, tokiko eta eskualdeko klusterrek ez dute garrantzirik galdu; aitzitik, kontrakoak gertatu da (Porter 1998a eta 1998b). Porterren asmakuntzak oso eragin nabarmena izan du hala foro akademikoetan nola gobernuetan, Bai Europan, kluster bidezko politika eskualdeko garapen-politikarako funtsezko ardatz bilakatu baita, bai bestelako herrialde azpigaratuago batzuetan ere.

Euskal Herria munduko lehen eskualdeetako bat izan da lehiakortasuna hobetzeko tresna modura kluster bidezko politika aplikatu duena (Ketels, 2004). 1989an, Eusko Jaurlaritzak, orduan Lan eta Osasun Saileko kontseilari zen Jon Azuaren ekimenez, Monitor Company M. E. Porterren aholkularitzari, ikerketa bat egiteko eskatu zion, Euskal Herriko ekonomiak lehiakortasunari zegokionez bizi zuen egoera eta etorkizuneko ekonomia ireki eta globalizatu batean izango zukeen egoera aztertzeko. Txostena 1991n kaleratu zen (Monitor Company, 1991) eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak 1991-1995 bitarteko Industria-politikan Iharduteko Esparru Orokorraren barnean ezarritako Lehiakortasunerako Programaren oinarri gisa erabili zen. Programan, Porterren laneko oinarrizko printzipio batzuk baitaratzen ziren (enpresak dira elkarren arteko lehian direnak, eta ez herrialdeak; abantaila lehiakorrak erdiesteko berrikuntzak duen funtsezko zeregina; gobernuek ingurune lehiakor eta berritzaileak sortzeko duten egitekoa; eta dagoeneko existitzen denaren gainean eraikitzeko premia) eta, hasiera batean, bederatzi kluster lehenetsi ziren, gehienak industria tradizionaletatik eratorriak (altzairua, makina-erreminta, etxetresnak, papera, automozioko osagaiak, Bilboko portua, itsas foroa), hala ere, hasiberriak ziren beste sektore batzuk ere barneratu ziren programan (aeronautika, telekomunikazioak, ingurumena, energia, etab.); modu horretan, lantaldeen sorrera bultzatu zen, industria-sektoreetako, administrazioko eta instituzioetako (besteak beste, prestakuntza edota ikerketa arlokoak) ordezkariz osatuak. (Aranguren eta Navarro, 2003). Ia kluster guztietan abiarazitako lehenengotako ekimena kluster-elkarteen sorrera izan zen, berriak edo aurreko enpresaburuen elkarte zaharrak eraldatzearen bidez sortuak. Kluster-elkarteak irabazi asmorik gabeko entitateak dira, lankidetzaren bidez ordezkatzen duten klusterreko lehiakortasuna hobetzeko helburua dutenak. Elkarte horietako kideak kluster barneko enpresak dira nagusiki; dena den, teknologia-zentroak eta, besteak beste, hezkuntza eta ikerketa arloko instituzioak ere barneratzen dira elkarte horietan, eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak koordinatzen ditu, izan ere, elkartekideekin batera aipatu saila da elkarteko gastuak finantzatzen dituena. Makina-erreminta Kluster-elkartea eta Etxetresnen Kluster-taldea, ACEDE, izan ziren sortzen lehenak, biak 1992an sortu ziren aurreko enpresaburuen elkarte zahar batzuetatik abiatuta (1946an sortutako Makina-erreminta Fabrikatzaileen Espainiako Elkartea, AFM, eta 1984an sortutako Etxetresna Fabrikatzaileen Elkartea). Hurrengo urteetan sortu ziren 1993ko automozioko osagaietako industrien Kluster-taldea, ACICAE; Bilboko Portuko Kluster-elkartea, UNIPORT, 1994koa; ingurumeneko industrien Kluster-elkartea, ACLIMA, 1995ekoa; elektronika, informatika eta telekomunikazioetako Kluster-elkartea, GAIA, 1996koa (1983an sortutako elektronika arloko enpresen sektoreko elkarte batetik, AIEPV, abiatuta); Energiako Kluster-elkartea, 1996koa; Jakintzaren Kluster-taldea, 1996koa (2007an desagertu zena Innobasquen barneratu zenean; aeronautika-industrien Kluster-elkartea, HEGAN, 1997koa; Euskal Herriko Itsas Foroa, 1997koa; Papergintzako Kluster-elkartea, 1998koa; ikus-entzunezko Kluster-elkartea, EIKEN, 2004koa; eta garraio eta logistika arloko Kluster-elkartea, CLUSTERTIL, 2005ekoa (Garraio Sailak sustatua). 2006an, lehenetsitako kluster horietako enpresa elkartekideak enpresa guztien %6 ziren, enpleguaren %28 baitaratzen zuten eta Euskal Herriko industriaren Balio Erantsi Gordinaren %32 batzen zuten.

Badira beste hiru kluster-elkarte, hain zuzen, soziolinguistikakoa (Soziolinguistika Klusterra) (2004), Biobask (2006) eta nekazaritzako elikagaien klusterra; dena den, momentuz, administrazioari so ez dira kluster estrategikoak (Orkestra, 2009).

1996tik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak 1996-1999 bitarteko Industria-politikan Iharduteko Esparru Orokorra abiarazi zuen. Horrekin, kluster-elkarteak orokorrean industria politikarako eta bereziki lehiakortasun politikarako tresna eraginkorra bilakatu nahi ziren. Horren ondorioz, elkarte horiekin lankidetzarako hitzarmenak sinatu ziren. Horrela, hitzarmen horien arabera, Eusko Jaurlaritzak lehentasunezko esku-hartze batzuk gauzatzeko finantzazioa eskaini zuen, betiere, lehiakortasuna hobetzeko asmoz enpresen arteko lankidetza bultzatzeko filosofiaren barnean. 2000. urteaz geroztik, Industria Sailaren eta kluster-elkarteen arteko koordinazioa abian jarri zen, izan ere, lehenak bigarrenean parte hartzen du teknikari bertikal (kluster jakin bateko edo ugaritako espezialistak, kluster-elkarteetako bileretara bertaratzen direnak) eta horizontalen (Administrazioak definitutako hiru estrategia-eremuetako espezialistak: nazioartekotzea, teknologia eta kalitatea. Espezialista horiek elkarte guztietako dagozkion komiteetako bileretara bertaratzen dira) bidez (Aranguren eta Navarro, 2003). 2004az geroztik Eusko Jaurlaritzak Euskadi 2015 lehiakortasunerako estrategia berria abiarazi zuen. Bertan goran aipatutako koordinazio-egiturak ez zuen aldaketarik nozitu eta kluster-elkarteek protagonista izaten jarraitzen dute ().

Sortu zirenetik, kluster-elkarteak haietako elkartekideen eta Euskal Herriko ekonomia orokorraren lehiakortasuna hobetzen saiatu dira. Horretarako, enpresen arteko lankidetzaren alde egin dute. Enpresen arteko lankidetza hori Administrazioak definitutako hiru estrategia-eremuetan gauzatzen da gutxienez: teknologia (baterako ikerketa-programak), kalitatea (sektore bakoitzean estandar eta kalitate ziurtagiri entzutetsuenak hartzeko estrategia) eta nazioartekotzea (baterako esku-hartzeak kanpora begira). Hala ere, zenbaitek beste eremu batzuetan ere gauzatzen du lankidetza hori, esate baterako, prestakuntzan edo ingurumen arloan. Kluster-elkarte bakoitzaren ibilbidea eta emaitzak ezberdinak diren arren, orokorrean Euskal Herriko kluster-elkarteei esker, Administrazioaren eta enpresen arteko elkarrizketa eta koordinazioa hobetu egin dela eta enpresen, instituzioen eta eskualdeko Gobernuen arteko lankidetza bultzatu egin dela esan daiteke; baina, batez ere, konfiantza eta kapital soziala sortzen lagundu dutela esan daiteke. Horrek, zalantzarik gabe, ondorio positiboak izan ditu lehiakortasunari begira, nahiz eta egun eskuragarri diren tresna eta adierazleen bidez ondorio horiek modu errazean neurtzea ezinezkoa den. XXI. mendearen hastapenean, elkartekide ez diren enpresekin alderatuz, Euskal Herriko kluster-elkarteetako enpresa-elkartekideek emaitza hobeak ageri dituzte I+G arloan, eskulanaren kualifikazioan eta nazioartekotzean (Orkestra, 2009).