Zuzendariak

Shara, Inma

Espainiako zuzendarien belaunaldi berriko ordezkaririk bikainetako bat da. Oso gaztea bada ere, etorkizun handiko ibilbidea hasi du; izan ere, munduko orkestra bikainetako batzuk zuzentzeko aukera izan du; besteak beste, Israelgo Orkestra Filarmonikoa eta London Philarmonia Orchestra zuzendu ditu.

Bilbo, Gasteiz eta Madrilgo kontserbatorioetan ikasi ditu Konposizioa eta Orkestra-zuzendaritza, eta ohorezko sariak lortu ditu. Ondoren, Espainiako Gobernuaren beka bat lortu zuen, graduondoko ikasketak maisu handiekin jarraitzeko; esaterako, Sir Colin Davis maisuarekin London Symphony Orchestra delakoan eta Zubin Mehta maisuarekin Bavariako Operan.

Horrez gain, Manhattango New York University-n onartu zuten, eta han, zuzentzeko teknikei buruzko konparazio-ikastaro bat egin zuen: Toscanini, Karajan eta Bernstein maisuen teknikak aztertu zituen. Ikastaroaren izenburua "Advanced Instrumental Conducting" zen. Egun, doktoretza-tesia egiten ari da Orkestra Zuzendaritzaren arloan, New Yorkeko Unibertsitateko Musika Sailan.

Espainian, hainbat orkestra zuzendu ditu: RTVEko Orkestra Sinfonikoan, Valentziako Orkestra, Mallorcako Orkestra, Murtziako Orkestra, etab. Eta Espainiako aretorik garrantzitsuenetan aritu da; hala nola, Madrilgo Musika Auditorio Nazionalean, Euskalduna Jauregian, Zaragozako Auditoriumean, Valentziako Palau delakoan eta Madrilgo Errege Antzokian. Halaber, ospe handiko orkestrak zuzendu ditu: Frankfurter Philharmonie, Wiener Sinfonietta, Orchestra Sinfónica di Roma, etab. Gainera, Erdialdeko Europako orkestrarik garrantzitsuenak zuzendu ditu; hala nola, Txekiako Orkestra Sinfoniko Nazionalean, eta Letonia, Ukraina, Bielorrusia, Lituania eta Errumaniako orkestrak. Horrez gain, Italia, Austria, Alemania, Ingalaterra, Mexiko eta AEBetan zuzendu du.