Enciclopedia Auñamendi
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Hizkuntza plangintza

Hizkuntza plangintza


toolbox

  • other languages:
  • escuchar
  • share

Hizkuntza normalizazioa

Herrialde katalanetan hizkuntzaren inguruan zegoen egoerari eta giroari egokitzeko hizkuntza politika edo plangintza kontzeptuak nahikoa ez zirelakoan, Lluís Aracil (1965) valentziarrak hizkuntza normalizazioa terminoa asmatu zuen, hizkuntza ordezkapenaren aurkako prozesu soziala adierazteko, hain zuzen ere, eremu urriko hizkuntzak sustatzearekin lotuta. Dinamikotasuna eta aldaketa adierazten zituen eta arrakasta handia izan du Euskal Herrian ere. Kontzeptuan Katalunian hizkuntza indarberritzeko landu beharreko guztia bildu zuten: kodea arautzea edo corpusaren plangintza, sustapen terminologikoa, ezagutza hedatzea, erabilera hedatzea, etorkinak elebiduntzea, pertsona arteko hizkuntz portaera aldatzea... Kontzeptua hain zabala bihurtu zenez, nahasmena sortu du eta zehaztasuna galdu du gehiegizko polisemiaren eraginez. Nazioarteko arlo akademikoan Katalunia sartu ahala gero eta gutxiago erabiliz joan da terminoa: orain legearen izenean ez da normalizazioa agertzen, politika baizik (Bastardas i Boada, 2009).

Ez da nahastu behar hemen aurkeztu den hizkuntza normalizazioa frantsesezko normalisation linguistique terminoarekin; izan ere, horrek hizkuntzaren egiturari buruzko arau bakarra ezartzea esan nahi baitu, hain zuzen ere corpusaren plangintzari buruzko atalean aztertu den hizkuntza estandarizazioa.

Normalizazioaren helburuak maila desberdinekoak izan daitezke (Boix i Fuster eta Vila i Moreno, 1998):

Helburu politiko eta juridikoak

  • Gutxieneko helburua.- nahi dutenek hizkuntza gutxitua erabili ahal izatea alor guztietan; hau da, hizkuntza eskubideak bermatzea.

  • Helburu ertaina.- gutxieneko helburua eta orain arte gutxitua izan den hizkuntza erakunde guztien hizkuntza ofiziala izan dadila; hau da Katalunian ardatz gisa erabili dena.
  • Gehienezko helburua.- hizkuntza gutxitua izan dadila hizkuntza ofizial bakarra bere lurraldean. Helburu horixe aukeratu zuten Txekian edo Polonian.

Helburu soziolinguistikoak

  • Gutxieneko helburua.- hizkuntza gutxituak erabilera eremu guztiak bere egitea.
  • Helburu ertaina.- gutxienekoa eta hizkuntza hori ez dakiten herritarrak elebiduntzea.
  • Gehienezko helburua.- lehengoak eta aloglotak (kanpotik beste hizkuntza batekin iristen direnak) integratzea hiztun komunitateko kide aktibo bihur daitezen eta ondorengoei hizkuntza transmititu diezaieten.

Our Sponsors