Hizkuntza plangintza terminoaren bidez, beste batzuen hizkuntza portaeran eragiteko, hizkuntzen eta hizkuntza aldaeren irakaskuntzan, egituran eta funtzioetan egindako ahalegin kontzienteak adierazten dira (Cooper, 1989). Hizkuntza politikan erabakitakoak gauzatzeko ekimen planifikatuak biltzen ditu hizkuntza plangintzak, edo zentzu zabalagoan, hizkuntzen erabileran edo egituran eragiteko esku hartze kontzienteak (Lamuela, 1994); izan ere, sarritan, esku hartze horiek ez dira izaten aski planifikatuak ez baitute plan batek izan behar duen ezaugarririk, nahiz eta hizkuntza plangintza izena jarri.
Artikulu orokorrak:
Hizkuntza politika hausnarketa, eztabaida, erabaki eta boterearekin lotuta dago, eta hizkuntza plangintza, berriz, exekuzioarekin eta hartutako erabakien aplikazioarekin (Bastardas i Boada, 2009). Horixe da bien arteko desberdintasun nagusia.
Hizkuntza politika batez ere gobernu erakundeei dagokie, baina edozein talde edo erakundek ere, barne funtzionamendurako zein kanpo harremanetarako, hizkuntza politikari loturiko irizpideak izan ditzake; esate baterako, enpresetako euskara planetan egiten den gauzetariko bat hizkuntza politika zehaztea izaten da. Era berean, politika horiek gauzatu ahal izatera bideratutako hizkuntza plangintza gobernuen esku egon daiteke, baina baita erakunde pribatu edo gizarte erakundeen esku ere. Hala, Katalunian zein Euskal Herrian protagonismo handia izan dute hizkuntzaren aldeko mugimenduek.
Arestian esan dugunez, hasiera batean ingelesezko terminoa (language planning) goitik beherako ikuspegi teknokratarekin garatu zenez, Quebec-en frantsesezko termino desberdina erabiltzeari ekin zioten (aménagement linguistique). Orain, berriz, ingelesera ere igaro da termino hori eta language management erabiltzen hasi dira (Nekvapil, 2006).
Hizkuntza plangintzaren terminoa lehen aldiz Einar Haugen-ek (1959) erabili zuen, batez ere aurrerago azalduko den corpusaren plangintza adierazteko. Geroago, berriz, hizkuntza plangintzaren kontzeptua zabaldu egin zen, Soziolinguistikaren ikuspegi hertsiaren eta zabalaren bereizketarekin bat, eta ezberdindu egin ziren corpusaren eta estatusaren plangintza (Kloss, 1969):
Aurreko biak dira hemen erabiliko direnak, nahiz eta egile batzuek hirugarren bat ere bereizten duten (Cooper, 1983): irakaskuntzaren plangintza (acquisition planning). Hain zuzen ere plangintza mota honetan sartu ziren hizkuntza irakastearekin lotutako ekintza guztiak: Israelgo gobernuak hebraiera ikasteko ematen dituenak, Zeelanda berrian maoria ikasteko sortutako kohunga reo edo "hizkuntza kabiak" eta abar. Dena den, hemen estatusaren plangintzaren osagai gisa aztertuko da irakaskuntzaren plangintza ere.
Estatusaren plangintza da bi plangintza motetan zailena eta gehienetan corpusaren plangintzaren atzetik joaten da, batez ere hizkuntza gutxiagotuetan. Hala eta guztiz ere, estatusarekin lotutako helburuek gidatzen dute corpusaren plangintza ere (Fishman, 2006). Adibidez, hizkuntza teknologia berrietan sartu nahi bada, orduan infromatikako terminologia garatu beharko da, baina herri baten hizkuntza sinboliko soil gisa utzi nahi bada, berriz, ez du zentzurik izango terminologia berriei heltzeak. Dena den, giza eta gizarte jarduera oro hizkuntzan oinarrituta dagoenez, nolabaiteko akordio bat behar da zenbait punturen gainean gizarteak funtzionatu ahal izan dezan: zein hizkuntza erabiliko den zein funtziotarako eta nola idatziko den.
Sarritan, bi plangintza motak elkarrekin doaz eta txanpon beraren (hizkuntza plangintzaren) aldetzat jo dira. Askotan, dena den, ez da aukerarik egoten biak egiteko eta hizkuntza plangintza mota bakarra hautatzen da. Ez da komenigarria hizkuntza batentzat estatus berri batera iristea horretarako kode egokirik eduki gabe; eta alderantzizkoa ere ez: zertarako amaiera gabeko modernizatze prozesuetan sartu, ez badu lortzen funtzio horiek betetzeko estatusik (Fishman, 2006b).
Hizkuntza Biziberritzeko ereduak:
Euskara indarberritzeko saioen adibideak: