Kontzeptua

Maisu kanpaigileak

Hiztegiak honela definitzen ditu kanpaiak: "metalezko instrumentuak dira, orokorrean alderantzizko kopa formakoak, ezkila-mihi batek edo kanpoko mailu batek kolpatzerakoan soinua egiten dutenak". Iraganean era askotakoak izaten ziren, eta XIII. mendetik aurrera hasi ziren gaur egun duten itxura hartzen. XIII. mendera arte, kanpaiak nahiko txikiak izaten ziren, baina ordutik aurrera handitzen joan ziren. Toledoko kanpaiak 40.000 libra pisatzen zituen (XVI. mendea) eta Moskuko Tzar Kolokol kanpaiak (1733), 440.000 libra. Azken hori Kremlin eraikinean dago kokatuta, eta mundu osoan jotzen diren kanpai handienetako bat da. Euskal Herrian, kanpai handiena (11.960 kg) Iruñako katedraleko Maria kanpaia da, 1584ean eraikia.

Denbora aurrera joan hala, kanpaiak fabrikatzeko sistemak nabarmen aldatu dira, nahiz eta kasu batzuetan oraindik usadiozko fabrikazioaren oinarrizko pausoak mantentzen diren. Horrez gain, maisu kanpaigileak lan bila leku batetik bestera joan beharrean, eta kanpaia elizaren ondoan egin beharrean (horrela iraganean zeuden garraio arazoak ekiditen baitziren), gaur egun instalazio finkoak dituzten maisu horiek.

Usadioz, kanpaiak hainbat gizarte nahiz erlijio-xedetarako erabili izan dira. Antxon Aguirre Sorondo Euskal Herriko etnografo garrantzitsuenetako bat da. Bere esanetan, kanpaien lehen funtzioak herritarrak hainbat ekitalditara deitzea (esaterako batzarrera), zaindariaren jaien hasiera bezalako albisteak ematea (kanpai-hotsa); eta suteren bat edo ondorio txarreko beste gertaera batengatik alarma helaraztea ziren. Erlijio xedeen artean, aipagarria da kanpaiak mezetara edo otoitz egitera deitzeko, baita beste antzeko ekintzaren bat deitzeko erabiltzen zirela, baita prozesioei, bataioei, hiletei, gaixoen oleazio eta biderakoei hasiera emateko edo beste albiste batzuk helarazteko, esaterako herritar baten heriotza.

Kanpaiak hauek erabili behar diren eskualdearen arabera egin behar dira. Izan ere, etxeak eta herriak oso sakabanatuta badaude, soinu altuak jo beharko ditu kanpaiak, eta kontrako kasuan, berriz, soinu baxuak. Oso ohikoa da, batez ere kanpai handien kasuan, kanpaiak izen berezia izatea eta maisuaren sinadura edukitzea. Kasu batzuetan, politikari buruzko iritziak ere islatzen zituzten kanpaiek. Esaterako, Resurrección Maria de Azkueren arabera, Zeanuriko San Migel baselizan, "bere kanpai-hotsa entzuten den inguruetan liberalak sartuko ez zirela" esaten zen.