Kontzeptua

Komisario bidezko testamentua

Bizkaiko, Aiarako, Gipuzkoako eta Nafarroako oinordetza-fiduziak badute, jatorrian, izateko arrazoi berdina, zeinak argi uzten duen zergatik zabaldu zen guztietan ohituraren bidetik (LACRUZ BERDEJO): xedatzeko ahalmena ahalorde bidez emateak badu zentzurik nekazaritzan oinarritutako ekonomia tradizionalean, oinordekoa aukeratzeko garaian egokiena -gehienetan ondorengo bat- izendatzeko nahia baitago, horrek jasoko baitu aurreko arbasoen funtsezko ondarea eta jarraipena emango baitie familiako tradizioei eta leinuari. Aukeratzeko posiziorik aproposenean gurasoak eta aurre-ahaideak daude, baina egoera honetan: oinordeko izan daitezkeenak adin nahikora iritsi badira, orduan bakarrik ezagutu baitaitezke horien gaitasunak eta dohainak. Une hori iritsi arte, agian komeni da aukeraketa atzeratzea eta, bitartean, gerta liteke jadanik kausatzailea bizirik ez egotea; horregatik ematen da, badaezpada, ahalordea. Horren titular petoa, beste subjektu batzuk baztertu gabe, bizirik geratzen den ezkontidea da; zergatik? Bada, ondasunak ume komunen artean banatzeko garaian, beste inork baino hobeto ezagutzen baititu horien merezimenduak eta egokitasuna, eta familiako ondarearen eta egoeraren komenentziak (LACRUZ BERDEJO).

Begi-bistatik ezin da galdu, bestalde, xedatzeko ahalmena alargunari (edo beste ahaide bati) emateak titularrari ekarriko dion aginte-posizio indartua familiaren barruan. Are gehiago horri lotzen bazaio ondasunak erabiltzeko eta gozatzeko eskubidea eta ahalordeak eskaintzen duen aukera bai jaraunsletzako ondarea etenik gabe gestionatzeko, bai ezkontza-sozietatean (foru-komunikazioan, konkista-sozietatean edo, bere kasuan, irabazpidezko sozietatean) bildutako ondasun komunak multzo gisa eta batera xedatzeko (ANGOITIA GOROSTIAGA eta CÁMARA LAPUENTE).

Laburtuz, oinordekoa aukeratzeko ahalmena, eta horrekin batera ondarea kudeatzeko eta familiaren ondareko ondasun guztiez gozatzeko botere zabalak bizirik geratzen den ezkontideari ematea, ohiko usadioz hartutako erabakia zen, bai ahaide-taldearen batasuna gordetzeko, bai nekazaritzako (eta, geroago, merkataritzako edo industriazko) ustiategiaren batasunari eusteko, eta bai ezkontide alargunaren egoera ekonomikoa zaintzeko.