Kontzeptua

Nafarroako Hobekuntza

Espainiako 1978ko Konstituzioak, hura osatzen duten nazionalitate eta eskualdeen autonomia-eskubidea errekonozitu ostean, Estatuaren lurralde-antolaketa eraldatu zuen, zentralista eta autoritarioa izateari utzi eta eskualde deszentralizatuak sortuz Autonomia Erkidegoen bidez. Nafarroari dagokionez, lehen Xedapen Gehigarriak foru-lurraldeen eskubide historikoak babestu eta errespetatzen ditu eta horien eguneratze orokorra Konstituzioaren eta autonomia-estatutuen esparruan eginen dela adierazten.

Konstituzioko laugarren Xedapen Iragankorrak, euskal autonomia-erregimenera lotzeko aukera ematen dio Nafarroari. Integratze-prozesuaren ekimena Nafarroako Parlamentuari dagokio, eta osatzen duten kideen gehiengoz hartuko du hark erabakia. Ekimen hori baliozko izateko, beharrezko izango da, gainera, berretsia izatea horretarako berariaz eginiko eta baliozko botoen gehiengoz onetsiriko erreferendum batean. Aurrera atera ezean, beste agintaldi batean baino ezin errepikatuko da ekimena, eta, betiere, gutxieneko bost urteko epea igarotakoan.

Konstituzioa indarrean dela, foru-erregimena Lehen Xedapen Gehigarriaren arabera gaurkotzeko bideari ekin zion Nafarroak. Diputazioa eta Foru Parlamentua demokratikoki eratu zituen 121/1979 Errege Dekretuak, urtarrilaren 26koak. Ganbera horrek ez zuen legeak emateko ahalmenik; Nafarroako Administrazio Foru Kontseiluak zuen izaera berdinekoa izan eta izaeraz erregelamenduzkoak ziren arauak eman zituen. Bere zeregina, instituzionalizatze-prozesu demokratikoa burutzea eta foru-erregimen liberaleko autogobernua Konstituzio berrira eguneratzeko lege organikoaren negoziazioen oinarriak jartzea.

Prozesua hasteko, "Foru-erregimena Berrezartzeko eta Hobetzeko Oinarriak" jarriko dituen dokumentu bat proposatu zion Diputazioak Foru Parlamentuari, horrekin EKko 1.2 XGak aurreikusitako foru-erregimenaren gaurkotze orokorraren negoziaketei ekiteko. Lehen oinarriak hau dio: "los derechos históricos de la Comunidad Foral de Navarra serán respetados y amparados por los poderes públicos en los términos establecidos en las presentes bases de reintegración foral y amejoramiento, que tienen como objeto: 1º) El respeto y la garantía de todas aquellas facultades y competencias que, conforme a lo establecido en la Ley Paccionada de 1841 y disposiciones complementarias, son propias del régimen foral de Navarra, y 2º) La integración en el régimen foral de Navarra de todas aquellas facultades y competencias que no sean inherentes a la unidad constitucional española".

"Konstituzio-batasuna" 1839ko Legearen 1. artikuluak foruak berresteko salbuespen gisa aipatzeak badu oinarrian foru-ideia hau: berez konstituzio-batasunari atxikirik ez den oro, Estatua identifikatzeko elementu ez den heinean, Nafarroako eskubide historikoei dagokie. Hain zuzen, hori zehaztu zen bigarren oinarrian: "Se consideran inherentes a la unidad constitucional española y, por tanto, se reservarán al Estado, las facultades y competencias estrictamente imprescindibles para garantizar los intereses generales, la solidaridad y el progreso de los Pueblos de España". Ondorioz, "corresponden a Navarra todas las facultades y competencias que [...] no se reservan al Estado. [...] todas las facultades y competencias que el Estado le atribuya, transfiera o delegue y también que atribuya, transfiera y delegue a las Comunidades Autónomas".

Eskubide historikoak, Foru Parlamentuaren ustez, eskumen-eduki bat dira, eta, gainera, Nafarroako herriak autogobernua izateko eskubidea da, bateratasun liberalaren aurrean "foru-erregimen" delakoan gauzatu zena. Horren edukiak, muga bakartzat, "konstituzio-batasuna" besterik ez du; foru-erregimena badela eta Konstituzioaren babesa eta errespetua errekonozitu ostean, une historiko bakoitzean zehaztu izan da hura hitzarmen eta konstituzio-azpiko arau bidez.

Nafarroatik defendatu zenez, gauza ez da Konstituzioaren babesean autonomia lortzea, beste nazionalitate eta eskualdeek egin izan duten moduan, foru-erregimenaren arabera jadanik baliatzen zena berrezartzea eta hobetzea baizik, horretarako errekonozitutako eskubide historikoen argitan oraingoan. Jarrera hori Gobernuak onartu eta negoziaketari ekin zitzaion, Nafarroako foru-erregimena Konstituziora egokitzeko horren VIII. Tituluko estatutu-bide arrunta jarraitu beharrik izan gabe. Jokabide horrek kritikak jaso zituen eta Konstituzioaren aurkakoa zela ere esan zen, aurpegiratuz, bestalde, gainerako estatutuak bezala erreferendum bidez ez zela berretsi, erakunde demokratikoek onartu eta Konstituzio Auzitegiak errekonozitu bazuten ere. Testua Gobernuko eta Nafarroako ordezkarien artean aurrez hitzartu ostean, hura onartu zuten Foru Parlamentuak eta Gorteek, irakurtze bakarraren bidez.