Ingeniariak

Asua Gonzalez, Jose Maria

Zaratamon jaio zen, 1953an. 1975ean, Zientzia Kimikoetan lizentziatu zen, eta 1978an, doktoratu egin zen, Zaragozako Unibertsitatean.

Jose Maria Asua Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Kimikoko katedraduna da, baita Material Polimerikoen Institutuko (POLYMAT) zuzendaria ere.

1978an, Donostiako Zientzia Kimikoen Fakultatean sartu zen, eta han, Polimerizazio Erreakzioaren Ingeniaritzako irakaskuntza- eta ikerketa-programa bat garatzeaz arduratu zen. Oinarrizko ikerketa-jarduera egin zuen, industriaren aldetik garrantzitsuak ziren polimerizazio-prozesuetan; izan ere, uretan sakabanatutako polimeroak ekoizteko estrategiak garatu ditu, ezagutzan oinarrituta. Arlo horretan, nazioarteko ospea lortu du. Haren taldea Eusko Jaurlaritzako errendimendu handiko taldeetako bat da, eta Marie Curie Training Center for High Performance Dispersed Polymers bat hartzeaz arduratu zen.

Liburu bat argitaratu du, eta beste bi editatu. Horrez gain, 230 artikulu argitaratu eta 45 hitzaldi eman ditu (bai gonbidatu gisa, bai osoko biltzarretan), baita 150 hitzaldi eta poster baino gehiago ere, nazioarteko batzarretan. 4 patenteren egilekidea da eta 33 doktore-tesiren zuzendaria izan da. Polymer Reaction Engineering aldizkariko editorea izan da, eta Chemical Engineering Journal, Macromolecular Materials and Engineering eta Macromolecular Reaction Engineering aldizkarietako argitalpen-batzordeko kidea da. Nazioarteko hainbat batzarretako zientzia-batzordeko kidea izan da, eta NATO Advanced Study Institute bateko zuzendaria.

Doktoratu osteko egonaldia egin zuen Liejako Unibertsitatean (Belgika), eta urte sabatikoak eman ditu Lehigh-eko Unibertsitatean (AEB), Fulbright bekaren bidez, eta Waterlooko Unibertsitatean (Kanada), irakasle bisitari. Halaber, irakasle bisitaria da Lovainako Unibertsitate Katolikoan (Belgika) eta Dortmundeko Unibertsitatean (Alemania).

2005ean, Euskadi Ikerketa saria jaso zuen, Zientzia eta Teknologia modalitatean, eta horrez gain, Rhône Poulenc saria ere eman zioten, Teknologia Garbien arloan.

Oinarrizko ikerketan egindako lanaz gain, Asua irakasleak ahalegin handia egin du unibertsitatearen eta industriaren arteko harremanak bultzatzen. 30 industria-proiektutik gora zuzendu ditu, Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako zenbait enpresatako aholkularia da, eta industria elkartuen programa bat abiarazi du ingurune sakabanatuko polimerizazioaren esparruan. Munduko polimerogile nagusiek hartzen dute parte programa horretan. POLYMATen fundatzailekidea da. Unibertsitate-institutua da POLYMAT, eta azken urteetan, 100 enpresarekin baino gehiagorekin aritu da elkarlanean, bai enpresa txiki eta ertainekin, bai multinazionalekin.