Kontzeptua

Txotxongilo-dantza

Txotxongiloa (txotxongilo, txakarrankua, txankorrinka dantza edo txakurrin dantza edo baita txinkorrika ere1) Bizkaiko Durangaldeko ezpata dantza bat da. Kosme Maria de Hermodok2 Iurretan aurkitzen du, nahiz eta gaur egun Garain ez den dantzatzen. Dena den Berriz nahiz Iurreta, Elorrio edo Zornotzan3 kokatzen duten erreferentziarik badago.

Ikertzaileak ere ez dira ados jartzen dantzari dantzaren ziklo barruan kokatzerakoan, izan ere, zenbaitetan makil dantza dantzaren ondoren agertzen da, beste zenbaitetan ez da hala egiten (Garaiko kasuan gertatu bezala) edo bestela aipatu ziklotatik at egiten da (Elorrio edo Zornotza kasu). Egia esatera, nahiz erritmoa nahiz koreografia oso ezberdinak dira gainerako multzoarekiko, baldin eta dantzari dantzaren barnean sartzen badugu.

Etimologiari dagokionez ez dugu arrasto handirik aurkitzen bere esanahirantz eraman gaitzakeenik. Hiztegia 3000ak4 txotxongiloren bi adiera jasotzen ditu, bata titere moduan eta bestea panpina edo giñol panpina moduan. Placido Mujika Berrondok5 bestalde, dominguillotzat jotzen du. Hiztegia 3000ak txakar hitzari dagokionean - txakarrankuaren balizko oinarri- oso txikia den zerbaiti egiten dio erreferentzia. Titere edo panpinaren dantza izango litzateke beraz, edo txikiaren dantza bestenaz, Mujikarenean aldiz txankorrinko edo txankurrika "txingoan, kos-kosean, pin-pinean hankokosoka" joatea esanahi du eta txankorrinka dantzan egin " hanka baten gainean dantzatzea" lez itzultzen da. Modu batera, dantzari txikiena jostailu moduan tratatzearen antzezpena dateke, hanka baten gainean jauzi eginez egiten den antzezpena.

Erakustaldian zortzi dantzarik parte hartzen dute, bi ilaratan kokatuta eta ezpataz armatuak. Zuriz janzten dira, gerriko eta txapel gorriz eta kolore gorri bereko zintaz txirikordatutako apreta zuriz. Hanketan, belaunaren azpialdean, larruzko euskarri batzuk dituzte kriskitin ugariz hornituak, eta alkandoraren gainean, maukarik gabeko txalekotxo klasikoa betibiziz (sernpervivum) hornitua, medikuntza ezaugarriak dituen landarea.

Dantza pausuak hanka beraren gainean hiru aldiz jarraian jauzi eginez burutzen dira (edo lau, aldaeren arabera), bitartean beste hankarekin hanka punta egiten da alde batera oinaren gainean (hanka punta lau alditan egiten bada, hirugarrena orpoaren paretik egiten da), eta azkenik, hanka zabaltzen da horizontalean, gerri pareraino. Pausu hauek kokapena mantentzeko nahiz mugitzeko erabiltzen dira.

Irudiei dagokienez, zortzi dantzariak binakako ilaratan hondoan kokatuta ekiten zaio, ezpata eskutokitik hartuta dutela punta gora begira. Joan-etorri segidaren ondotik er berezian6 antolaturik geratzen dira, txikiena aurrean, hirunakako bi ilara eta atzean beste dantzari bat, horrela hexagono bat osatzen dutelarik. Jarraian, aurrean dagoenak dantza egiten du eta ondoren koreografiaren erdian kokatu diren gainerako taldekideek buru gaindik altxatzen dute. Une horretan bere inguru eta bere azpian dantzatzen da, atzekoak bere ezpata altxatzen duen bitartean. Azkenik, altxatua izan den dantzaria jaitsi egiten dute eta antzezpena bukatzen du (txakarrankua), edo bestela irudia desegiten da hasierako kokapenak hartzen dituztelarik. Jose Luis de Etxebarria y Goiriren 7 Bizkaiko Dantzak liburuan, dantzaren deskribaketa oso ona aurki dezakegu, partiturekin batera.

Halako dantza bereziaren jatorri eta esanahia ezezagunak zaizkigu: Lehenengoari dagokionez, Resurrección María de Azkuek honakoa aipatzen du. "XV. mendearen bueltan? bazen Berrizen Durangaldea suntsitzen zuen Antso sasi-zapaltzaile bat. Iurretarren hankapera erori ostean, paldoan sartu zutena. Gertakari honen ondoren eskualdeko zenbait herritan dantza antzezpen berri bat sartu zen. Dantzaritako bat hartu eta dantzarien besoetan gora altxatzen da, bere kideen sorbaldan gainetan ipiniz. Antzezpen hau Berrizekoek ere euren programan barneratu zuten, baina haren esanahia zein zen jakin bezain laster alboratu egin zuten. Mundakan, non 1860 urte inguruan dantzari konpartsa txiki bat ere bazegoen, San Pedro jaietan, bere kideen gainean kokatutako dominguilloak, zutik zegoela Udalaren eta bere segizioen (sic) alde goramen oihuak oihukatzeko ohitura barneratu zen", Azkuek adierazten duen deskribapena zinta dantza edo dominguillotik gertuago dago. Hemen, zutoin batean panpina bat sastatzen da (txotxongilo) eta honek dantza egiten duen bitartean, bere hankapean kolorezko zintak txirikordatzen eta txirikordak kentzen jardun ohi da.



Halako antzezpen bereziaren sei antzezpen (hermeneutikazkoak) aurki ditzakegu gutxienez: a) guda dantza; b) olagizon edo errementarien kofradien berezko errituzko dantzak; c) nekazarien errituzko dantza edo emankortasunarena; d) sendagarrien dantza; e) eltxoek eragindako epidemiak uxatzeko egiten ziren dantza apotropaikoa; f) iniziazioaren edo bizimodu heldura iragaitearen errituzko dantza. Jarraian, kasu bakoitzean eskaintzen diren argumentuak azaldu eta aztertuko ditugu.

Dantzaren8 guda izaera defendatzen dutenek ezpataren presentzia agerikoan jartzen dute arreta, armatzat harturik. Dena den, Humboldt berak, apaiz-ordena zen kureteen kofradiarekin lotzen du egitate hau. Interpretazio aukerak (hermeneutika) zabalik geratzen dira horrenbestez, gainera esgrima ariketari ez da egiten, ez erasokorik ez eta defentsakorik ere, dantzari dantza zikloaren beste bi dantzetan agertzen den bezala. Beste zenbait autorek ez dute ukatu interpretazio hori, baina bigarren mailako garrantzia eman diote.

Curt Sachs-en9 lanaren ondoren, autore batzuk ezpataz eginiko dantzak errementari edo olagizonen kofradien berezko erritualekin lotu dituzte, halako tresnak burdinola edo meatzea zonaldetatik gertu egin zitezkeela argudiatuz. Mircea Eliadek10 aztertuko duenez, errementariak kofradia itxietan biltzen ziren, baztertuak, horrenbestez euren erritu eta hierarkiak mantendu egin dira denboraren iragaitearen kalterik gabe. Violet Alford11 eta Juan Antonio Urbeltzek12 iritzi bera dute.

Lucile Armstrong13 bere irakasle zen Alfordek ez bezalako iritzia zuen, eta ezpataz eginiko dantzak beti burdinola edo meatzeen ondoan ez zirela agertzen adierazi zuen. Bere hipotesiaren arabera, ezpatak bastoi edo makilen ordezkoak izan ziren, hauek zaplada dantzekin egin zuten eran; eta makilak landatzeko erabiltzen ziren eta bere kolpeek zarata apotropaikoa eragiten zuten, berau areagotu egingo zen -eta ondorioz eraginkortasun gehiago izango zukeen- ezpatak elkarren kontra joz. Kolpaketa hori ez da txotxongiloan ageri, baina bere kideen gaindik altxatua den dantzariaren heriotza eta berpizkundeak izan dezake antzekotasunik prozesu naturalarekin: Natura bera da hil eta berpizten dena, dantzari bihurtuta, hala agertzen da sir James George Frazerrek14 eskainitako adibide ugaritan.

Bestalde, Marius Schneiderrek15, Arnold van Gennep-en16 azterketek berretsiko zuten lez, erakustaldiari sendagarrien hipotesia egozten dio. Kultura tradizionaletan, gaixoa, sendabidera iristerik nahi bada, lehenik eta behin gaixotu aurreko egoerara itzuli behar da, hau da, izaki osasuntsu lez "hil" eta "berpizteko" beharra du, hau argi ageri da aipatzen dugun dantzaldian.

Juan Antonio Urbeltzek17 dakarkigu berriro aurrekoaren aldaera berri bat, halere kasu honetan, "`hildako mairua? (orokorrean `ezpararen dantza? moduan ulertzen dugunarendako) lehenengoaren nortasun artropodikoaren adierazpide gisa baino ez daiteke uler"18. Intsektuek eragindako udako gaixotasunen eragileak uxatzeko nahia litzateke.

Azkenik, 1994an19 aurkeztutako doktorego-tesian, beste zenbait idatzitan20 bezala, errituzko dantza eta gazteen iniziazio erritu izateko aukera aztertzen genuen. Azterketari aplikagarri ziren balizko hermeneutikak ikertuz ekiten zitzaion21; jarraian, testuinguru ekonomiko eta magiko-erlijiozkoek garrantzia handia hartzen zuten -San Miguelen irudiaren eragin nabaria-; ondoren erritu ezberdinen egiturak aztertzen ziren; geroago, festaren garapena; eta azkenik, dantzak.

Aurreko guztia aintzat hartuz txotxongiloa, dantzari dantzaren zati izaki, hurrengo atalek osatzen zuten erritua behar zuela izan ondorioztatu genuen: 1) agintari-jainkotiarren agurra; 2) Kosmosaren berregitearekin zerikusia zuten dantzak, dantzarien baitan (8-1-2-3?-4); 3) neofitoaren heriotza eta berpizkundea; eta 4) taldeak berronartzea dantza sozial misto baten bitartez22.

Ziur aski, denboraren poderioz interpretazio gehiago agertuko dira, baina momentuz hauexek ditugu.

1URBELTZ, Juan Antonio, (1994) Bailar el caos, Pamiela, Pamplona-Iruña, 437. orr.

2Garaiko plazan otia loran, in revista Dantzari, 5, 1967, 20-22.

3IRIGOYEN, lñaki, (1972) Danzas de Vizcaya, in revista Dantzariak, 3.

4Diccionario 3000 hiztegia, Adorez 7, Bilbo 2002.

5MUJIKA BERRONDO. Plácido, (1981) Díccionario vasco-castellano. t. II, Mensajero. Bilbo.

6Ver www.dantzak.com

7ETXEBARRIA Y GOIRI. Jose Luis, (1969), Editorial vizcaína. Bilbo, 112 eta ss. orr Partitura 259.orrialdean dago. Beste dantza batzuetan ez bezala, Txontxongiloak ez du abestua izateko hitzik, nahiz eta "argi dagoen dantza guztiek euren bertso hitzak izan dituztena, besterik ez bada, euren ikasketa unean erabiltzeko" (13.orr).

8HUMBOLDT, Wilhelm freiherr von, (1975) Los vascos. Apuntaciones sobre un viaje por el País Vasco en Primavera del año 1801, Auñamendi, Donostia, 130-131. Humboldt honakoa aipatzen du: "Kurete ttipi hauen dantza gaur egun oraindik desitxuratu samarra bada ere, guda eszena baten antzezpena ikus daiteke, eta amaierak ekintzan hildako gudari baten hileta edota garailearen gorazarrea esanahiko du" (131 orr).

9SACHS, Curt, (1944), Historia universal de la danza, Ed. Centurión, Buenos Aires.

10ELIADE, Mircea, (1974) Herreros y alquimistas, Alianza ed. Bolsillo, Madril.

11ALFORD, Violet, (1962) "Sword Dance and drama", London: Merlin Press Limited, 165-170

12URBELTZ, Juan Antonio, (1978) Dantzak. Notas sobre las danzas tradicionales de los vascos, Caja Laboral Popular, Bilbo.

13ARMSTRONG, Lucile, (1984) Apuntes sobre el folklore vasco, in RIEV, t. XXIX.

14FRAZER, James George, (1890, lehen edizioa ingelesez), La rama dorada, FCE, Madril.

15SCHNEIDER, Marius, (1948) La danza de espadas y la tarantela, CSIS, Bartzelona.

16GENNEP, Arnold van, (1986) Los ritos de paso, Taurus, Madril.

17URBELTZ, Juan Antonio, (2000) Los bailes de espadas y sus símbolos. Ciénagas, insectos y "moros", Pamiela, Pamplona-Iruña.

18Id. 587 orr.

19MARTIN BOSCH, Pablo Antonio, (1994) Hermenéutica de la danza vasca. (bakarra, UPV-EHUn aurkeztua).

20Id. (1988-abenduak-1), La Danza Problemática. Periódico Galea, Getxo; (1990) La dantzari dantza: ¿Bailes rituales en Bizkaia?, in rev. Letras de Deusto,46.

21Ikus Hermenéutica de la danza artikulua.

22Ikus Danzas circulares gainean egindako artikulua.