Kontzeptua

Jabetza Kolektiboa: Iparraldeko adibidea

Antzina-antzinatik finkaturik beren lurretan, euskaldunek lurren zatiketarik gabeko jabetza-erregimen naturala hobetsi zuten, eta beren bizimodura egokitu, artzaintzara. Jabetza-eskubide era horrek mendez mende iraun zuen, kanpoko eraginen aurrean tinko. Euskal Herrian, jabetza kolektiboa zen.

Baina XVI. mendetik aitzina, indibidualismoa eta Estatuaren kontzeptua lekua irabazten hasi ziren. Jabetza-eskubidearen euskal kontzeptuaren aurkako erasoak gero eta ugariago bilakatu ziren, nahiz eta ez heldu hura suntsitzera.

Landu gabeko lurrak berezko erkidego bateko biztanle guztienak ziren, Zuberoan eta Nafarroa Beherean, eta parrokia batenak, Lapurdin. Etxeak, beren "ondasunekin eta mendekoekin", familienak ziren.