Dantza

Nafarroako dantzak

Pirinioetako euskal folklorearen zantzu bereizle eta berezi bat, baina ez bakarra, biribilean jarririk gizonek bakarka eta erloju-orratzaren aurkako norabidean dantzatzen zituzten dantza kolektiboak dira. Dantza hauen garrantziak, melodia eta koreografiari dagokionez duen berezitasunean datza. Euren artean nolabaiteko antzekotasuna badute ere, bi dantza mota bereizi behar dira atal honetan. Alde batetik iautziak eta bestetik mutil dantzak.

Iautziak (jauziak) Luzaidetik hasi, Behe Nafarroa merindadean, eta Lapurdi eta Zuberoako lurretan ere dantzatzen da, Biarnoraino ere heltzen delarik. Iautziak, berezko izena duten eta sarri konbinatzen diren, nahiz ez ausaz, oinarrizko pausu batzuk osatzen dute eta edozein festa berezitan dantzatzen zen, bestaberri edo inauteritan besteak beste. Errepertorioa zabala da eta berrikuntza are gehiago aberasten du. Ohituraren arabera, dantzari aditu batek pausu edo irudia abesten du gainerako parte hartzaileei edozein iautzi dantza dezaketela iragarriz, bere pausu sekuentzia luzeak gogoan hartu beharrik gabe. Bai bere izenetan eta bai bere doinuetan batzuk Baztango mutildantzekin parekatzen dira. Dantza mota honen estiloa asko aldatzen da zonalde batetik bestera eta baita dantzarien arabera ere.

Iautziak ezagunenen artetik honakoak aipatu behar dira: Zazpi iautziak, Hegi, Ostalerrak, Marianak (lau hauek oso ezagunak dira euren sinpletasunari esker), Muxikoak, Lapurtar-motxak segida, Lakartarrak eta Ahuntxa edota Katalina, Tellagorri edo Baztandarrak bezalako beste hainbat eta hainbat.

Mutil dantzak, biribilean eta erloju-orratzaren aurkako norabidean mutil gazteek dantzatzen dituzten dantzak dira eta hortik datorkio mutil dantza izena; Baztango Haranekoak dira. Hemeretzi pieza ezberdin mantendu dira (batzuk beste batzuen aldaera dira) eta bere estilo eta koreografiak bakarrak eta berdingabeak dira. 1918an koreografiak bateratu egin ziren Haraneko herrien artekoen artean zeuden ezberdintasunak desagertu zirelarik. Ez da ohikoa mutildantza egiten den artean pausuak iragartzea, beraz, mutildantzariek sekuentzia luzeak gogoan hartu behar dituzte. Dantzaren iraupenari dagokionez, laburrenak minutu erdi inguru irauten du eta zortzi minutu inguru luzeenak. Zirkuluak dantzariaren arreta eta begirada bereganatzen ditu eta haren erdian ezinbestez dantzak ezagutu behar dituen txistulariak jotzen du. Baztango mutil dantzaren mantentze eta iraupenaz ari garelarik ezinbestekoa da Mauricio Elizalde txistularia aipatzea, zeinak, bere aita, Antonio Elizalde eta Jose Telletxea txistulariak izan zituen irakasle. Eta dantzari sutsuenen artetik Elizondon 1939tik 1996ra mutildantzarien buruan egoteko eginkizun pribilegiatua izan zuen Mariano Izeta idazle eta poeta aipatu behar da. Jai egun adierazgarritan eta ospakizun berezitan dantzatzen ziren, bizilagunek elkarrekin egiten zuten lanari (auzalan) jarraitzen zion festan, esate baterako. Gaur egun oraindik pieza garrantzitsu eta berezia da herriko festen programaren barnean, Elizondon Santiago egunez ospatzen direnak nabarmentzen direlarik bere oihartzun mediotikoa dela-eta. Baztandarren Biltzarra festa baliatu izan da dantza honi herri mailako balioa aitortzeko.

Dantzaren hasieran bere handitasuna eta korporazio mailan duen garrantzia adierazten duen protokolo errespetagarri bat egiten da. aunitz urtez! delakoa, (urte askoan), bere doinua ezaguna ere baduena. Damuinausiak txistulariaren eta atabalariaren inguruan biltzen dira zirkuluan eta gainerako parte hartzaileak gonbidatzen dituzte, eskuan txapela jarriz agur orokorra egin ondoren. Behin taldea osatuta, salbuespenik ez bada, zehatza ez baina ohiturazkoa den hurrenkera errespetatuz interpretatzen da dantza zikloa. Horrek ordea ez du, inolaz ere, beti bilduma osoa dantzatu behar denik esanahi.

Mutildantzaren doinuek zatiketa bitarra dute eta bi bider lauko konpasean idazteko adostasuna dago. Behar bezala dantzatzeko, txistulariak eta atabalariak danborrarekin eta atabalarekin ezarritako erritmoari jarraitzen diete dantzariek. Musika-esaldi erregularrak, karratuak, zortzi konpasdunak nagusi badira ere, sarritan hausten da eskema hori. Hala, sei, hamar, hamalau eta hogei konpaseko musika-esaldiak ere badira, errepikapenekin edo gabe. Osotasunean hartuta, estilo sinplea baina doinu aldetik aberastasun handia duen izaera musikal adierazkorra dauka.

Honakoa da, agurrean sartzen den Aunitz-urtez ezagunaz gain, mutildantzak osatzen dituztenen zerrenda osoa: Hiru puntukua, Billantziko, Biligarroaine, Biligarroaine zaharra, Billantziko txiki, Billantziko zaharra, Zahar dantza, Mando zaharraine, Xerri-begi, Xerri-begi zaharra, Muxiko, Xoxuaine, Ardoaine, Añar-haundi, Tellarin, Xoriaine, Añar-xume, Zazpi-iauzi, Zazpi iautzi zaharra.

Mutildantza garai batean gazte ezkongabeen dantza izan bide zen. Dena den, azken mendean ezkonduen eta beteranoen parte hartzea ere izan du. Elizondoko protokoloak berak ere adin gehiagoko mutildantzari ematen dio lehentasuna gaur egun. Mutil helduak gonbidatzen dira soilik eta orain umeak ere onartzen dira. Baztango emakumeek mutildantzan parte hartzeko egiten duten aldarrikapenak ez du harrera baketsurik.