Dantza

Nafarroako dantzak

Makil dantza edo dance delakoak, jatorri eta izaera anitzak dituzten elementuak biltzen dituen bateratze herrikoia da, hala, Patroiari maizterrak eskaintzen dion diskurtso hagiografikoa, maizterraren eta artzain nagusiaren arteko pastorala, aingeruak menderatuko duen asmo txarreko deabruaren agerpena, antzezpena adoretzen duten dantzak, dantzarien aipuak eta artzain nagusiaren satira. Gehienetan dantzak makila motzekin- hortik dator ekitaldiaren izendapen orokorra- arkuekin, zintekin eta osa noizbehinka ezpatekin egiten ziren. Emankizunaren barnean besteak beste giza-dorreak ere egiten ziren.

Makil dantza, hegoaldeko erriberan kokatzen da Ebro ibaiaren eta Queiles eta Alhama, haren ibaiadarren alboan. Herriko patroi sainduaren ohorez ospatzen da. Corteseko herria izan da, XIX. mendean berezko dance hau zuten hamarka herrien artetik, etenik gabe bizirik mantendu duen bakarra. Joan den mendeko hirurogeita hamargarren hamarkadan hasitako berreskuratze prozesu baten ondotik, gehienak berriro ere susperrarazi dira eta beste hainbat sortu ere egin dira: Monteagudo, Murchante, Ribaforada, Fustiñana, Tuterako Lourdes auzoa, Ablitas...

Nafarroako Makil dantza Ebro ibaiaren ibilbide ia osoa jarraitzen duten dance horien sisteman barneratzen da, eta antzekotasuna handia du Moncayoko Somontano aragoarreko dance-ekin. Aldi berean, Makil dantza Pirinioetako artzain kulturarekin lotzen da eta hari zor zaio neurri handi batean, zehazkiago esanik makil dantzen eta pastoralen eraginari, trashumantzia instituzio zaharraren ondorioz.

Nafarroako Makil dantzaren eskemak honako programa du: segizioaren sarrera plaza edo oholtza gainera eta dantzarien dantza; maizterraren agurra eta patroi sainduari diskurtsoa; artzain nagusiaren sarrera; maizterraren eta artzain nagusiaren arteko pastorala; deabruaren oldartzezko sarrera eta diskurtsoa; aingeruaren eta deabruaren arteko sainetea; artzain nagusiaren eta maizterraren arteko eszena berri bat eta dantzarien sarrera; dantzariek Santuari egindako eskaintza eta artzain nagusiaren erantzuna; dantzak; artzain nagusiaren bakarrizketa; dantzak; maizterraren agurra eta amaierako dantzak.

Corteseko San Miguel dance-a arkanjeluko jaiaren egunez egiten da, irailaren 29an eta zortzi makil dantzariak maizterra eta artzain nagusia dira protagonista. Antzezpenean beste bi pertsonaiek parte hartzen dute: deabruak eta aingeruak. Taldea Udal ordezkariekin batera Elizara joaten da bertan prozesioan ateratzeko eta prozesioan kalejira otzanari makil hotsa eransten diote. Goizean San Miguelen aurrean eta arratsaldez jendaurrean dantzariek eskaintza dantzatzen dute, hau, makil kolperik gabeko agur pieza laburra da eta maizterrak eta artzain nagusiak parte hartzen dute, dantzarien kokapen aldaketa egiteko aprobetxatzen delarik. Arratsaldez, plazan kokaturiko oholtza baten gainean emankizuna izaten da errepertorio guztiarekin. Agintariek ekitaldia balkoitik begiztatzen dute eta San Miguelen irudiak oholtzatik bertatik begiztatzen du.

Cortesen dantzak bloke bakarrean interpretatzen dira, amaieran, hain justu ere. Lau dira zikloa osatzen duten dantzak: makilezko bi (valsa eta jota) eta bi txirikordatu (sinplea eta bikoitza) eta bietako bakarra ere ez da Cortesekoa espresuki, izan ere, aldaeraren batekin bada ere inguruetako dance-tan ere ikus daitezke dantzok. Doinuaren hedapen eta sona are handiagoa da. Bereziki, eskaintzak, jota (Gallurren postillón izendatzen dute) txirikordatu sinplea eta patatera entzutetsua (txirikordatu bikoitza). Ohar lez aipa dadin, valsa eta jota musikalki bere izendapenari badagozkio ere, makilak erabiliz egindako dantzak direla.

Corteseko makil dantzariek alkandora, galtza motzak eta galtzerdi zuriak janzten dituzte. Artilezko txaketa zuri batek eta haren gainean gurutzatutako zapi gorri batek osatzen dute janzkera. Zorongoa ere janzten dute eta zapatila zuriak dituzte gorri koloreko ertz finez. Makilak torneatuak eta zuriz eta gorriz margotuak izan ohi dira eta ia metro erdiko luzera dute.

Bere existentziari dagokionez mairu eta kristauen arteko gudu bateko programan dantzariek eurek antzezten zuten eta horrek frogatzen du bere antzinatasuna, gainera, pertsonaia eta testuak ere izaten zituen antzezpen hura, ezpataz egindako dantza batekin amaitzen zen. Horrez gain, XIX. mende amaierara arte emankizunean giza-dorre sinple bat barneratzen zen, non Nafarroako beste herri batzuetan bezala (ik. Gr. Marchante), artzain nagusiak hartzen zuen gaina ¡Viva San Miguel! oihukatuz. Dantza hauek, tradizionalki mutilek dantzatzen zituztenak, joan den mendeko hirurogeita hamargarren hamarkadan mutilen parte hartzea oso urria izanik, taldera emakume asko sartu zirelako mantendu ziren. Krisiaren ondotik, festak bi makil dantzari multzo ageri ditu: bata emakumez osatua eta bestea mutilez osatua. Neskentzat janzkera berezia diseinatu eta eratu zen.

Muskildako Ama Birjinaren ohorezko dantzen tradizioak hirurehun urte baino gehiagoko historia dokumentatua gordetzen du. Zikloa, pasio batek, lau makil dantzek - Emperadorea, Katxutxa, Dantza eta Modorro-, pañolo dantzak eta jotak osatzen dute. Buruan Bobo dutelarik, bi kopetako pertsonaia maskaratua, zortzi dantzarik, sinbolismo konplexua duen erritu bat berpizten dute, Ama Birjinaren ermitaren aurrean, irailaren 8ro. Ama Birjinaren Jaiotza da dantza inguratzen duen eguna eta Muskildako Ama Birjinaren Patroiak sostengatzen du. Bezperan, Zaraitzuko kaletar jantzia daramaten kideek emankizunari hasiera ematen diote patroiaren etxezainaren etxeari bisita eginez. Ondoren honekin eta Udal ordezkariekin segizioa egiten dute salveraino. Pieza guztiak eta kalejira dantzatzen diren bezperako ospakizun honi, nolabaiteko prestakuntza kutsua antzematen zitzaion, prestaketa edo entsegu orokor kutsua.

Egun handian, dantzariek, bere traje zuriz jantzita, etxezainarekin gosaltzen dute eta gaita-joleekin ateratzen dira dianan. Haiekin dantzatzen dute basilikarainoko kalejira - gaur egun ibilbide honen zati bat autoz egiten dute-. Bertan bi makil dantza eta jota (lehen pieza guztiak) dantzatzen dituzte eta elizara sartzen dira Ama Birjina prozesioan ateratzeko. Etxezainari, Udal ordezkariek, patronatuko kideek, eta jakina, amaitzean bere ohorez jota bat dantzatzen duten dantzariek laguntzen diote estandartearekin. Prozesioaren ostean dator meza eta hura ospatzen den bitartean musikariek eta dantzariek hamaiketakoa egiten dute. Hura amaitzen denean kalejiran agintariak lagunduaz Etxezainaren etxera iristen dira (berriro zati bat autoz) eta bertatik Alkatearen etxeraino. Honaino iritsita ospakizuna eteten da bazkaltzeko. Arratsaldean, dantzari eta musikariek kafea hartzen dute Etxezainaren etxean eta bertatik Elizara abiatzen dira kalejira dantzatuz, Bezperaren emankizunari ekiteko. Ondoren eta berriro kalejiran plazaraino joaten dira eta han agintari eta jendetzaren aurrean koreografia zikloa osatzen duten pieza guztiak dantzatzen dituzte beste behin.

Dantzariek oso janzkera berezia dute: galtzamotza lasai zuriak parpailadunak, ukabilean ixten den mauka zabaleko alkandora zuria. Sorbalden gainetik lepagainean janzten den Pirinioetako lepoko moduko bat. Alkandoraren gainean xala, bizkarrean eta bularrean gurutzatzen den zinta zabala, more eta urre koloreduna. Bi jantzien gainetik, garondoan laxo txiki bat eginez lepoari eutsita zinta koloreanitzak zintzilikatzen dira eta alkandora, xala eta lepokoa estaltzen dituzte. Zintan, punta zorroztua atzerantz jarrita Pañolo dantzan erabiliko duten zapi zuria korapilatzen dute. Buru gainean damasko-erako txano berezi bat jartzen dute, kono formakoa eta txikia borlazko punta duena, cachuha deritzotena. Galtzerdi zurien gainetik apretak jartzen dituzte. Letoizko zintzarri zaratatsuak erabiltzen dituzte, hamabina zangosagar bakoitzean. Makilak, arruntki ezpel egurrezkoak, beste makil dantza batzuetan erabiltzen direnak baino aunitz motzagoak dira.

Boboaren janzkerak ez du inolako zerikusirik dantzarienarekin alderatuz gero. Galtzamotzak eta txaketa ehun gorri-berdeak dira, arlekin erara eginak. Zakuto bat darama eta dantzariek bezala txanoa eta zintzarriak erabiltzen ditu, baina Pañolo dantza egiteko bi kopetako maskara bitxi batekin estaltzen du aurpegia.

Esan bezala, dantza errepertorioan lau makil dantza, (Emperadorea, Katxutxa, Dantza eta Modorro) zapiak erabiliz egiten den dantza, Pañoloa, eta Jota barneratzen dira. Horri, jadanik aipatu den Kalejira edo Pasiera erantsi behar zaio, azken hauek dantzariek leku-aldaketak egiteko dantzatzen dituzte eta kriskitinei eragiten die lagungarri gisara. Dantza hurrenkera aipatu dena da eta berau aldagaitza da, gainera dantza guztiek folklore zaleentzat interesgarriak diren berezitasunak dituzte.

Berako makil dantzaren egitura sinplea da, mutilen errituari ekiteko eta erritmoa jartzeko aproposa. Hamabi pieza ezberdin dantzatzen dira, azkena zagi-dantza bat da, Goizuetan dantzatzen denaren parekoa. Ondoan dagoen Lapurdiko dantzen antzekoak dira.