Zinekoak

Adiós, pequeña

Imanol Uribek zuzendu zuen filma, 1986an, eta Travelling Films-ek produzitu.

Bitxia da: El proceso de Burgos (1979), La fuga de Segovia (1981) eta La muerte de Mikel (1983) film arrakastatsuak egin ondoren, Euskal Herriaz hirurak, Uribek ez zuen jaso laugarren honekin Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza. Bai, aldiz, Espainiako Kultura Ministerioarena, eta horrela egin zen filma. Euskal errealitateaz nazkaturik, euskal zuzendaria zinema beltzean babestu zen -jada titulua Raymond Chandler-en Adiós, muñeca-ren erreferentzia garbia da-, ordu arteko bere filmografian nagusi zen gai politikotik ahalik eta gehien urruntzeko. Hona filmaren laburpena: Beatriz (Ana Belén) familia oneko abokatu bat da, eta, aitak aldaba onak dituelako, Lucasen (Fabio Testi) defentsa lortzen du, horri droga trafikoa leporatzen baitiote. Kasu itxuraz arrunta korapilatu egiten da, azkenean Beatriz gainditzeraino. Bere bezeroaz maitemintzean, abokatua ohartzen da hark jende inportantea engainatu duela, eta drogaren parte bat gorde duela atxiloketaren aurretik. Azkenean, hil egiten dute Lucas, eta Beatriz konturatzen da aita dela operazio osoaren buruzagia. Abokatuaren mendekuaz amaitzen da filma.

Adiós pequeña-n, ongi deskribatzen dira giroak, eta antzezpena ere eraginkorra da. Horrek Uriberen talentua erakusten du. Tamalez, gidoiaren hutsuneek, eta Beatrizen eta Lucasen maitasun-istorio gaizki josiak handiro mugatzen dute azken emaitza. Uribek, gainera, euskal testuingurutik atera nahi du obra, aurreko obren politizaziotik ihes egiteko, eta pertsonaia faltsu batzuk sortzen ditu, amerikar zinema beltzekoen imitazio hutsak. Horrek sinesgarritasuna kentzen dio istorioari. Filma baldintza kaskarretan filmatu zen. Fabio Testi eta Ana Belén ez ziren ongi konpondu filmaketan, eta haien maitasun-harremanak sekula ez zuen itxura jatorrik lortu. Izan ziren beste hamaika gorabehera ere, guztiak proiektuaren maila artistikoaren kaltegarri: Eusko Jaurlaritzak, ustekabean, uko egin zion dirua ipintzeari; Uribe bera eta Ana Belén sekula ez ziren ados jartzen; jadanik esan dugun bezala, bi antzezle nagusiak azpitik gerran ziren beti; Lambert Wilson-ek ere alde egin zuen azken unean, bera izan arren protagonista izateko Uribek hautatua, eta Fabio Testiren bila joan behar izan zen zalapartaka, filmaketa hasi baino bi egun bakarrik lehenago... Kritika hotz agertu zen Adiós, pequeña-ren aldera, eta ikusleek ere erantzun diskretua eman zuten txarteldegian.

  • Angulo, Jesús (et al.), Entre el documental y la ficción. El cine de Imanol Uribe, Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1994, 181 or.
  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zk., 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 276 or.