Zinekoak

Kutsidazu bidea, Ixabel

Tentazioa, Orio eta Rec euskal produkzio-etxeek produzitu zuten filma, 2006an. Eusko Jaurlaritzak, Euskal Telebistak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Berria egunkariak lagundu zuten proiektua finantzatzen. Fernando Bernués eta Mireia Gabilondo izan ziren zuzendariak, antzerkian eta telebistan zaildutako zinemagile bikotea.

Euskaraz egindako film honekin sartu ziren biak film luzearen munduan. Filma Joxean Sagastizabalen izen bereko eleberrian oinarritzen da. Literatur lan horrek arrakasta handia izan zuen bere garaian, eta antzezlan bat ere sortu zuten berarekin. Hauxe da Kutsidazu bidea, Ixabel-eko istorioa: Juan Martín (Mikel Losada) mutil gazte donostiar bat da. 1978ko udan, baserri batera joatea erabakitzen du, bere euskara osatzeko. Dakusagun kontrastea da gakoa. Gizonezko protagonista lotsatia da, hiriko mutil klasikoa, eta baserriko familia, aldiz, zakarki naturala. Bere ikasketa prozesuan, dena oztopo zaio Juan Martíni. Kontuan hartu behar da, gainera, zein trakets eta negargarri ageri den hasieran. Hortxe dago komedia erromantiko honen komikotasunaren oinarria. Hasiera-hasieratik, izan ere, berak ikasi duen euskara akademikoa ez bezalako euskara topatuko du Juanek. Baserriko amonak (Iñake Irastorzak ederki jokatua) irribarre maltzur batekin hartzen du gaztea. Agerian gelditzen da nolako inpresioa sortu duen hiriko mutilak baserri munduko pertsonen artean. Haren amesgaiztoa oraindik luzeagoa da, ordea: zakur batek erasotzen dio, behi-kakatan nahasten da askotan, eta gau beldurgarri batzuk pasatzen ditu, logela berean abuztuko bero zakarra eta bi anaia bikien zurrungak jasaten. Egoera horiez gainera, non protagonista beti barregarri gelditzeko zorian den, badira beste bi trama ere filmean.

Lehena, kutsu politikokoa. Hor, Euskal Herrian Trantsizio garaian izan zen giro gogorra erakutsi nahi dute zuzendariek, eta, jakina, halako batean, filmeko pertsonaia batzuk kuarteltxora eramaten dituzte. Beste trama, berriz, maitasun-istorioa da. Juan Martín baserritarren alaba txikiaz, Ixabelez (Ainere Tolosa) maitemintzen da. Horrek, ordea, beste mutil bat du atzetik (oztopo berri bat protagonista ausart eta koitaduarentzat): eskualdeko pilotari gazte ikusgarri bat. Kutsidazu bidea, Ixabel komedia nahiko biribila da. Oso ongi nahasten ditu komikotasuna eta trama erromantikoa. Zuzendariek ederki baliatzen dituzte pertsonaien arteko kontrasteak, maitasun-istorio sinesgarria garatzen dute, eta etekin ederra ateratzen diete euskal bazterrei. Filma Aupa Etxebeste! (2005) baino urtebete geroago estreinatu zen. Bi produkzioen kalitate handiak eta ikusleen artean izan zuten arrakastak bultzada handia eman zioten euskarazko zinemagintzari, urteak baitziren Euskal Herrian film luzerik euskaraz egiten ez zela. Eta laurogeietan eta laurogeita hamarretan filmatutakoak ere ez ziren, tamalez, oso ugariak izan. Kutsidazu bidea, Ixabel Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten. Ikusleek harrera bikaina egin ziotenez, Euskal Telebistak telebistarako sail koskor bat egokitu zuen, bots atalekoa, izen berarekin.

  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 276 or.