Zinekoak

Bizitzak zikintzen du

Tornasol Films-ek eta Iberrota Films-ek produzitu zuten filma, 2003an. Enrique Urbizu zuzendariaren zazpigarren filma da.

Harrigarria gertatu zen obraren estreinaldia, bi arrazoiagatik. Alde batetik, Urbizuk La caja 507 (2002) thriller arrakastatsua zuen estreinatu berria, Cachito (1996) film luzearen porrotagatik luzaroan ezer filmatu gabe egon ondoren. Eta, bat-batean, artean bere berpizkundeaz gozatzen ari zela, hor non estreinatzen duen La vida mancha. Beste aldetik, obra berriak atzean utzi zituen zuzendariak komediaren mundura egindako hurbilketa (Tu novia está loca) eta genero beltzean izandako lorpenak (Todo por la pasta eta La caja 507), eta kutsu intimistako melodrama bati ekin zion. La vida mancha filmak Michel Gaztambideren gidoi bikain bat du oinarri. Hona istorioa: Pedro Salazar (José Coronado) eta Fito (Juan Sanz) anaiak elkartu egiten dira, urte askoan bata bestearen berririk gabe egon ondoren. Pedro gizon guapoa da, enigmatikoa, zori ona beti alde izan duena, nahiz eta sekula ez dituen aipatzen bere negozioak. Egun batean, Fito anaia txikiaren etxean agertzen da. Juana ederrarekin (Zay Nuba) ezkonduta dago hori, eta seme bat dute. Fitoren bizia, ordea, desastre bat da. Kamioilari gisa irabazten duen dirua kartetan erretzen du, eta emaztea, diru ezagatik larri, etsitzen hasia da. Pedro beti bakartiak ez daki zer egin giro horren aurrean, ez da gauza ingurukoekin lotura bat sortzeko. Anaiaren emaztea desiratzen du, baina harresi gaindiezin batek banatzen du harengandik, eta horrek are sustrairik gabeago sentiarazten dio, ez da lekurik berarentzat berak errotu nahi lukeen tokian.

Filmak halako kadentzia lasai batekin egiten du aurrera, zeharo urrun da Todo por la pasta edo La caja 507 filmetako ekintza-sail arin bizkorretik. La vida mancha behakoz eta isiltasunez dago eraikia. Ez da harritzekoa Urbizuk zinema mutua errebindikatzea film honekin, eta Murnau-ren Amanecer eta El pianista-ren (Roman Polanskik Holokaustoaz egindako obra aparta) azken ordua ipini zituen zinema huts-hutsaren indarraren adibidetzat. Zuzendariaren beste filmekiko urruntasun hori gorabehera, La vida mancha-k badu antzik Urbizuren beste film batzuekin. Trama, esaterako, bi pertsonaien arteko antagonismotik abiatuta dago eraikia. Kasu honetan, bi anaiak dira. Tu novia está loca-n, Mikelek eta Juan Vergara aktoreak betetzen dute eginkizun hori; Todo por la pasta-n, Estrada eta Egea poliziek, eta La caja 507 filmean, Modestok eta Rafaelek. Gainerakoan, filmak western-aren egitura du. Ez da, jakina, unaiz, indioz, eta zalditeriako zazpigarrenaz betetako obra. Baina bada gizon ibiltari bakarti bat, iragan ezkutuko arrotz tipikoa, zeinak gizartean integratzeko beste aukera bat bilatzen baitu. Heroi misteriotsua da, mendebaldeko ohiko kolono-familia asentatuarekin alderatuta. Kalifikatu ere, emozioz betetako western kalifikatu zuen Urbizuk La vida mancha, Raíces profundas edo Centauros del desierto filmen eragina aitortuta. Guztietan, amorratuta bizileku baten bila dabiltzan pertsona bakarti horiei egiten zaie erreferentzia. Izan ere, Pedrok izugarrizko antza du Raíces profundas-eko Shane-ekin edo Centauros del desierto-ko Ethan-ekin. Filmean, ordea, badira beste erreferentzia batzuk ere. Douglas Sirk-en melodramen eragina nabari da, eta David Noodles Aaronson aipatzen da behin, hots, Sergio Leone-ren Érase una vez en América ederrean Robert de Nirok jokatzen duen pertsonaia. La vida mancha bere antzezte bikainagatik nabarmentzen da, eta film osoa blaitzen duen emozio karga handiagatik. Málagako Espainiar Zinemako VI. Jaialdiko (2003) sail ofizialean aurkeztu zen filma, eta kritikak aho batez goraipatu zuen Urbizuren lana. La vida mancha-k Epaimahaiak Film Onenari ematen dion Jules Verne Saria eskuratu zuen Nanteseko Espainiar Zinemaren Jaialdiko XIV. ekitaldian.

  • Angulo, Jesús; Heredero, Carlos F.; Santamarina, Antonio: Enrique Urbizu, la imagen esencial, Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 2002, 358 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.