Zinekoak

Akelarre

Anboto produkzio-etxeak produzitu zuen filma, 1983an, eta Pedro Oleak zuzendu. Akelarrerekin, Pedro Olea Euskal Herrira itzuli zen, espainiar zineman ibilaldi interesgarria egin ondoren, eta, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza politikaren babesean, euskal sorginei buruzko film hau filmatu zuen, XVII. mendeko Nafarroan girotua.

Akelarre filmako istorioa herrixka batean gertatzen da. Fermín de Andueza jauntxoak agintzen du hor. Baserritar batzuk aseak dira haren pribilegioez, eta koloka jartzen dute haren boterea. Jauntxoak, aurkakoez libratzearren, kanpaina gogor bat hasten du horko ustezko sorginen aurka, herriko erretore ustelaren eta monasterioko priorearen isiltasunaren laguntzaz. Helburu zehatza du: izua eta salakeria hedatzea herrian, horrela berak kontrol politikoa atxikitzeko. Beraz, xantaia eta engainuak erabilita, eta Gaztelatik heldutako monje inkisidore batek asmatutako tortura basatiez, kazikeak, herritarren ezjakintasunari eskerrak, nahiko erraz lortzen du beraren aurkako indarra desegitea. Une historiko horren interpretazioa dateke filmaren alderdirik biribilera. Inkisidorea piztia anker bat da, baina ez da ageri -hori irtenbide errazegia litzateke- Espainiak euskaldunak zapaltzeko daukan tresnatzat, baizik eta Fermin Anduezaren, benetako zapaltzailearen, tresna gisa, jauntxoak boterean iraun nahi baitu, eta oraindik pribilegio gehiago metatu.

Ikuspegi horretatik begiratuta, filma interesgarria da. Ihes egiten du manikeismo merkeetatik, eta oso modu adimentsuan politizatzen du mitoa. Akelarrek problema handi bat du: kutsu akademizista nabarmena dario. Horrek asko urruntzen du ikuslea pantailan ikusten ari denetik. Horrelako istorio batek planteamendu tekniko erradikalago eta ausartago bat behar zuen. Dena dela, Akelarre produktu duina da. Interesgarria, teknikoki aitzakiarik gabea. Arrakasta dezentea iritsi zuen zinema-aretoetan. Berlineko Zinemaldian lehiatzeko hautatu zuten, gainera, 1984an.



  • Angulo, Jesús: Un cineasta llamado Pedro Olea, Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1993, 159 pp.
  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 pp.
  • López Echevarrieta, Alberto: Cine Vasco: de ayer a hoy -época sonora-, Bilbao, Mensajero, 1984, 331 pp.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, núm. 3, 1999, 407 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.
  • Unsain, José Maria: El cine y los vascos, San Sebastián, Eusko Ikaskuntza /Sociedad de Estudios Vascos-Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca, 1985, 355 pp.
  • Zunzunegui, Santos: El cine en el País Vasco, Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundia/Diputación Foral de Vizcaya, 1985, 603 pp.