Dantza

Joko Dantzak

Zalantzarik gabe, Baztango bailarako (Amaiurko, Arizkuneko, Azpilkuetako, Elizondoko, Erratzuko...) Irri dantzak, ziklo trinko gisa eta jatorrizko deiturarekin, Euskal Herriko ezagunenak dira. Horien historia, baita horien koreografia eta musikak ere, hainbat alditan argitaratu dira.

Ziklo hori honela dago osatua1:

  • Bizkar Dantza / Bizker Dantza
  • Eskalapoin Dantza
  • Esku Dantza
  • Ipurdi Dantza
  • Jean petit qui danse / Xanpetrike / Xapenpetiki dans / Lepetike dans
  • Isats Dantza / Itsas Dantza / Itses Dantza
  • Katadera Dantza
  • Katadera Dantza inguruan
  • Paxa Dantza
  • Saskito Dantza
  • Zartain Dantza
  • Zurrume Dantza

Dantza horiek guztiek dituzte koreografia- eta musika-aldaerak bailaratik kanpo. Horietako batzuek, esaterako, Katadera Dantzak, Nafarroan beste izen batzuk dituzte, hala nola, Alki Dantza, Silla Dantza, Kadera Dantza edo Kadira Dantza.

Bizkar Dantzak paralelotasun zuzenak ditu Ablitasko (Nafarroa) "Baile del Plego" eta Otxandioko (Bizkaia) Ezetz ixetukoa dantzarekin. Gauza bera gertatzen da Saskito Dantzarekin eta Ultzama bailarako (Nafarroa) Almute Dantzarekin.

Isats Dantzak -Korrea Dantzak edo Ugal Dantzak bezala- jolasaz gain beste osagai bat du, eta hori zigorra da. Lehenengoaren mugimenduak errepikatzen ez dituena erratzaz edo gerrikoaz jotzen dute; eta Zartain Dantzaren kasuan, esertzeko eserleku gabe gelditzen denari zartaginarekin, erretako kortxoz aurrez lohitua, aurpegia zikintzen diote.

Hain hedatuak ez dauden arren, orain Bizkaiko inguru euskalduneko parterik handienean, Arabako iparraldean eta Gipuzkoako parte batean burutzen den dantza bat izango dugu mintzagai. Txakolin Dantzari buruz ari gatzaizkizue.

Koreografia errazekoa da, baina, halere, badira argitaraturiko ikerketa batzuk eta atal ezagun batzuk. Bestalde, bere letra duenez, aldakortasuna, egoeraren araberakoa, oso txikia da. Letra berezia du, eta dantzatzeko momentuaren partikulartasunaren berri ematen digu. Ez da beharrezkoa musika-tresnarik erabiltzea laguntzeko.

"Txakolin, txakolin,
txakoliñek on egin,
txakoliñek emongotso
Maritxuri zer egin.
Aurten merke, igez karu
ez da inportadutzen,
txakoliñek emongotso
Maritxuri edaten.
Txakote, majote,
txako, txako, txakote,
txakote, majote,
haraxe ta honaxe.
Peruxe, Maruxe,
Peru, Peru, Peruxe,
Peruxe, Maruxe,
haraxe ta honaxe.
Txako, txako, txako,
txako, txako, txakote,
txako, txako, txako, txako,
akabue dok euxe."

(Txakolin Dantza letraren Loiuko (Bizkaiko) bertsioa)

Dantza batzuetan beharrezkoa da erremintaren bat erabiltzea. Horietako batzuetan makilak erabiltzen dira, esaterako, Makil dantzan. Hori, batik bat, inauterietan dantzatzen da. Gipuzkoan, Amezketan Talaik izenez eta Abaltzisketan Txantxo Dantza izenez ezagutzen dira, eta Lapurdin Makil ttippi izenez. Badira makilak erabiltzen dituzten beste dantza batzuk ere, esaterako, ardo zahagi huts puztuak makilaz jo behar diren dantzak:. Zaragi Dantza, Zagi Dantza, Zaku Dantza edo Jorrai Dantza, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako lurraldeetan.

Joko-dantzen konfigurazioan garrantzizko alderdia da alaia izatea eta umorearen bitartez barrea sorraraztea. Ezaugarri horiek, zalantzarik gabe, Oriako (Gipuzkoa) eta Antzuolako (Gipuzkoa) Sorgin Dantzetan (jatorria Bergaran, Gipuzkoan, duena) aurki ditzakegu, eta Aretxabaletako (Gipuzkoa) Txino Dantzan. Horietan, dantzari batzuk emakume janzten dira eta publiko artean barre-algarak sortzen dituzten keinuak eta ukitzeak egiten dituzte.

Beste behin, hizkuntzaren eta mintzairaren indarrari esker, fenomenoak izendapen-aldaera eta hizkuntza-aldaera aberatsak ditu.

1Letra etzanez beste hizkuntza-aldaera batzuk, Baztango Bailaran edo beste herri batzuetan erabiltzen direnak.