Kontzeptua

Herriko Jaiak

Urteko jaiek hainbat ospakizun finko dituzte (data zehatz batzuetan) eguzkiaren araberakoak direnak, eta beste batzuk aldatzen direnak (gure egutegian ez dute egun zehatzik), urtero jartzen direnak, pazko-eguneko ilargi betea, martxoaren 22tik apirilaren 25era bitartekoa, oinarri hartuta. Urteko jaiak, eskuarki, honako aldi edo zikloetan antolatzen dira:

Hala, Eguberri ingurua urteko aldirik hotzena izaten da, elurra eta euria tarteko. Etxeko lanak egiteko edo baserri barruko lanak egiteko aproposa, sukalde-giroko egonaldiek garrantzi handia izan ohi dute. Jesusen jaiotza ospatzen da eta urte berriaren hasiera, inguru erlijiosoak leundutako poztasun berriz.

Inauteri-garaia, elurte eta hotz, azaroan hasitako ereintzaren bukaera da. Urtero aldatzen da, pazko-garaiko ilargiaren arabera, jai giroa bizi-bizia, ez-ohikoa izaten da.

Urtero aldatzen da, baita ere, Garizuma-aldia: berrogei egun dira (Hausterre asteazkenetik Astelehen Santura), edo zazpi aste (Inauteri astean hasi eta Aste Santura bitarte). Neguaren azken hondarretan eta udaberriko hastapenetan, zelaiei arreta egiteko garaia da. Barau egiten da, bijilia, otoitza eta besta giroko barnera biltzea.

Aste Santuko zikloko ospakizun erlijiosoen multzoak bere baitan hartzen du pazko ilargia (herriak sinesten du Kristoren heriotza ilargi betez izan zela), urteko jai mugikorrak antolatzen dituena. Aldi horretan prozesioak eta nekaldiaren antzezpen biziak egiten dira, "Gurutz bideak" eta beste ospakizun erlijioso batzuk.

Soroen jorra, garbiketa eta zaingoarekin hasten da Maiatzeko jai-garaia. Landare-sinbolo ugari daude, errogatibak edo erromeriak gainetako ermitetara eta ur nahiz zelaiak bedeinkatzea. Apirila eta batez ere maiatza udaberriko izadiaren berritzearekin lotzen da eta Ama Birjinarekin. Orduan igotzen dira artzainak eta artaldeak goiko larreetara, udara pasatzera.

Ekainean hasten dira fruitu-biltzeak edo uztak eta belarra ebakitzea. Alaia eta jaiera handikoa da Gorpuzti-jai ingurua, zikloan egun seinalatua, Sakramentu txit santuaren ( Jaunaren irudia, jaiotzen den eguzki) ohorezko prozesio nagusiek eta garaiko erromeriek ematen diote kutsua.

Udako solstizioarekin eta nekazaritzako edo arrantzako lanekin batera, ekainean, San Joan eta San Pedro arteko egunak erritu eta sinbolo ugarikoak dira (suak, konjuruak, adarrak, eta abar.), eta orduantxe hasten dira hamaika herritako jai nagusiak.

Zaindariaren jaiak uda guztian zehar eta udazkenaren parte batean gertatzen dira. San Migel (irailak 29) izaten da bukaera, eta artzainak beheratzen dira euren artaldeekin negurako. Udako festa horiek guztiak, ospatzeko eran eta moldean, nahiko antzerakoak izan ohi dira (batetik besterako alde txikiak gorabehera).

Azkenik, udazkeneko jai-zikloan, nekazaritzako urte berrirako aldaketa gertatzen da. Urrian bukatzen dira fruitu- eta uzta-biltzeak, azaroan berriz hasten dira ereiteak eta ongarritzeak. Era berean, egiten dira, etxerako gordailuak (urrak, sagarrak, intxaurrak, artoa, gaztainak, hostoak eta lastoa, eta abar.) negu gogorrari aurre egiteko, feria eta merkatuak hasten dira (nekazaritzakoak eta ganaduenak) eta nagusitzen dira hotza eta gaua. Era guztietako ospakizun garaia da: hildakoen omenezko Santu guztien Eguna, San Martin aldean egiten den txerri-hiltzea edo Bariko San Nikolasen jai herrikoia eskolan.

Jakina denez, hasierako ilargi-egutegi batean oinarritua (ilargiaren gora-beheren mende), gaurko egutegi judu-kristaua osatzen joan zen (urte juliotarraren gainean eraikitakoa) eguzkiaren arabera. Hala hainbat ospakizun herrikoiren ordez (izadiarekin lotutakoak eta numen jentilekin) beste zehatz finko batzuk jarri zituzten (santutegi kristaukoak). Aldaketa prozesu hau ez zen gauetik goizera egin, astiro egin zen eta izan zuen zailtasunik eta aurkakotasunik franko. Horregatik, festa batzuek nahasketa edo mailaketa erakusten dute, eta eutsi egiten diete kristautasunaren aurreko sinesteei.

Oraingo egutegiak urtetik urtera daukan mugimenduari begiratuz, ikusiko dugu jai-egunak Udaberriko lehen ilargi beteak ezartzen dituela, Pazkoa finkatuz. Nizean 365. urtean egindako kontzilioan erabakitakoa dugu.

Hala, tarteei begira, ikus daiteke Erramu Igandetik 40 egun kontatuz gero, hausterre asteazkena dugula eta berrogei egun horiek osatzen dute Garizuma. Hasi aurretik Inauteri-giroa dago (sexasesimako igandea, Ostegun Gizena edo Urdelardero, Inauteri Igandea, Astelehena eta Arteartea). Erramu Igandeak bide ematen dio Aste Santuari. Eta Pazko Igandetik berrogei egun kontatzen baditugu, Jasokundeko osteguna izango da, Mendekoste jaiegunetik gertu.

Bestalde, tokiko jaien artean jai nagusiak daude (San Juan, Corpus Christi, Zaindariaren jaiak, eta abar.). Herrian ez ezik, beste leku batzuetan ere hala dira, orokorrak eta garrantzi handikoak kristauentzat. Ez dira tokian tokiko jai txikiak, herri-jaierakoak, gainetan edo auzoetan egiten direnak (santuak, Andre Mariaren agerpenak, mirariak, errogatibak eta abar).

Jaien egitaraua osatzeko badira jaiegun jakinak (Eguberriak, Inauteriak, Garizuma, Aste Santua eta abar.), egituraz antzekoak baina garaian garaiko ezaugarriak dauzkatenak. Bukatzeko, badira pertsona ospetsuen bisiten ospakizunak, hainbat oroitzarre (guduak, fundazioak, alardeak eta abar.) eta etxean nahiz auzoan ospatzen direnak, eta errituak (bataioa, ezkontza, lurperatzea eta abar.).

Zaindarien jaiak kokatu ditugu, esan dezagun bada tokiko jaiak direla, herriarentzat esanahi berezia dutenak, jai handiak dira, jendea biltzen dute elkarrengana, eta auzoetako (sakabanatutakoak direnak eta ez direnak) jaien gainetik daude. Esan bezala, udan izan ohi dira eta uzta bildu ostean, hori baita ugaritasunaren edo oparotasunaren garaia. Eta haietan islatzen dira tokiko komunitatearen egitura soziala eta bertako harremanak.

Gainera, historian zehar, eta urtez urte, aldatuz doaz edukian eta zentzuan, garaiko gustuen eta herri ekimenen arabera. Hala ere, jai nagusien hezurdura zein den esan daiteke, iraupenean, egituran eta jardueren edukietan. Gaur egun, globalizazioaren eraginez, aisiaren merkatu bateratzailearen mende daude neurri handi batean.

Lehenagotik, antolatzaileek erabakitzen zituzten jardunak, kontratazioak eta gastuak. Eskuarki, gazte taldeek egiten zuten lan hori (maiz gaztaroan elkartutako taldeek). Bezperan, ordezkari gazte batzuek festetarako kontratatutako kanpoko musikarien bila irteten zuten, harrera eginez (ibilbidean laguntzen zieten, ostatu ematen edo jan-edana eskaintzen), edo zahagia bete ardo edo edari ekartzen zuten. Gainerako lagunek, aldez aurretik, egitura prestatzen zuten (apaingarriak, edaria, puskak biltzea, argiak jartzea, azken entseguak egitea, itzal handikoei bisita egitea eta abar.).

Kanpai-errepika, lehen musika-notak eta bolbora-hotsa (tiroak edo koheteak) edo lehen elizkizunak, horiek ematen zioten hasiera festari santu zaindariaren bezperan. Batzuetan, herriko etxeetan zehar itzulia egiten zuen musikak, lehen dantza publikoa antolatzen zen, jai-giroko ikurrak jartzen ziren, eta familia biltzen zen jai-antolaketei azken ukitua emateko.

Jaiegun nagusia emakumeentzako goiz-meza batekin hasten zen (etxeko andre eta neskame), eguerdiko otordua prestatu behar baitzuten. Kontuan hartu behar da jai nagusietan ahaideak etortzen zirela kanpotik eta etxean hartzen zutela ostatu eta bertan otorduak egiten. Gero, hauen herriko jaietan, gonbitea itzultzen zitzaien. Meza nagusian zeuden herriko agintariak, elizakoak, itzaltsuak, herritarrak eta bisitariak oro, guztiak ere jantzirik dotoreenak soinean zeuzkatela. Meza abestutakoa zen, predikatzailea, organo musika edo korua eta inoiz, prozesioa ere bai.

Meza amaitutakoan, udalekoek, alkatea buru zutela, jurisdikzio-egintza edo entzunaldi bat egin ohi zuten, auziak edo auzi-gaiak ebazteko. Ondoren, plazan errituzko dantzak edo dantza sozial formalak egin ohi ziren (antza denez udal-banden ordez erromeria edo dantzaldi publikoak jarri zituzten). Apustu edo desafiorik ere egiten zen (giza demak edo animaliak tarteko zituztenak), bertsolarien bat-bateko jardunak eta beste zenbait egintza (herri-kirolak edo lehiaketak, musika-entzunaldiak, auzoen arteko topaketak eta abar.).

Bazkaltzera etxera joaten ziren eta bertan, gonbidatuak ugari, eta bazkaria edo jaietako otordua oparoa izaten zen, nagusiki gonbiteak elkarri egiteko ohituragatik. Bazkalostean musikariak etortzen ziren bisitan familien ohoretan (etxe bakoitzean dantzaldiak eginez, kantuak edo musika entzunaldiak) gonbite, hamaiketako edo txanpon truke.

Arratsaldez, eskuarki elizkizunaren ondotik, herriko dantzaldia hasten zen eta bertan gazteek beren harremanak egiten zituzten eta helduek gazteak zaintzen. Iluntzean bukatzen ziren dantzak otoitzerako deiarekin, Orduan den-denak etxerako bidean jartzen ziren.

Jaietako bigarren egunean gauzak ez ziren asko aldatzen, ez egituran ez jai ospakizunen hurrenkeran, egun nagusia edo zaindariaren egunetik. Beti ezkonduentzako eguna izan da eta gogoan izaten ziren hildakoak, eta hala egun horrek ezaugarri bereziak zituen. Protagonismoa ezkonduek zuten, senar-emazteek. Gizarteko dantzak hasteko ohorea zuten (emakumeek edo gizonek zuzenduta) eta gizartean zuten pisua egun horretako ospakizunetan erakusten zen (bazkariak, prozesioak, gonbidapenak eta abar). Hala, arimen aldeko meza egiten zen, gomuta berezi bat eguneko ofizio erlijiosoetan eta diru-bilketa berezia hildakoen arimen alde. Azkenik, aipatzekoa da zaindariaren izena txiki egiteko joera (Antontxu, Roketxu, Lontxo, eta abar).

Zortzigarren eguna, edo aste-muga, hurrengo astearen bukaeran egiten zen (lehenago aste osoan izaten zen edo beste hiru jaiegunetan) antzerako egitura eta antolamendua izaten zuten, baina ez ziren hain ospetsuak. Batzuetan izen txikigarria ematen zitzaion errepikapeneko bigarren egunari. Jaiari bukaera ona emateko, kontratatutako musikak eta udaleko kideek azken ibilbidea egiten zuten jaietako eremuan, emakumeek dantza barnekoiagoak egiten zituzten, beren gizarte-dantza edo errituzko dantzak, eta jendea etxeratu egiten zen. Gazteen jai-elkarteak zeuden tokietan, hamabost egunen buruan elkartzen ziren balantze ekonomikoa egin eta jaien ekitaldia ixteko.

Ikusten denez, asko dira jaien osagaiak denbora igaro ahala finkatzen joan direnak, aldatzen edo ezkutatzen. Horrek esan nahi du jai nagusien dinamika bizi-bizia dela eta gainera, jaia moldatu egiten dela unean-unean eta protagonisten gustuen arabera. Hala, eta adibide adierazgarritzat, erraldoiak eta buruhandiak daude (Korpuseko prozesio zeremoniatsukoak edo inauterietako ibilbideetakoak). Horiek elementu berriak dira jai nagusien barruan, oraingo festetako panpina sinbolikoekin batera. Hau da, egutegiko beste jai batzuetatik ekarritakoak edo egokitutakoak dira, bestela desagertuko zirenak.