Kontzeptua

Artearen Historia

Aurreko aldietan euskal artea europar estilorik garrantzitsuenen gerizpean garatu zen bitartean eta beti nolabaiteko atzerapenez, egun, Euskal Herrian sortutako arte adierazpenak munduko beste hainbat tokietan sortutakoekin batera daude. Berez, gure arte sorkuntzak eta beste toki batzuetan egindakoak ez dira oso desberdinak, batez ere homogeneizazioa eta globalizazio prozesuaren eraginagatik. Berririk garrantzitsuena, arte diziplina desberdinen arteko mugak desagertzea izan da, teknologia berrien bitartez gauzatutako diziplina berrien inkorporazioarekin batera. Ezaugarri hori dela eta, nazioarteko gainerako esparruetan ere topatzen dugun heinean, postmodernitatearekin batera gertatzen baita, garai hau anitza dela esan dezakegu.

Arte
 

Arkitekturari so eginez, joera postmodernoak pentsamolde berria ekarri zuen, hau da, historia berreskuratzea proposatzen zuen diziplina bera testuinguru zehatz batean kokatzearren. Ondoren, laurogeiko hamarkadan, ezaugarri nagusia askatasun formala izan zen eta, arrazionaltasuna birsortu zen arren, nolabaiteko eklektizismoa nagusitu zen. Hala ere, oso tradizio ezberdinak bateratu ziren: funtzionalismoa, espresionismoa, historizismoa eta erregionalismoa. Laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, arkitekturak lengoaia modernoaren arrazionalismoa berreskuratu du, irakurketa minimalista, erraz, urri eta soilaren bitartez, eta nazioarte mailan estilo arkitektoniko bakarra hori izan ez bada ere, Euskal Herrian arrakasta eta onarpenik handieran lortu duena izan da. Horrek gogora ekartzen digu berriro ere euskal arkitekturaren garapenean nagusia izan den sentsibilitatea, hau da, marra argiak, neurrizkoak eta errazak.

Arte plastikoei dagokienez, hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, euskal artea nazioarte mailan garatzen ari ziren mugimendurik garrantzitsuenen -pop art, minimalismoa, arte kontzeptuala- berri zuzenak jasotzen hasi zen. Gure artean horiek guztiak eragin bera izan ez zuten arren, gutxienez, ezagunak ziren eta euskal artistek nahiago zuten bidea hautatzerik izan zuten. Iruñako 1972ko Topaketak, amaitu aurretik erregimen frankistak itxi egin bazituen ere, zeregin garrantzitsu bat izan zuten; topaketa horietan nazioarte mailako artistarik ospetsuenen erakusketak ikusgai egon ziren. Horrez gain, Euskal Herrian artearen egoera zein zen aztertu zuten eta euskal artean oraindik bere horretan mantentzen diren hainbat ezaugarri zehaztu ziren: pintura eta eskulturaren arteko mugen desagerpena, euskal artistak biltzen dituen elkarte edo talderik ez egotea, euskal nortasuna bezalako gaiak alde batera uztea, nazioarteko artearen egoeraren inguruko ezagutza zehatza izatea eta gizartearekin inolako harremanik ez izatea. Ezaugarri guzti horiek, nahiz eta sortzaile guztietan ez eman, azken hamarkadetako euskal artean gehien nabarmendu dira.

Garai honetako obra, arkitekto eta artista esanguratsuenei dagokienez, oso zaila da izen gutxi batzuk aipatzea, asko baitira nabarmentzekoak.