Kontzeptua

Artearen Historia

XII. mendetik aurrera, fedearen eta predikazioaren alorretan, Elizak ordena monastiko berriak sortu zituen, izaera irekiagoa eta klase sozial zein mentalitate berrientzat egokiagoak suertatzen ziren ordenak alegia -frantziskotarrak, domingotarrak-. Era berean, estilo humanistagoa bultzatu nahi izan zuen, hots, gotikoa, premia artistiko berriei hein berean erantzuteko. Horregatik, gotikoak erromanikoaren izaera homogeneoarekin eta didaktikoarekin jarraitu zuen bazuen ere, Elizak bazekien estilo berriak bestelako jarrera eduki behar zuela, hau da, gizarteagandik hurbilagoa eta elkarrizketarako irekia.

Arte

Arteari dagokionez, gotikoak sekulako arrakasta izan zuen Euskal Herrian, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Dena den, Nafarroan, Araban eta Iparraldean ere obra garrantzitsu eta interesgarriak gauzatu zituzten estilo horretan. Egia esan, gotikoak XVI. mendera arte iraun zuen Euskal Herrian, Errenazimenduak ordeztu zuelarik. Beste behin ere, arkitektura izan zen gehien garatu zen diziplina artistikoa, eskultura askatasun handiago lortu eta bere kabuz garatzen hasi bazen ere. Euskal Herriko estilo gotikoak eragin ugari izan zituen, hasiera batean Gaztela, Aragoi eta Frantziatik, eta, jarraian, Erdialdeko Europatik. Azkenik, gorde diren obra ugariak eta horien kontserbazio-egoera onak lagungarriak gertatu dira euskal gotikoa ikertzerakoan.

Euskal Herrian garatu zen arkitektura gotikoa soila eta apaindurarik gabekoa izan zen. Bestalde, bere izaera hibridoa ere azpimarratu behar da, hasieran Erromanikoaren ezaugarriak hartu baitzituen eta amaiera aldean Errenazimendukoak. Teknika, eraikuntza eta apainketa mailan Erromanikoa, Gotikoa eta Errenazimenduaren arteko nahasketa bi arrazoigatik gertatu zen: eraikinak gauzatzeko denbora asko behar izaten zuten, eta eraikuntza-prozesuaren hainbat unetan elementu eta material berberak erabiltzen zituzten. Tipologiak aztertzerakoan, zera esan genezake, Euskal Herrian gehien garatu zen tipologia erlijioarekin lotuta zegoena izan zela. Dena den, erromanikoaren garaiko oso eraikin zibil gutxi geratzen badira ere, gotikoa garatu zen heinean eraikin zibil ugari gauzatu ziren. Egia da gehienak itxuraldatuta heldu direla gureganaino. Halere, nahikoa dira garai hartako bizitza zibila nolakoa zen ezagutzeko. Gainera, eraikin gehienak jauregiak eta dorretxeak diren arren, badira eraikin arrunten aztarnak ere, eta geroko euskal baserriaren egitura igartzen hasten uzten digute.

Eraikuntza nagusien artean honako hauek nabarmenduko ditugu. Arkitektura zibilean: Erriberrin Karlos III. erregearen jauregia, Gasteizen Kordoi etxea eta Arrieta jauregia, Araban Gebaratarren jauregia eta Mendozatarren dorretxea, eta Berriatua dorretxea Mutrikun eta Dorre Luzea Zarautzen. Erlijio arkitekturan: Nafarroan Orreagako Santa Maria eliza, Iruñeko katedrala, Erriberriko San Pedro eta Santa Maria, Artaxonako San Saturnino, Uxueko Santa Maria, Gasteizen Santa Maria eta San Pedro Apostolua elizak, Biasterin San Joan Bataiatzailea eta Santa Maria de los Reyes elizak, Baionako katedrala, Bilbon Jakue Apostolua eta San Anton elizak, Lekeition Andre Maria eliza, Getariako Done Salbatore, eta azkenik Hondarribiko Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Maria, Oñatiko San Miguel eta Donostiako San Bizente elizak.

Arte

Arte plastikoek ere garai honetan garapen eta hedapen handiagoa izan zuten. Horren adbibide eta eredu ugari daude eta aipagarrienak honako hauek dira: Nafarroan Erriberriko Santa Maria eta Uxueko Santa Maria elizetako portadak, eta Iruñeako katedraleko klaustroko apaingarri eskultorikoak; Araban, Gasteizko Santa Maria katedralak eta San Pedro elizak ere portada interesgarriak dituzte, artelan ikusgarriena Biasterin aurkitzen badugu ere, Santa Maria de los Reyes elizaren portadan; Gipuzkoan, Debako Santa Maria la Real elizaren sarrera nagusiko multzo eskultorikoa nabarmentzekoa da.

Garai horretako obrarik adierazgarrienak tipologia berrietan oinarrituz gauzatu ziren. Hala, lehen hilobiak aurkitzen ditugu. Karlos III.arena eta haren emazte Leonorrena nabarmentzekoak dira, Iruñeko katedralean eta Oñatiko kondearen hilobia, Oñatiko San Miguel elizan.