Kontzeptua

Artearen Historia

Erromako arteari dagokionez, aztarnek eta agiriek adierazten dutenez, erromatarrak eremu zehatz batzuetan finkatu ziren, eta nolabaiteko kolonizazio prozesua abian jarri bazuten ere, ezin esan daiteke zenbaterainoko eragina izan zuten. Dena den, bistakoa da euskal lurraldean Historiaurretik aurrera ezarri zen bereizketa nabarmenagoa bilakatu zela; horrela, Inperio Erromatarra berak ager vasconum izena eman zion Mediterraneo aldeko isurialdeari, hau da, erromatarren eragin handiena jasan zuen lurraldeari, eta saltus vasconum Atlantiko aldeko isurialdeari, Erromatik zabaldutako antolaketa moldeek eragin gutxien izan zuten lurraldeari alegia.

Arte

Kontuak horrela, orduko adierazpen artistiko gehienak Araban eta Nafarroan aurkitzen baditugu ere, Irunen, Hondarribian eta Oiartzunen (Gipuzkoa) aurkitutako aztarnak, Oiasso toponimoari dagozkionak, Bidasoa ibaiaren inguruan ere garrantzizko kokalekua bazela erakusten digute. Euskal Herriko lurraldetan garai honetan garatu ziren diziplina artistikoei dagokionez, bi sail bereiziko ditugu. Alde batetik, arkitektura dugu -iritsi zaizkigun eta mantentzen diren azpiegituren bidez azalduko duguna- eta, bestetik, arte plastikoak, arrasto eskultorikoak nabarmenduz, eta bereziki, mosaikoak. Azkenik, Euskal Herriko artearen historiaren bigarren zati hau amaitzeko, kristautasuna Euskal Herrira heltzearekin harremana duten sorkuntza artistikoak ere aztertuko ditugu.

Idatzizko testigantza ugarik dioten arabera, erromatarrek Euskal Herrian hainbat hiri eta hiribildu sortu zituzten, baina arkitektura eta hirigintzarekin lotutako aztarnak oso urriak dira. Indusketa arkeologikoen bidez zenbait eraikinen arrastoak agerian utzi dira -etxeak eta tenpluak, batez ere-, baita galtzada erromatarren arrastoak ere, azken horiek bigarren mailakoak badira ere. Heldu zaizkigun testigantza gehienak erromatarrek beraiek sortutako herrietakoak dira, hala nola, Pompaelo (Iruña, Nafarroa), Andelos (Mendigorria, Nafarroa), Iruña (Araba) eta Oiasso (Irun, Gipuzkoa), eta landa inguruetako hiribilduetakoak, adibidez, Arellano eta Ledea (Nafarroa).

Arte

Eskulturari dagokienez, Erromatarren garaiko arrasto eskultorikoak ez dira esanguratsuak. Berez, harrizko eta brontzezko zatiak besterik ez dira gorde Euskal Herriko museotan, kapitel apainduekin eta inskripzioz hornitutako botozko aldareekin batera; eredu onenak Iruñan eta Oiasson aurkitu dira. Hala ere, erromatarren presentziaren garaian elementu eskultoriko garrantzitsuena estela funerarioa da.

Baina garai hartako adierazpen artistiko nagusia mosaikoa da. Tenpluetako zein etxeetako zoruak eta paretak apaintzeko erabili zuten, bereziki Nafarroako hegoaldean, eta adibide ugari heldu zaizkigu. Gainera aztarna horiek oso ondo kontserbatuta daude. Horren ondorioz, argi dago Euskal Herriko hegoaldean landa giroan finkatutako hiribilduek oso sare garrantzitsua osatzen zutela.

Amaitzeko, garai honetako kristau artearen lehen eredu aipatuko ditugu, hau da, Trebiñoko (Araba) konderriko zenbait herrietan harkaitzak zulatuz eraikitako basilikak dira. Multzo nagusiak Laño, San Julian, Peña de Santiago, Santorkaria, Montico de Charratu eta Harkaitzeko Andre Mari haitzuloetan aurkitu dira.