Instrumentugilea

García de Salazar, Juan

Kapera maisua. Tuesta (Araba) 1639-02-12; Zamora, 1710-07-8.

1659an ageri da lehenengo aldiz Simon anaiarekin batera Burgoseko Katedraleko koruko morroi bezala. Ez dakigu noiz sartu ziren, ezta zenbat urte eman zituzten bertan ikasten. Uste denez, Katedralean bertan ikasi omen zuten, baina Sendotza Espejon (Araba) jaso zuten 1650ean, bere jaioterritik gertu eta ospe handia hartzen ari zen Valpuestako Andra Amariaren kolegiatatik ere hurbil. 1660an morroien eskolako erretore ordea izendatu zuten eta urte bat geroago Burgoseko maisuak bere izena proposatu zuen Gasteizko parrokietako Unibertsitateko kapera zuzendaria izan zedin. Baina ez zuten onartu eta urte berean Kabildoaren baimena jaso zuen Toroko (Zamora) kolegiatan kapera maisua izateko lehiaketan parte hartu ahal izateko. Postu horretan aritu zen 1663ra arte, Burgo de Osmako (Soria) katedralean kargu bera lortu arte alegia. Bertan bost urtez bizi izan zen, berriro ere Simon anaiarekin, azken hori kontralto bezala hartu baitzuten. Katedral horretan bertan beste musikari batekin aritu zen, Pedro de Nanclares, Gasteizko kolegiatan ere organista izandakoa alegia. 1688an Salarzar-ek Osma utzi eta Palentziara alde egiten du.

1668ko ekainaren 13an Salazar-ek baimena eskatzen du Zamorako maisu izateko lehiaketan parte hartu ahal izateko. Aurreko beste kasu guztietan bezala, oraingoan ere lehiaketa irabazi egiten du. Hortik aurrera ez zen Zamoratik mugitu. Uste denez, soiltasun handiz bizi izan zen. Katedral honetan aparteko organistarekin lan egiten du, Antonio de la Cruz Brocarte errioxarra, musikari teoriko ospetsua ere izan zena.

Garcia de Salazarek konposatutako musika lanak erlijiosoak dira. Oro har, lau ahotsetarako piezak konposatzen ditu, inolako musika tresnaren laguntzarik gabe, XVI. mendeko Espainiako pieza polifonikoekin funtsezko kutsuarekin bat etorriz. Dena den, Jose Lopez-Calo-k zera esaten digu:

"El lenguaje de Salazar es el clásico del siglo XVI. Más exacto sería decir que pretende ser el clásico, en cuanto a la marcha de la melodía y a la contextura de la composición: a capella contrapuntística, con melodías que pretenden seguir la tradición clásica... Pero donde más se percibe el cambio es en el sentimiento, en ese no sé qué, indefinible pero realísimo, que hace que la inspiración de una obra pertenezca a una escuela u otra".

Bere lanari so eginez, lau ahotsetarako idatzi zituen piezak bakarrik ezagutzen ditugu eta gehienak Zamorako Katedraleko artxiboan gordeta daude, baina zenbait kopia ere gorde dira Burgosen eta Burgo de Osman, bi katedral horiek maisu arabarraren esker ona izan baitzuten.

Konposatu zituen zenbait motete Hilarion Eslavak argitara eman zituen Lira Sacro-Hispana liburuan. Horietako asko XX. mendearen ia bukaera arte kapera maisuek begi onez hartzen zituzten. Gasteizko katedraleko artxiboan Zamoran Salazarren ondoreko izan zen Gaspar de Arabaolaza gipuzkoarrak egindako transkripzioen bilduma dago gordeta.

  • SALABERRI, Sabin; et al.: La Música en Álava. Vital Kutxa Fundazioa, Gasteiz, 1997.
  • CASARES RODICIO, Emilio (zuz.): Diccionario de la Música Española e Hispanoamericana. Sociedad General de Autores y Editores, Madril, 2000.
  • LOPEZ-CALO, Jose: Historia de la música española. 3. Siglo XVII. Alianza, Madril, 1983.
  • IGLESIAS, Alejandro Luis: En torno al barroco musical español: el Oficio y la Misa de difuntos de Juan García de Salazar. Salamankako Unibertsitatea, 1989.
  • PRECIADO, Dionisio: Juan García de Salazar, Maestro de Capilla en Toro, Burgo de Osma y Zamora (1710), in Anuario Musical, 1976-1977.
  • CAPDEPON VERDU, Paulino: La Obra musical de Juan García de Salazar (1639-1710). Argitaratu gabea.