Konposatzaileak

Illarramendi Larrañaga, Ángel

Zarautzen jaiotako konpositorea 1958 apirilaren bostean.

Sei urte zituenean musika ikasten hasi zen Manolo Urbietaren eskutik. Hamaika urte zituenean lehendabiziko abestiak konposatu zituen, bere kabuz gitarra jotzen ikasi zuelarik. Aldi berean, solfeo eta pianoa ikasten hasi zen Maria Barbara Arangurenekin. Hamasei urterekin Armonia, Kontrapuntua, Fuga eta Konposizioa ikasteari ekin zion Fancisco Escuderorekin. Gero Jack Bodmeren eskutik Orkestra Zuzendaritza klaseak jaso zituen. Gainera Musica Seriala eta Elektroakustikoari buruzko ikastaroetan ere parte hartu zuen. Lehen diskoa 1978an grabatu zuen. 1981ean, musika ikasketak bukatu ostean, hasi berria zen Antzerti Euskal Antzerki Eskolan irakasle eta konpositore lanetan aritu zen epe labur batez. Han zenbait antzezlan idatzi zituen, eta horiekin batera bere lehen soinu bandak eta kontzertuetarako piezak. Gainera, hainbat musika eskolatan Armonia klaseak eskaintzen ditu. 90ko hamarkadatik aurrera irakaskuntza bertan behera uzten du buru belarri konposizioan aritzeko.

Zinerako konpositore bezala hainbat zuzendari eta ekoizlerekin egin du lan: Tasio (Montxo Armendariz, 1984), Hamaseigarrenean aidanez eta Kareletik (Angel Lertxundi, 1985 eta 1987), 27 horas (Montxo Armendariz eta Elias Querejeta, 1986), Cuando vuelvas a mi lado (Gracia Querejeta, 1999), Yoyes (Helena Taberna, 2000), El celo (Antoni Aloy, 2000), Antigua vida mía (Hector Olivera, 2001), El hijo de la novia (Juan Jose Campanella, 2001), El rey de la granja (Gregorio Muro eta Carlos Zabala, 2002), Buen viaje, excelencia (Albert Boadella, 2003), Héctor (Gracia Querejeta, 2004), eta abar. Aldi berean zenbait antzezlanetarako musika ere konposatzen du. Telebistako saioetan ere aritu izan da: serieak Tres historias de amor (ETB, 1988), dokumentalak Viaje del agua (Elias Querejeta, 1989) edo El hombre y la industria (TVE, 1989-90). Arriaga Antzokiko sintoniak (1988) konposatu zituen, baita Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko sintonia ere (1991) eta Eusko Ikaskuntzaren 80. urteurrenaren oroitzapenezko bideoaren musika (1998).

Bestelako konposizioen artean honako hauek ditugu: sei sinfonia, suite bat, orkestra, piano, biola eta klarineterako kontzertua, poema sinfonikoa, organoa eta lau ahots mistorako meza, aretoko opera bat eta aretorako beste hainbat pieza.

  • CORNEJO, G. (ca. 2006): Biografia. Illarramendin kontsulta.
  • GOROSABEL, A. (2000). Illarramendi Larrañaga, Angel. En Casares E. (zuz.), Diccionario de la música española e hispanoamericana (6. alea, 414 or.). Madril: SGAE.
  • ILLARRAMENDI, A.: Espacio sonriente. [CD]. Madril: Karonte. 7051, 1997.
  • ERESBIL: Dokumentazio saila, D1/ILL-01. Angel Illarramendi Larrañaga.