Arkitektoak

Zuazo Ugalde, Secundino

Bizkaitar arkitekto eta hirigilea. Bilbon jaio zen 1887ko maiatzaren 21ean, eta Madrilen hil, 1970eko uztailaren 11n. XX. mendeko arkitekturako eta hirigintzako berritzaile nagusienetakoa bat Espainian.

Emiliano Amann arkitektoaren estudioan hasi zuen ibilbide profesionala, eta harekin aritu zen lanean Sociedad Bilbaina eraikuntzan (1910). Arkitekturako ikasketak egin zituen Bartzelonako eta Madrilgo unibertsitateetan, eta azken horretan graduatu zen, 1913an. Geroago, Holandara joan zen, ikasketak zabaltzera.

Eskurialense barrokoa eta Villanueva miresten zituen, eta haren lehenengo obra txalet bat izan zen, El Escorialen (1917). Urte luzez aritu zen Herrerari buruzko ikerkuntza-lanetan, eta eragin handia izan zuen beraren izaera artistikoan. Azken urteetan, ikerkuntzak are gehiago sakondu zituen, baina azkenean argitaratu gabe geratu ziren. Labur aritu zen Otamendi donostiarrarekin lanean, eta, gero, Espainiako hiriburuan hasi zen lanean. Bertan eman zuen bere karreraren parterik handiena, Antonio Palacios arkitektoarekin, Rio de la Plata Bankua eta Komunikazioen Jauregia eraikuntzetan. Azken horren Posta-patioan argi ikus daiteke Zuazoren esku-hartzea. 1920an, Manuen Mañasekin Arkitektura Ikasketen Sozietatea sortu zuen, eta Bilbo Hiriguneko Bideak Partzialki Berritzeko Proiektua esleituko ziotela agindu zieten (Madril, 1922). Aitzitik, plana bertan behera geratu zen, Primo de Riveraren diktadura etorri zenean. Proiektuen izaera neobarrokotik arrazionalismorantza aldatzen doa pixkanaka, Musikaren Jauregian jada, arrazionalismoa nagusi delarik (1923-1928).

1929an, lehenengo aipamena lortu zuen Madrilgo Iparraldea urbanizatzeko Nazioarteko Lehiaketan, lehiaketa esleitu gabe geratu bazen ere. Haren izaera artistikoa erabat finkatzen da Loreen Etxean, Fleischer alemanarekin batera eraiki zuena, 1930 eta 1931 urteen artean. 1930ean, Arniches eta Martin Dominguez maisuekin lan egin zuen, Zahara Kafearen eraikuntzan. Independentzia plazako Fenix eraikina 1931koa da.

1932an, Madrilgo sarbideen eta hiri-inguruko kabinete teknikoko obren zuzendari izendatu zuen Indalecio Prietok, garai hartan Herri Lanen ministro zenak, eta 1932 eta 1937 artean, sarbide berrien proiektua eta Madrilgo Castellana Pasealekuaren luzapena eraman zituen aurrera, eta Ministerio Berrien eraikina eraiki zuen. Azken hori Zuazoren estiloaren paradigma da, eta Herreraren arkitekturaren eta arkitektura neoklasikoaren arteko fusio pertsonal egin zuen bertan. Obra hark eman zion osperik handiena, Loreen Etxearekin eta Eduardo Torrojarekin 1936an eraiki zuen Recoletos Frontoiarekin batera.

Gerra Parisen igaro ondoren, Kanariar Uhartera erbesteratu zuten 1940 eta 1943 artean, eta Gobernuak 1942an baztertutako arkitektoetako bat izan zen. Izan ere, erregimen berriarentzat "Errepublikaren arkitektoa" zen. Las Palmasen, kontzilio-seminarioaren eraikuntza eta hiriko plan orokorraren proiektua gauzatu zituen. Hirigintzaren barruan, aipatzekoak dira ere Sevillako eta Zaragozako hiriguneak berritzeko proiektuak. Gerraostean, beste lan batzuen artean, CAMPSA bulegoak eraiki zituen Prado paseoan (1944), hainbat bizitegi-bloke Salamanca auzoan, Consulado Zinema Bilbon (1950) eta haren lanik ospetsuenetako bat: Gernikako Jai-Alai pilotalekua, 1962an.

Euskal Artisten Elkartearen kide izan zen, Osasun sailburua, Arkitektoen Sozietate Orokorreko lehendakaria, Madrilgo Arkitektoen Elkargoko lehenengo dekanoa (1929), Britainiar Arkitektoen Errege Institutuko bazkide eta Arte Ederretan akademiko (1948).

2003an, Madrilgo Erkidegoko Hirigintzako zuzendaritza orokorrak Memorias ineditas de Secundino Zuazo (1919-1940): Madrid y sus anhelos urbanísticos obra argitaratu zuen, Carlos Sambricioren edizioarekin.