Pintoreak

Blanco Ortega, Dionisio

1927ko irailaren 18an San Salvador del Vallen (Trapagaran) jaiotako pintore bizkaitarra. Bilbon hil zen, 2003ko apirilaren 10ean.

Sorian ezkutatu ostean, 1937-1944 bitartean Vizmanos eta Tierra de Yanguas izan zituen bizileku. 1944an Bilbora itzuli zen eta Arte eta Ofizioen eskolan Irakaskuntza Profesionaletako ikasketak burutu zituen. 1949an igeltsero modura lan egin zuen aitarekin, eta aldamiotik erori eta kalte handiak izan zituen bizkarrezurrean. Urte eta erdi egon zen ospitalean. Artistaren arabera, "Jazoera hori erabakigarria izan zen nire pinturarekiko joeran". 1952an marrazketa-eskolak jaso zituen Bilboko Erreprodukzio Museoan. Hiru urtez egon zen eskolak hartzen eta, ondoren, 1957an Artearen Historiako Ikasketak egin zituen Pariseko Louvre Museoan. Bi urte eman zituen Pariseko ikasketak burutzen. 1960an 4 poetas de hoy liburuan parte hartu zuen, Bizkaiko Artisten Elkarteak editatu zuena. Urte berean bere obra Colectiva de pintura vizcaína delakoan erakutsi zuen, Valladolideko Santa Cruz Ikastetxe Nagusian. Bizkaiko Artisten Elkarteak antolatu zuen erakusketa eta elkarte berak hautatu zituen obrak. Hala, hauek izan ziren bertan parte hartu zuen artistetako batzuk: Jose Barcelo, Dionisio Blanco, Antonio Echavarri, Barreiro Bengoa, a href="/eu/artikulua/ar-112122/">Ortiz Alfau, Borque, Esquibel, Fidalgo, Jesus Luis Jimeno, Angel Jayo, Largacha, Dionisio Sanchez, Antonio Mas eta Juan Matia. Erakusketan Bizkaiko artearen egoera islatu zen.

1961ean bakarkako lehen erakusketa egin zuen Bizkaiko Artisten Elkartearen aretoan. Urtebete beranduago, Dionisiok Estampa Popular de Vizcaya sortu zuen, Donostiako Udaleko Aretoetan aurkeztu zena. Bertan izan zen Dionisio Blancoren obra, Maria Dapena, Agustin Ibarrola, Jose Ortega eta Valentin Ruiz Morquechok osatutakoekin batera. Urte hartan bertan Kordobako Céspedes - Círculo de la Amistad izeneko galerian Arte Norte y Sur aurkeztu zen. Bizkaiko Estanpa Herrikoi delakoaren poetek taxututako poemen laguntza izan zen. Horrela, besteak beste, Blas de Otero (Cursiva), Gabriel Aresti (Envío a los poetas españoles de cinco versos menores con punto en t, horiek Justicia prohibida izenekotik hartuak), Vidal de Nicolas (Rebato), Sabina de la Cruz (Campesinos) eta Carlos Alvarezek parte hartu zuten. 1965ean bakarkako bigarren erakusketa aurkeztu zuen Grises izeneko galeria txikian. Bertan, urte berean, beste erakusketa kolektibo batean Sasoi artistikoaren balantzea egin zuen.

Jose Luis Merino galeria-ikertzaileak Dionisio Blancoren obrako kalitate plastikoaren eta gai gizatiarraren arteko uztarduran erreparatu zuen:

"Bere obretan hautematen diren hautaketa kromatiko egokia, konposizio orekatuak eta ehundurarekin lotutako kalitate dirdiratsuak bitarteko eraginkorrenak dira artistak metatutako humanismo guztia isur dezan"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

1966an Emen taldearen sorreran parte hartu zuen, Euskal Eskolako Mugimenduaren taldea. Aldi berean, Gipuzkoan Gaur taldea eta Araban Orain taldea sortu ziren. Nafarroan eginahalak egin baziren ere Danok taldea, azkenean, ez zen irmotasunez sortu. Urtebete beranduago Espainiako Egungo Artearen Erakusketa Ibiltaria egin zen Espainiako Arkitektura Eskoletan, Espainiako Arkitekturako Ikasleen Batasunak eta Barandiaran Eraikuntzen Estetika Sailak antolatuta. Sei erakusketa kolektiboz osatutako programa zabal horretan hirurogeita sei artista eta hogei hizlarik parte hartu zuten. Programa Bartzelona, Madril eta Sevillako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, Iruñeko Nafarroako Museoan, Valentziako sekzio delegatuan eta Donostiako Barandiaran Galerian aurkeztu zen. Azken horretan erakusketak baino ez ziren egin. Gainerako espazioetan hitzaldi-zikloak antolatu ziren, Artea kultura garaikidean lelopean. Dionisio Blancoren lehen parte-hartzea Iruñeko erakusketa kolektiboan izan zen, apirilaren 28tik maiatzaren 2ra bitartean. Ondoren, Donostiako Barandiaran Galerian parte hartu zuen eta, beranduago, Madrilen, Sevillan eta Bartzelonan. 1968an Madrileko Etxebizitzaren Ministerioan egitekoa zen Birgaikuntzako Lehiaketa Iberoamerikarrera Dionisio Blancoren obra eramateko proiektu bat izan zen Barcelo, Bonifacio eta Ibarrolaren obrekin batera (bakoitzak bi margolan) eta urte berean Grises Galeriak antolatutako hondoaren kolektibo bat ospatu zen, Basauriko Gizarte Etxean. Ateneoko Batzorde berriaren lehen ekintza izan zen, Jose Luis Merino bertako idazkari zela. Barakaldon 45 cuadros de pintura moderna izeneko erakusketa inauguratu zen. Erakusketa hura Merinok herrietako Udaletan eskaini zuen. Tomas Meabek egindako 14 fábulas liburuan parte hartu zuen Blancok. Liburu hura hainbat hizkuntzetara itzuli zen, hala, Ricard Salvatek katalanez eman zuen, Xesus Alonso Monterok galizieraz eta Gabriel Arestik euskarara ekarri zuen. 1969an bakarkako hirugarren erakusketa antolatu zuen Bilboko Mikeldi Galerian. Halaber, sobre con tres tarjetas izeneko edizioa abiatu zen, testu poetikoekin eta Dionisio Blancok egindako pinturen irudiekin.