Literatoak

Bilintx (1831-1876)

Vilinch, Bilinch, Bilintx.

Euskal idazlea eta bertsolaria. Donostian jaio zen 1831ko apirilaren 30ean. 1876ko uztailaren 22an hil zen.

Guillermo Joaquin Indalecio zen bere izen osoa. Jose Bizcarrondo jauna eta Joaquina Ureña andrea zituen guraso. Ureña deitura Huelvakoa zen jatorriz (Andaluzia), bere amaren aldeko aitonarengandik hartu zuen.

Artean haurra zela eroriko txarra izan eta aurpegia guztiz desitxuraturik geratu zitzaion. Hori dela eta, "Moko" edo "Indalecio Moko" goitizena ezarri zioten. Beranduago zezen batek harrapatu eta adarrekin hankak zeharkatu zizkion. Arotza izateaz gain, Antzoki Zaharreko atezain ezaguna izan zen Indalecio. Bere establezimendu txikitik aurreztuta zituen 8.000 erreal lapurtu zizkioten.

Azkoitiko Nicolasa Erquicia Macazaga andrearekin ezkondu zen. Bizcarrondok 1857-1858 urte inguruan idatzi zituen maitasunezko lehen bertsoak. Bigarren karlistadan Donostiako liberal boluntarioen batailoiko konpainian sartu zen boluntario modura.

Poeta modura satira umoretsuaren -Michelenaren arabera- eta sentimendu delikatu eta bizien maisua izan zen. Bertso bikainak idatzi zituen -hala dio iruzkingileak-. Poetek oso barneko aitorpen orotatik ihes egiten dute lotsatuta, umilagarria eta penagarria dela irizten baitute, Bizcarrondok, ordea, literatura molde hori darabil. Poesia politikoari dagokionez, herriaren saminaz zipriztindutako konposizioek duten garra dutela esan daiteke.

1876an karlistek botatako granada bat bere gelara sartu eta bi hankak suntsitu zizkion. Sei hilabetez sekulako sufrikarioa bizi ondoren uztailaren 22an hil zen, euskal foruak baliogabetu zituzten egun berean.

1884ko otsailaren 6an, Victoriano Iraola zinegotziak mozio bat aurkeztu zuen Donostiako Udalean, Principal Antzokiaren iparraldetik kale Nagusia eta Lasala plazatxoa batzen dituen kaleari Bilinch izena jartzea eskatzeko.

Bilinchen konposizioak 1911n argitaratu ziren Euskal-Esnalea elkartearen eskutik. Hauek dira bere poesia batzuen izenbururak:

  1. Galop infernal
  2. Ziririkuak
  3. Kontzezirentzat
  4. Zaldi baten bizitza (Zaldi zuriyarena)
  5. Pozez ta bildurrak
  6. Juramentuba
  7. Loriak
  8. Maita nazazu arren!
  9. Beti zutzaz pentsatzen
  10. Ja-jai!
  11. Zenbait damaren esker txarra
  12. Dama ta galaia
  13. Juana Bixenta Olabe
  14. Somaketa
  15. Izar argi bi falta dirala...
  16. Potajiarena
  17. Izazu nitzaz kupira
  18. Gaztetan jarriyak dama bati
  19. Biyotz erituba
  20. Neskatxa bati mutill batek jarriak
  21. Domingo Kanpaña
  22. Aspaldiyan...
  23. Bertsolarien gudua
  24. Orentzaro
  25. Kanpuan da
  26. Pobriaren suertia
  27. Sartzia soldadu
  28. Zortziko
  29. Pagatzalle on bat
  30. Begirozute, pikadoriak
  31. Arotz bati ziyoten...
  32. Konfesoriagana
  33. Apirillaren lagun elkarra...
  34. Zaldun gazte
  35. Dolores'i
  36. Azkenengo bertsoa