Abeslariak

Bayo Jiménez, María

1958an Fiteron jaiotako soprano nafarra.

Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan Edurne Aguerrirekin egin zituen bere musika ikasketak. Ondoren, Detmoldeko (Alemania) Hochschule für Musik Westfalen Lippe eskolan bere ikasketak osatu zituen Arthur Janzen maisuarekin.

Maria Bayok hainbat sari eskuratu ditu, hala nola, Logroño Hiriko Lehiaketa, Julian Gayarre (Iruñea), Viñas (Bartzelona), Maria Callas (Italia) sariak. Honez gainera, 1988an Vienako Belvedere Nazioarteko Lehiaketan hamaika sarirekin galardonatua izan zen. 1991ko abenduan, Espainiako Irrati Nazionaleko Musika Klasikoko Kategorian, Ojo Crítico Segundo Milenio Saria eman zioten aho batez. Era berean, 2002ko Kulturako Vianako Printzea saria eskuratu zuen. 2011. urtean Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzia Saria jaso zuen.

Lieder, oratorio eta opera interprete gisa Europa, Amerika eta Japonian abestu du. 1990eko udaberrian Madrilen egin zuen Mozzarten Las Bodas de Fígaro obrako Susanaren interpretazioarengatik publiko eta kritikaren aldetik harrera ona jaso zuen, ondoren Paris-Bastilla Operan, Buenos Aireseko Colon Antzokian, Marsellan eta Montpellierren errepikatu zuen.

Bere emanaldi esanguratsuen artean aipatu behar dira: Händel-en Rinaldo operako Almirenaren interpretazioa, Teresa Berganzarekin eta Pier Luigi Piggiren zuzendaritzapean Lisboa, Madril eta Reggio Emilian eginikoa. Eta Bizet-en Carmen operan Micaelaren papela Montecarlo, Madril eta Bolonian; 1991 urtean Milaneko Scalan, Pucciniren La Bohème lanean Musettaren rolarekin Gavazzeni maisuaren zuzendaritzapean egin zuen debuta; Hanburgoko Operan Norina, Rossiniren Sevillako bizarginean Rosina papera Montpellier eta Estrasburgon eta aldiz, Rossiniren Tancredi lanean Amenaide Schwetzingeneko Jaialdian. 1991 urtean ere, Mahler-en Bigarren Sinfonia eta Rossiniren Stabat Mater abestu zituen Londresen Giuseppe Sinopoliren zuzendaritzapean. Rossiniren obra hau beranduago ere Aix-en-Provence Jaialdian eta Cuencako Bigarren Erlijio Astean abestu zuen.

1992an Parisera itzuli zen Pleyel aretoan Pergolesiren Stabat Mater abesteko Teresa Berganzaren laguntzarekin eta izugarrizko arrakasta eskuratu zuen Paris-Bastillako Teatroan Offenbach-en Hoffmannen ipuiak obrako Antoniaren rolarekin. Bruselako Monetaren Errege Antzokian Vacalliren Calisto opera abesten, Rene Jacobs eta Herbert Wernicken zuzendaritzapean, debut arrakastatsua izan zuen. Buenos Aireseko Colon Antzokian, Mozarten Don Giovanniren Zerlina interpretatu zuen eta Boloniako Comunale Antzokian, Ricardo Chailly-ren zuzendaritzapean, Pucciniren Gianni Schichin Lauretta abestuz amaitu zuen denboraldia.

1994ean zenbait aretoetan egin zuen debuta: Londreseko Covent Garden antzokian, Ensoleillad rola interpretatuz, Cherubin de Massenet-en ekoizpen berri batean; Wigmore hall-en errezitaldi batean; Barbican Center-en, Sir Colin Davisen zuzendaritzapean, Iliaren papera eginez Mozarten Idomeneonen eta Vienako Musikverein aretoan Giuseppe Sinopoliren zuzendaritzapean. Paris eta Metz hiriburuetan ere kontzertu bat eskeini zuen Teresa Berganzarekin. Honez gainera, Händel-en Julio Cesar obran Kleopatraren papera interpretatu zuen Concerto Köln eta Rene Jacobsekin eginiko bira europear batean.

Hurrengo denboraldia, Gounoden Romeo eta Julieta lanean Julietten rola eginez estreinatu zuen eta Boloniako Comunale Antzokira itzuli zen Micaela abesteko Bizet-en Carmen operan. Aipatzekoak dira ere, Pariseko Gaveau areto errezitaldi batekin eginiko aurkezpena eta Bruselako Monetaren Errege Antzokian Mozarten Idomeneo operaren Iliaren interpretazioa. Azken honek, espezializaturiko prentsa eta aldizkari guztietan izugarrizko arrakasta eskuratu zuen.

Aldi berean, Vienako Staatsoper-en Offenbach-en Hoffmannen ipuiak laneko Antonia rolarekin aurkeztu zen. Victor Pablo Perezek zuzenduriko Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin Madrilen kontzertu bat egin zuen.

Maria Bayok hainbat lan grabatu ditu: Aintzinako Ariak, Abesti espainiarrak eta Rossiniren L'Ocasione fa il Ladro, Campraren Tancredi opera bideoan Schwetzingen jauregian, Fallaren La Atlándida, zartzuelak: Vivesen Doña Francisquita eta Bohemios, Bretonnen La Verbena de la Paloma eta Barbieriren El Barberillo de Lavapiés, Cavalliren La Calisto opera eta Verdiren Un ballo in Maschera.

2002 urtean Kulturaren Vianako Printzea Saria eskuratu zuen bere "arte eta giza kalitateagaitik".

PSG