Eskultoreak

Viseux, Claude

1927an Champagne-sur-Oise herrian jaio eta Lapurdin finkatutako eskultore eta pintore frantziarra. Angelun zendu zen 2008ko azaroaren 9an.

Arkitektura-ikasketak burutu zituen Pariseko Arte Ederretako Goi-eskola Nazionalean 1946-1949 bitartean, eta 1975-1992 bitartean bertako irakasle eta tailerreko buru izan zen.

1952an bere lehen pintura-erakusketa egin zuen, Parisen. Brancusi ezagutu eta 1958. urtetik aurrera bere sormen-jardunak eskultura izan zuen ardatz.

Bere eskultura-muntaketetan zementua eta metala nahasten ditu, eta altzairu herdoilgaitza aurrefabrikatutako piezekin. Halaber, grabatua, litografia edo idazketa jorratu zituen. Hala, hainbat liburu argitaratu zituen, esate baterako, La Cavée - Introspection d'un voyageur en Artalie izenekoa. Indian egonaldi luzeak egin zituen 1980-1990 bitarteko hamarkadan, eta bere obra munduko hainbat lekutan izan da ikusgai. Bere bakarkako erakusketen artean, hauek nabarmentzen dira: Pariseko Vibaud Galerian egindakoa (1952 eta 1954), New Yorkeko Leo Casteli Galeriakoa (1956), Bruselako Arte Ederretako Jauregian paratua (1958), Pariseko Arte Garaikidearen Zentro Nazionalean egindakoa (1969), La Lagunako San Cristobaleko Conca Galeriakoa (1974), Nueva Delhiko Lalit Kala Akademiakoa (1982) edo Mont-de Marsaneko Despiau-Wlérick Museoan jarritakoa (2002).

Erakusketa kolektiboen artean hauek aipa daitezke: Wiesbadeneko Museoan egindakoa (1959), New Yorkeko Arte Modernoko Museokoa (1961), Veneziako Bienalekoa (1972), Nueva Delhiko Arte Garaikidearen Hirurtekokoa (1986), edo Santa Cruzen (Tenerifen) egindako kaleko Eskulturaren Nazioarteko II. Erakusketa (1994).

Viseuxen lanak ikus daitezke hainbat museo eta bildumatan, esate baterako, Baionan, Parisen, Madrilen, Bruselan, Mexikon, Indian eta Estatu Batuetan.