Arkitektoak

Villarreal, Juan de

Iruñeko gotzaindegiko arkitektoa eta lanen ikuskatzailea. Urretxun jaio zen 1517ren inguruan. 1584ko urriaren 7an hil zen.

1556an Iruñeara alde egin zuen eta bertan Errukizko Andra Mariaren Ospitaleko portada egin zuen. Lanen ikuskatzailea zen heinean, eta hala izan zen bere bizitza guztian, gotzaindegian zehar goitik behera ibiltzen zen lanak aztertu, finkatu eta tasatzen.

Horrela, hainbat plano eta diseinu garatu zituen, besteak beste: Caparrosoko Fede Santuaren parrokia (1564), Garinoaingo Andra Mariaren Sorkuntza (1569), Larragako San Migelen eliza (1571), Hiriberriko San Estebanen eliza eta sakristia, Oltzako eliza, Eugiko parrokia, Oiartzungo San Estebanen eliza. Eliza horiez gain, hilerriak ere diseinatu zituen zenbait herritan, Hiriberri, Ezkaba edota Oskotz, baita eliza-dorreak ere, Monteagudo, Arre edo Antxoritz.

Burutu zituen tasatzeen artean, hainbat herritako parrokietako erretaulak aipa ditzakegu: Piedramillera (1565), Mues (1566), Sarria (1574), Otxagabia (1578), Munarriz (1579), Sansomain (1580) eta Legaria (1582).

Ikuskatzailea izateaz gain, aldi berean bere lan propioak ere kontratatu zituen, besteak beste, Lakuntzako Salbatzailearen parrokia (1566), Iruñeko katedralaren sakristia (1572) edota Ibirikuko Joan Bataiatzailearen kapea nagusia (1582).

Horiek denak Gotikoaren amaiera aldean indarrean zegoen ereduarekin bat datoz, jada Errenazimendua agerian uzten zuten osagaiak ere erabiliz.