Toponimoak

Baskonia

Baskoien lurraldeari dagokion izena.

Era zabalago baten, euskal leinu guztiek bizi diren lurraldea, batzuetan pluralean "Baskoniek". Gero, Auñamendiko ipar aldean kokatutako euskal esparruari dagokion izena. Izen honen murrizketa Hegoaldeko Baskonian iruindar hirigunea sortzean gertatzen da. Akitaniar Baskoniak izen horri (Baskonia, Wasconia, Gasconia) Rávenako ezezagunak (VII. m.) Spanowasconia oraindik izendatzen duen hegoaldeko "Iruña"-ren aurrean Erdi Aro aitzinatura arte eutsiko dio. Thomas Rymer-ek egindako latindar agiri-bilduman, Baskonia, lan hori amaitzen duen 1359ko urtera arte agertzen da.

Izen honen gorabeherak Izena, Euskal, eta Baskoiak artikuluetan agertzen direnez, Baskonia latindarraren indarreangotasuna Oihenart zuberotar historialariaren lanik ezagunena den 1638ko "Notitia vtrivsque Vasconiae tvm Ibericae tvm Aquitanicae" (Baskonia bien berri, hegoaldekoa eta akitaniarra) idazlanean arkaikotasun kultu bezala irauten duela esan dezakegu. Baskonia horiek vasconum populi-ek bizi diren lurrak dira: batzuk Iberian bizi dira, Auñamenditik ona, beste batzuk Akitanian, Auñamenditik harat. "Viven a esta parte -dio- los navarros, jacetanos, alaveses, guipuzcoanos y vizcainos; allende los Pirineos, los gascones y los vascos". Basko hauek (vasci) Itsasoaz haraindiko euskaldunak dira. Ikusi Euskal. Mugimendu erromantikoak XIX. mendean indarberrituz azaltzen den etnonimo zaharra berpiztu egiten du. Aranaren abertzaletasuna agertzearen ondorioz, abertzaleak ez ziren idazle eta politikari batzuk eutsiko zioten arren, berriz gainbehera etorri zen. Egun, 1979 eta 1984an Euskal eta Nafar Autonomia Erkidegoek gauzatu ondoren, Euskal Herri idiomatikoaz haratagoko euskal erkidego historiko-antropologiko guztia izendatzeko bizi berria dario.