Lexikoa

BIKUÑAK ETA BASKONGADOAK

Potosiko baskongadoek botere ekonomiko, sozial eta politiko handia eskuratu zuten, erresumaren gainerako menekoen aldean. Hori izan zen gerraren abiapuntua. Martínez Arzansen arabera, "Ibai ertzean zeuden 132 instalazioetatik 80 nazio hartakoak ziren". Gainera, 1620an, zorrak zirela eta, euskaldun ez ziren asko boto eskubideaz desjabeturik izan ziren; eta, horrela, 1622an, baskongadoek irabazi zituzten Kabildoko hauteskundeak. Gerra piztu zen, bikuñek Juan Urbieta hil zutenean, urte hartako ekainaren 8an. Hurrengo gauean euskaldunak hiribilduaren inguruan ibili ziren "euskaraz erantzuten ez duena hil dadila!" esanez. Bi alderdien partetik liskarrak izan ziren, baina baita bake saiakera bat ere, ekainaren 22an. Esan bezala, gerra gorabeheratsua gertatu zen. Hasieran  bikuñatarrek abantaila zuten, militarrak edota armen erabilerara ohituagoak zeuden fortunazko soldaduak baitziren. Buruzagi baskongadoek Potositik alde egin eta La Plata hirian finkatu behar izan zuten, agintariengandik hurbil. 1623an, Gipuzkoako Batzarrei idatzi zieten, zer tropeliak jasotzen zituzten jakinaraziz.

Felipe Manrique korrejidore berriaren etorrerak aldatu egin zuen egoera 1623ko maiatzean, bikuña "arloteak" hiltzeko mehatxua egin eta haietako bost urkatu baitzituen. Orduan, baskongadoak itzuli ziren, eta bikuñek hiritik kanpo babestu behar izan zuten, handik errepresalia-ekintzak antolatzeko. Irailaren 6an Manriqueren aurkako atentatu bat izan zen: tiroz zauritu zuten bere etxean. Horrek eta baskongadoen aurkako errepresaliek zapuztu egin zuten San Frantzisko Elizan lortutako itxurazko adiskidantza-ituna. Baskongadoek berriro ihes egin behar izan zuten, meategiak utziz eta elizaren babesa bilatuz. Testigantza gutxi dago 1623ko azaroaren 6ko sarraskien inguruan, lekukoak errepresalien beldur zirelako. "Emakumeak, indioak eta haurrak --esaten dio Manriquek erregeordeari-- zorigaiztoko nazio honen aurka altxatu dira". Gauzak horrela, Guadalcazarreko Markes erregeordeak, ordura arte zalantzati jardun bazuen ere, esku-hartzea erabaki zuen. Izan ere, bikuñen altxamenduak legea zapaltzen zuen eta kalte egiten zion Erregeak Indietan zuen aginpideari (baita interes ekonomikoei ere). Erabaki horrek matxinatuen arteko ezberdintasunak sakondu zituen 1624ko urtarrilean. Izan ere, Mantxakoak, Extremadurakoak, portugaldarrak eta kreoleak modu odoltsuan borrokatu ziren beren aliatuen kontra: gaztelarren eta andaluziarren kontra, alegia. Denborarekin, Charcaseko Auzitegiko presidenteak (Portugalekoa), eta Astete korrejidore berriak bikuñak garaitu eta Potositik bota zituzten.

Oraindik ere, bikuñen azken gehiegikeriek gertaera odoltsu batzuk eragin zituzten: hala nola, Geronimo Berastegiren hilketa bere etxaldean (1625eko urtarrilaren 3an) edota Potosiko matxinada saiakera (urtarrilaren 20an). Bikuñen artean, borroka utzi zuten lehenak kreoleak izan zen. Peruko baskongadoek Bizkaia eta Gipuzkoko agintariengana jo zuten, haien defentsan atera zitezela eskatzeko. Gernikako Batzar Nagusien babesa eskatu zuten. 1624ko abuztuan Bizkaiko Batzar Nagusiek ordezkaritza bat bidali zuten Erregearekin hitz egitera. Horrek eragina izan zuen. Justizia zorrotza izan zen, ikerketa gehiegirik gabe: "espainiarren artean, Indietan inoiz ezarri den zigorrik handiena". Halere, 1625eko apirilaren 29an, barkamen orokor bati esker, bikuñen eta baskongadoen arteko bakea sortu zen. Baskongadoak beren meatzetara eta beren etxaldetara itzuli ziren orduan.