Jaialdiak-Ekimenak

Donostiako Danborrada

Emakumeek 1928an parte hartu zuten lehen aldiz. Aitzitik, ez ziren danbor jole izan, inauterietako konpartsa baizik, eta gauza bera egin zuten 1936an, turkiarrez jantzita, inauterien barruan. Emakumearen rola "betidanik" banderariari eta kantinerari lotuta egon da haurren danborradan izan ezik, bertan Bella Easo pertsonaia ere agertzen delako. 1981. urtean, genero ikuspegiak egun duen garrantzia ez bazuen ere, Kresala Elkarteak danborradan emakumeak sartu zituen, baina tradizioari kalterik egin gabe eta emakume izaera errespetatuz: ez ziren militarrez edo sukaldariz jantzi, XIX. mende erdialdeko etxekoandre donostiarraren ohiko jantziez baizik, eta danborra edo upela eman beharrean, suila zeramaten (ura eramateko erabiltzen zen kono-formako ontzia). Izan ere, logika aplikatuz, txorrotako urik ez izateagatik herritarrek iturri publikoetara joan behar bazuten, ez ziren iturrietan soilik iringile-sukaldariak eta soldaduak egongo, emakumeak ere izango baitziren bertan. Horrela eratu zen danborrada tradizionalaren hirugarren ardatza: "urketaria". Kresala Elkartearen berrikuntza hark elkarte kontserbatzaileenen artean kexa gutxi batzuk eragin zituen, baina urte pare batez besterik ez. Berehala onartu zuten norabide aldaketa hura, eta, laster, beste elkarteek ere berdin egin zuten. Gaur egun, danborraden % 90 mistoak dira. Hala ere, esan behar da azken urteotan emakumeak hartu dituztenak ez dutela uste osoz egin, Udalaren diru-laguntza eta antzinatasuna galtzeko mehatxuagatik baizik. Izan ere, antzinatasuna oso preziatua da danborrada antolatzen dutenen artean.