Jaialdiak-Ekimenak

Donostiako Danborrada

Donostiako zaindariaren festa bereizgarria da hau, duela gutxi beste herri batzuetan ere ospatzen hasi dena, esate baterako: Azpeitia, Eibar, Pasaia, Errenteria, Tolosa, Arrasate eta Mutriku. Danborrada guztiak urtarrilaren 20an irteten dira, San Sebastian egunean, alegia. Pertsonaia multzo batek desfilea egiten du, danbor eta upel konpainietan banatuta. Lehenak Independentziaren Gerrako (1808-1813) tropen uniformeak daramatzate, eta bigarrenak sukaldariz jantzita doaz. Bi taldeetan, urketariek hartzen dute parte: emakumeak dira, eta XIX. mendeko emakume donostiarren tradiziozko jantziak daramatzate. Danborrada bakoitzak musika banda propioa du. Helduen desfilean, ehun danborradatik gora egon ohi dira, eta bakoitzak 100 eta 150 kide artean ditu, batez beste. Hiriko elkarteak izan ohi dira antolakuntzaren arduradunak: elkarte gastronomikoak, kulturalak, aisialdikoak, sozialak, etab. Haurren desfilean, berrogeita hamar konpainia baino gehiago daude, hiriko ikastetxeek antolatuta, eta konpainia bakoitzak 90 eta 125 haur artean izan ohi ditu. Festak hogeita lau ordu irauten ditu, eta antolatutako jarduera guztietan, Raimundo Sarriegui musikagileak XIX. mende amaieran idatzitako musika interpretatzen da bakarrik. Honako hauek dira musika piezarik nagusienak: Tatiago, Diana, Iriyarena, Polka, Retreta eta Donostiako Martxa (1861ean idatzi zuena).