Abokatuak

Beunza Redin, Joaquin

1872ko abuztuaren 4an Iruñean jaiotako abokatu eta legelaria. 1936ko irailaren 4an fusilatu zuten miliziano errepublikanoek Hondarribian.

Nekazarien sendi bateko semea zen eta bere kabuz egin zituen lehen ikasketak. Salamancako Unibertsitatean beka bat lortu zuen Legeak ikertzeko eta 1895. urtean lizentziatu zen. Oso ikerketa bikainak burutu zituen, hainbeste ezen unibertsitateak Italian ordezkari gisa aurkezteko hautatu baitzuen. Doktoregoa Madrilen egin zuen eta, ondoren, pentsioa jaso zuen Parisen ikasketak sakontzeko.

Behin Iruñean finkatuta abokatu garrantzitsua izatera iritsi zen, neurri batean foru-zuzenbidean espezializatu zelako. Politikoki karlista izan zen, gogamen zabalekoa zen eta oso jakituna zen. Hainbat kargu bete zituen. Lehenik eta behin zinegotzia izan zen Iruñeko Udalean eta, ondoren, foru-diputatu izan zen. 1901ean zinegotzi izan zen Komunio Tradizionalista babestuz; 1904-1906 bitartean bigarren alkateorde izan zen; eta 1909-1917 bitartean Jaimeren aldeko foru-diputatua. Kargu horretan, Nafarroa gainerako Foru Aldundietan txertatzeko eskera egin zuen Mensaje de las Diputaciones Vascongadas al Gobierno de S. M izeneko idatzian. Modu horretan, autonomia eskatzen zuen. Ez zuen bere helburua gauzatzerik lortu, izan ere, Nafarroan gehiengoa beldur zen 1841az geroztik probintziak zuen erregimen berezia galduko ote zuen. 1918an Gobernuari beste eskaera bat igorri zion (beste hainbat diputatuk sinatu zutena). Bertan Nafarroako Forua erabat berrezartzea eskatzen zen. Beranduago, eskaera hori berretsi zuen diskurtso gogoangarri batean. 1918an Eusko Ikaskuntza sortu zen eta bera izan zen sustatzaileetako bat. Horrez gain, Eusko Ikaskuntzaren II. Kongresuan parte hartu zuen "Nafarroako Lehen Hezkuntzari" buruzko lan batekin. Bere esperientzia eta ezagutzari esker, Foru Aldundiko, Iruñeko Udaleko, hainbat enpresa pribatutako eta Espainiako Bankuko kontseilari izatera iritsi zen; gainera, Nafarroako seme kutun izendatu zuten 1927an. Urte berean Primo de Riverarekin Hitzarmen ekonomikoa negoziatzeko batzordean parte hartu zuen. 1929an Udako Ikastaroan parte hartu zuen. Bertan Primo de Riveraren aldeko Asanbladak eratutako eskualdeko proiektuan euskaldunek izango zuten egitekoari buruz hitz egin zuen.

Bergarako Kongresuaren ostean, 1930eko abenduaren 15az geroztik Eusko Ikaskuntzako Autonomia Batzordeko kide izan zen Nafarroatik. Kide garrantzitsua izan zen eta1931ko maiatzaren 31n onartu zen Anteproyecto de Estatuto General del Estado Vasco ezagunaren idazketan parte hartu zuen. Jarrera foruzale baina, aldi berean, pragmatikoa azaldu zuen. Horregatik, "Euskal Estatu" sintagma alboratu eta haren ordez euskaldun oro ordezkatuko zuen "Euskal Herriko eta Nafarroako estatu" sintagma sartzea proposatu zuen. Halaber, berezko zigor-zuzenbidea izateko aukera defendatu zuen, Chalbaudekin batera. Nolanahi ere, Estatuari konkordatuzko eskumena emateko auzia jorratu zenean, haren aurka azaldu bazen ere, etsi behar izan zuen berak emaniko boto negatibo bakarrarekin.

Katoliko grinatsua izaki, II. errepublikako gobernuak garatutako erlijio-politikaren eta gurtzen askatasunaren aurka sinatu zuen. 1931ko ekainaren 15ean Iruñean egindako Berrespen Katolikorako ekitaldian parte hartu zuen hizlari modura. 1931-1934 bitartean, Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorreko kide izateko hautatu zuten, Serapio Huiciren ordez. 1931ko ekainaren 28an Nafarroako diputatu izateko hautatu zuren Koalizio Katoliko eta Foruzale delako hautagaitzatik. Hala, Euskal Herria eta Nafarroa uztartu nahi zuen gutxiengoan barneratu zen. Horrela, Gutxiengo horretako presidente izan zen eta Jose Antonio Agirre euskal nazionalista izan zen bere idazkaria. Euskal Estatutua Lizarran onartu zen eta 1931ko uztailaren 12an Gernikan aldarrikatu. Beunzak sutsuki defendatu zuen Estatutua eta Alcala Zamora presidenteari entregatu zion Parlamentuan izapidetu zezan (Elizaren pribilegioen alde hartu zuen jarrera zela-eta, haren jarraitzaileak "beuzak" izendatzen ziren...). 1931ko abuztuaren 10ean Nafarroako Udalek Euskal Herriko eta Nafarroako Estatutua onartu zuten eta bera han izan zen hizlari modura. Estatutu haren oinarrian Eusko Ikaskuntzak eratutako estatutua kokatzen zen. Dena den, bere Kontseilu Orokorreko kideak nabarmen murriztu ziren (80tik 40ra) berak hala aginduta.

1936ko udaberrian, gerra aurretik, Bartzelonan egindako mitin batean izan zen. Indar tradizionalisten artean zuen kategoria aintzat hartua, oso deigarria da altxamendu militarrak Zestoako bainuetxean (maiz joaten baitzen bertara) harrapatu izana ustekabean, aurretik inork abisua eman gabe. 1936ko uztailaren 23an, bada, han atxilotu zuten eta Donostiako espetxera eraman. Ondoren Guadalupeko gotorlekura eraman zuten, Hondarribian. Azkenik, Guadalupeko lubanarrotan fusilatu zuten kontrola galdutako errepublikazale batzuk. Bere erailketaren albistea euskal nazionalismoak bere urreneko elementu ideologikoei egindako traizio modura hartu zen Nafarroan eta Nafarroako presoen egoera aski gogortu zen.

Artikulu ugari argitaratu zituen La Avalancha, El Eco de Navarra, El Pensamiento Navarro, Diario de Navarra, Euzkadi eta El Día egunkarietan eta hainbat enpresetako administrazio-kontseiluko kide ere izan zen, esate baterako, Azucarera de Madrid, La Vasconia, El Irati S.A., Sociedad Navarra de Industrias, Azucarera del Ebro edota Aguas de Belascoain enpresatan.