Marinelak

urdaneta, Andres de

Urdanetaren informe teknikoak erabakiorrak izan ziren bere garaian Ozeano Barean egin ziren aurkikuntzetan eta, bereziki, Filipinetako asentamenduan. Berak eraman zuen haraino Legazpiren espedizioa eta berak aurkitu zuen itzulbidaia. Gainera XV. mendean fenomeno meteorologikoen eta itsaslasterren garrantziaz jabetu zen eta nabigazioaren garapenean ezin dugu bere izena ahaztu.

Gaur egun ere emaitza sozioekonomikoak nabarmenak dira.

Itsasgizon honek bi espedizio handitan hartu zuen parte:

- Loaisaren Espedizioa (1525-1537).

- Legazpiren Espedizioa (1564-1566).

Bigarren espedizio honetan Andres Urdanetak mundu mailako ospea lortu zuen, Ekialdeko Indietatik Ameriketarantz itzultzeko eta Ozeano Barea ekialderantz gurutzatzen duen biderik azkarrena eta ziurrena aurkitu zuelako.

Urdanetaren aurkikuntzaren garrantzia ulertzeko garai hartan espeziak zuten balioa ezagutu behar dugu: azukre kainabera, iltze, intxaur muskatu, aloe, piperra, kanela, jengibrea eta abar; erruz erabiltzen ziren botikak egiteko, janariak gozatzeko edo haragiaren ustel gustua ezkutatzeko ere bai.

Andres Urdanetak Indietarako joan-etorrien arazoa konpondu zuen eta Asia eta Amerikaren arteko harreman komertzialak ireki zituen.

Itsas espedizio hau Espainiak bidali zuen eta Espezieria edo Molukak hartu eta kolonizatzeko helburuz antolatu zen. Espainiako Karlos I.ak agindu zuen, Gaztela eta Portugalen artean piztutako lehian aurre hartu nahian eta balio ekonomiko handia zuten Moluka uharteak bere inperioari eransteko asmoz. Gaztelako Koroaren iniziatiba izan bazen ere, akzio bidez finantzatu zen neurri handi batean eta galiziar, alemaniar, euskaldun eta abarrek hartu zuten parte. Tordesillaseko itunak zioena zalantzan jarriz, militar mordoa ikusten dugu espedizioan eta ondorenean egingo zen kargu banaketa ere zehaztuta dago.

Helburu estrategiko eta ekonomikoak bultzatu zuten, uharte haietan espezia ugari ekoizten baitzen: iltzea, piperra, kanela eta intxaur muskatua.

Agintea Garcia Jofre de Loaisaren esku utzi zen eta Moluketako gobernadore ere izendatu zuten. Elkanok bazituen merezimenduak, Magallanesen espedizioa berak ekarri baitzuen bueltan, baina Loaisa noblea zen eta berari egokitu zitzaion agintea. Elkanok Sancti Spiritus itsasontzia gobernatu zuen, eta Urdaneta, berriz, 17 urteko gaztetxoa izanik, itsasmutil edo morroi gisa ontziratuko zela uste izan da, baina badirudi ez zuela horrelako lanik egin. Urdanetaren idatzietan Elkanoren erabakien kritika zehatza ikus dezakegu, arrazoi emanez hainbatetan, baina baita desadostasun osoa erakutsiz ere beste zenbaitetan. Gainera, Elkano hil zorian zegoenean, bere testamentuan lekuko gisa sinatu zuen Urdanetak eta berehala hartu zituen bere gain hainbat erantzukizun. Honek guztiak Urdaneta morroi gisa joan zen ideia alboratzera bultzatzen gaitu.

1525eko abuztuaren 24an (Hainbat iturrik 1524. urtea aipatzen du!) Coruñako portutik Bizkaian eta Coruñan egindako 7 itsasontzi irten ziren:

  • 1. Santa Maria de la Victoria, Garcia Jofre de Loaisaren agindupean.
  • 2. Sancti Spiritus, Juan Sebastian Elkanoren agindupean.
  • 3. Anunciada.
  • 4. San Gabriel.
  • 5. Santa Maria del Parral.
  • 6. San Lesmes, Francisco de Hocesen agindupean eta
  • 7. Santiago.

146 gizon itsasoratu ziren, haietako batzuk Elkanoren aurreko abenturan izandakoak. Rodrigo de Triana ere bertan zen, Kolonen lehenengo bidaian Tierra!!!!!! garrasia egin zuena.

Espedizioak arazo ugari izan zuen eta 3 ontzi Magallanes itsasartea ezin pasaturik geratu ziren. Ozeano Barean sartu eta 6 egunetara, berriz, 1526ko ekainaren 1ean, San Lesmes karabela galdu zuten.

"En esta isla se pescó un pescado en la nao Capitana muy fermoso que llaman picuda y el capitán general convidó algunos de los capitanes e oficiales del Rey y todos los que comieron de la picuda cayeron malos de cámaras que se iban sin sentir que pensamos que murieran enpero quiso nuestro criador qu guarescieron todos."

Oker zegoen Urdaneta, ordea, eta mal de camaras delakoak, kalte larriak eragin zizkien; 1526ko uztailaren 30ean Jofre de Loaisa hil zen eta abuztuaren 4an, berriz, Elkano. Urdaneta gero eta ardura gehiago joan zen hartzen bere gain. 7 ontzi haietatik, Santa Maria de la Victoria bakarrik iritsi zen Lapurren Irletara (gaur Marianas Irlak). 1526ko irailaren 5a zen. Galiziar batekin egin zuten topo, Gonzalo de Vigorekin, Magallanes-Elkano espedizioko kide izan zen eta, Gonzalez Gomez de Espinosarekin desertatu ondoren, ekialderantz bidaiatuz, Ameriketara iritsi nahian zebilen. Urdanetaren ondoan jarraitu zuen penintsulara itzuli arte, eta hizkuntza, ohitura eta irla haiek eskain zezaketen aukeraz asko irakatsi zion ordiziarrari.

Urriaren 2an Mindanao irlara iritsi ziren (Filipinak), urriaren 22an, Celebes irletara eta urriaren 29an, Moluketara (Gilolo irlara). Moluketan, espedizioak portugaldarrei aurre egin beharra izan zion eta gotor leku bat eraiki zuten horretarako Tidoren. Magallanes eta Elkanoren heriotzen ondoren, Salazarren aginduetara jarraitu zuen espedizioak hau hil zen arte. Orduan, Elgoibarreko Karkizano izan zen buruzagi berria, baina honek ere ez zuen asko iraungo eta Tidoren hilko zen 1927ko uztailaren 12an.

1528ko martxoaren 27an, Hernan Cortesek bidalitako Florida bukea iritsi zen Saavedra agintean zuelarik eta enperadorearen espedizioari lagundu nahian. Urte asko eman zuten Tidoren borrokan eta Urdanetak diplomazialari, estratega eta behatzaile dohainak erakutsi zituen. Hortxe, Asiako nabigatzaileekin harremanak izan ondoren, eskuratu zituen 1565eko itzulerako bidaiarako erabakiorrak izango ziren bertako nabigazioaren eta klimaren inguruko ezaupideak. Montzoiak kontran izanez gero, ez zegoen zer eginik eta Urdanetak ekainean irten beharko litzatekeela eta iparralderantz azpimarratzen du. Baina, zoritxarrez, portugaldarren eskuetan erori ziren eta, bat-batean, zera jakin zuten: Karlos I.ak bakea sinatu zuela (1529ko Zaragozako Ituna) eta Molukak Portugalenak zirela berriro. 1536an iritsi ziren Lisboara bizirik jarraitzen zuten 24 marinelak. Baziren 11 urte, 1525an irten zirenetik.

Lehenengo urteetan, Urdanetak asko idatzi zuen eta zehatz-mehatz kontatzen dizkigu bidaiaren gorabeherak; 1528tik aurrera, berriz, gero eta epe luzeagoa pasatzen da idatzi batetik bestera. 1530 eta 1532 arteko idatzirik ez dugu aurkitu eta, geroxeago, 1534. urtea ere berririk gabe geratu zaigu. Zer egin ote zuen tarte horretan? Zergatik isiltasun hori?

1532. urtea zen Gaztelako 27 edo 28 gizon haiek Zaragozako Itunaren berri izan zutenean (1529ko urriaren 22an sinatu zena); itun horren arabera, Espainiako Karlos I.ak Portugali saldu zizkion paraje haren gaineko eskubideak. Ez zegoen zer eginik han eta gaztelauek portugaldarrekin itzulera negoziatu beharrean ikusi ziren. 1535eko otsailaren 15ean abiatu eta 1536ko ekainaren 26an iritsi ziren Lisboara Andres Urdaneta eta Moluketan izandako alaba. Eskuartean zuen dokumentazio guztia konfiskatu zioten portugaldarrek eta, Urdanetak protestatzeko intentzioa bazuen ere, alde egitea komenigarriagoa zela gomendatu zion Gaztelako enbaxadoreak.

Ahal izan zuen bezain pronto, Urdanetak mapak berregin zituen Moluketarako bidea markatuz eta, 1537ko otsailaren 26an, Espainiara itzuli zenean, irla horien memoria entregatu zion Karlos I.ari, Loaisaren espedizioaren berri zehatzak emanez; kontakizun honetan ederki islatzen dira euskaldunaren behaketa-dohainak, uharteen ezagutza sakona eta haien etekinekiko interesa. Noizbait alabaren bila joango zen, agian, Grazia Urdaneta osaba Otxoarekin hazi baitzen, Andresen anaia zaharrenarekin, alegia, eta Ordiziara ezkonduko zen Lope Ayçagarekin 8 seme-alaba izanez. Andres Espainia Berrira (Mexikora) joan eta agustindarren komentuan sartu zen 1553an. 45 urte zituen eta, garai hartan gutxi gorabehera ezkondu zen Ordizian euskaldunak munduaren beste aldetik ekarri zuen alaba. Komentuko liburutegi aberats hartan imajinatzen dugu, errezo eta ikerketak tartekatuz, Filipe II.ak, Karlos I.aren semeak, idazten dion arte (Ikus 7.1. eranskina); osatu behar duen Moluketarako espedizio berrian parte hartzeko eskatuko dio erregeak eta horrela egingo du Urdanetak. Ondo dakigun bezala, Loaisaren bidaian ikasitakoa ez zen alferrik izango.

Coruñatik irten ziren 1525eko uztailaren 24an eta Brasileko kostan zebiltzan azaroan. Hau idatzi zuen gure Urdanetak:

"Había mucha pesquería, é cada dia viamos una cosa ó pesquería la más fermosa de ver que jamás se vió; y es que hay unos peces, mayores que sardinas los cuales se llaman voladores, por respecto que vuelan como aves en aire, bien un tiro de pasamuro; que tienen alas como casi de murciélago, aunque son de pescado; y éstos vuelan y andas á manadas. y así hay otros pescados tan grandes como toninas que se llaman albacoras, las cuales saltan fuera del agua bien longura de media nao y éstas siguen a los voladores, así dejado del agua, como en el aire, que muchas veces viamos que yendo volando los tristes de los voladores, saltando en el aire las albacoras los apañaban. E así mesmo hay una aves que se llaman rabihorcadas, las cuales se mantienen de los peces voladores que caçan en el aire; que muchas veces los voladores, aquejados de las albacoras y de otros pescados que les siguen, por guareçerse vuelan donde topan luego con las rabihorcadas, e apañan de ellas; de manera que, ó de los unos ó de los otros siempre corren voladores á dar dentro en la nao; y como tocaban en seco, no se podían levantar, y así los apañabamos.".

Sancti Spiritus hondoratu egin zen eta astebete beranduago, Magallanes Itsasartea gertu zutelarik, 1526ko urtarrilaren 21ean, Elkanok espedizio bat bidali zuen itsasoan galdutakoak jasotzearren. Urdanetaren agindupean joan zen espedizio hau. Agindua betez, Urdanetak eta 6 soldaduk lur hartu zuten eta berehala indigenaz inguratuta ikusi zuten bere burua. Janaria eta edaria eskatzen zieten eta esploratzaileek ezer ez zutenez, abandonatu egin zituzten. Egarriak asko penatu zituen eta Urdaneta bere pixa edateraino iritsi zen. Azkenean ura aurkitu zuten eta aran batzuk ere bai eta galdutakoak aurkitzea lortu zuten. Otsailaren 5ean denak Elkanorengana itzuli ziren.

Arrisku galantei aurre egin beharrean izan ziren eta 1527ko martxoaren 27an gertatutakoa da adibidea. Portugaldarren aurka ari ziren eta hauek alde egitea lortu zuten. Ezin harrapatu eta, azken kainonazoa bota eta, Tidorera itzultzea erabaki zuten. Zorte txarra, ordea, bolborak su hartu baitzuen. Izugarrizko eztanda izan zen eta Urdanetak, sutan, bere burua uretara bota zuen. Hau dena gutxi balitz, uretatik ateratzekoan, portugaldarrak espainiarren arazoez jabetu eta jazartzen hasi zirela konturatu zen. Urdanetaren hitzetan, Giloloko indigenak jaso zuten gure marinela, erabat erreta, eta 20 bat egun zaindu zuten. Sekula kenduko ez zitzaizkion markak geratuko zitzaizkion aurpegian.

"mucho me ayudó este día el buen nadar, yo iba muy quemado de manera que estuve bien, veinte días sin salir de una casa de los indios de Gilolo".

Bai portugaldarrek eta bai espainiarrek behin eta berriro hautsi zituzten bake itunak. Urdanetari buruzko kexak iritsi zitzaizkion jeneralari eta ordiziarra beregana joan zen Giloloko erregearen ilobarekin: Quichiltidore eta biak hitz egin zuten:

"Mira, señor: cuando los enemigos no tienen palabra, juramento ni vergüenza que los apremie a guardar lo que prometen, más segura es con ellos la guerra que la paz, por muchas prendas que ofrezcan. Mi rey, debajo de tu fe, hizo pregonar la paz, que le ha muerto sus vasallos; y con más justa causa se debería quejar de tí que de los portugueses; y tú fuiste el primer ofendido en el rompimiento de la tregua; y lo que el Rey y Urdaneta han hecho ha sido restituir la honra al Emperador ya ti, y no romper tregua, sino restaurar la ofensa, que, con tan poca vergüenza en las barbas del Rey, mi señor, y á su puerta se atrevieron de hacer, sobre seguro, á tu nación y á nosotros; lo cual no pudieran hacer sino con la confianza de la tregua. Por tanto, señor, el Rey os suplica que, aprobando y teniendo por bien lo que se ha hecho, hagáis mercedes á Urdaneta y á los demás castellanos que en Gilolo están, y te avisa que te guardes de gente que tan mal cumple su palabra; y, por muchas treguas que asientes, no se piensa confiar más, si el Rey de Ternate no le envía vivos los Capitanes que le mataron sus vasallos, rompiendo la tregua; y aún tú, señor, será bien que, de tu parte, pidas enmiendas, y las personas de los portugueses que en ellos se hallaron, pues Urdaneta los habló y sabe sus nombres" .

Horrela garbitu zen Urdanetaren izena.

Garcia Jofre de Loaisaren espedizioa itzuli eta gero, Urdaneta Espainia Berrian (Mexikon) egon zen 14 urtez (1538-1552). Pedro Alvaradok Espainia Berritik abiatuko zen espedizio berri batean laguntzeko eskatu zion eta, horretarako, Sevillan itsasoratu ziren 1538ko urriaren 16an, baina Espainia Berrira (Mexikora) iristerakoan, proiektua bertan behera geratu zen, Alvaradoren eta Mendoza erregeordearen arteko harremanak ez baitziren onak. Alvaradoren heriotzak Villalobosen esku utzi zuen espedizioa eta itzulerako bidaiaren saiakera berri honek huts egingo zuen berriro ere. Bitarte horretan Urdaneta agustindarren ordenan sartu zen 1553ko martxoaren 20an ziurrenik, 45 bat urte zituenean.

"Yo Fray Andrés de Urdaneta, hijo legítimo de Johan Ochoa de Urdaneta y de Doña Gracia de Cerain, difuntos, que Dios los tenga en su gloria, vecinos que fueron de Villafranca de Guipúzcoa, que es en los Reynos de España, hago profesión y prometo obediencia á Dios Todopoderoso y á la gloriosa Virgen Santa Maria su Madre y al glorioso nuestro padre Santo Agustín y á bos el venerable padre fray Augustín de Coruña, prior en este monesterio del nombre de Jesús de la orden de nuestro glorioso padre Santo Augustín desta gran ciudad de Mexico en nombre y en vez del muy benerable padre prior general de los ermitaños de la orden de nuestro glorioso padre Santo Augustín y de sus sucesores y de vibir sin propio y en castidad segund la Regla de nuestro glorioso padre Santo Augustín Asta la muerte, fecho en Mexico oy lunes la veynte dias del marzo de mill e quinientos e cincuenta e tres años. = Fr. Augustín de Coruña, prior.= Fray Diego de Vertavillo = Fray Andres de Urdaneta."

1560 arte hutsunea dugu albisteetan, baina badakigu Ozeano Barea zeharkatuz Ekialdeko Indietara joan eta etortzeko ideia ez zuela baztertu. Ardura handiko zereginak izan zituen Espainia Berrian (Mexikon), eta ez zituen nabigazioaren inguruko jarduerak baztertu, 1542an Cabrillok Kaliforniako kostaldera egindako espedizioaren porrota ikertzen adibidez. Garai horretako idatzi batean, Karibetik barrena egindako nabigazioa, zikloi tropikalak, dortoken ugalketa edo sukar tropikalen sendabidea aztertu zituen.

Velasco erregeordeari itzultzeko bide baten aukera bazegoela sartu zion buruan eta honek Filipe II.ari, Espainiako erregeari, idatzi zion, Urdaneta hurrengo espedizioan joateko komenientzia azpimarratuz:

"lo principal que en esta jornada se pretende es saber la buelta, pues la y da se sabe que se hace en breve tiempo".

Erregearen gustuko izan zen proposamena, baina Koroaren ahaleginak Filipinetara zuzendu behar zirela erabaki zuen. Filipe II.ak bazekien Tordesillaseko Itunaren arabera Filipinak Portugalen mugapean zeudela, baina bazekien era berean, irla haietan ez zegoela portugaldarrik. Baina Filipinak menperatzeko eta Txinarekin merkataritza-zubi bat finkatzeko ezinbestekoa zen itzulerako bide bat aurkitzea Ozeano Baretik Espainia Berriraino (Mexiko). Aurreko bost saiakerek kale egin zuten, eta, aurrez esan den bezala, Urdanetaren idatziek itxaropena piztu zioten erregeari.

Karlos I.ak Portugaleko erregearekin egindako itunaren arabera, bai Molukak eta bai handik 17ºtara zeuden irlen gaineko eskubideak Portugalenak ziren. Filipinak muga horien barnean zeuden. Dokumentazioan agertzen diren kontraesanek benetako helburua ezkutatzeko idatzi zirela pentsatzera eramaten gaituzte, portugaldarren mesfidantzak ez pizteko. Sekretua babestuz onartu zuten espedizioa, aurreko bidaietan galdutako marinelen bila joan behar zuen aitzakiaz.

Real Audiencia delakoak agindu zehatzak zituen emanak, espedizioaren buru Migel Lopez Legazpi izango zela eta Andres Urdanetak aukeratutako ontzian bidaiatuko zuela argituz. San Pedro aukeratu zuen eta hauek izan ziren ontziak:

  • 1. San Pedro.
  • 2. San Pablo.
  • 3. Patache San Juan.
  • 4. Patache San Lucas.
  • 5. eta San Pedrok zeraman fragata txiki bat.

Azken prestaketak egiten ari zirela, Velasco hil egin zen (1564ko uztailaren 31n) eta Valderramak hartu zuen bere ordea. Hala ere, 1564ko azaroaren 21ean atera ziren Navidad portutik, zendutako erregeordearen aginduen arabera. Lau egun beranduago, Legazpik Instrukzioa ireki zuen, 300 milatara ireki behar zen instrukzio hura. Helburua Filipinak ziren eta itzulbidaia ziurtatzea interesatzen zen.

Urdanetak proposatutako hiru aukeretatik bat jarraituz, biderik ekuatorialenean barrena nabigatu zuen. Bide hau ezaguna zen, Saavedrak eta Villalobosek dagoeneko joateko erabili baitzuten. Urdanetak garbi erakutsi zuen bere kalkuluak zehatzak zirela eta Ozeano Barea ondo ezagutzen zuela. 1565eko urtarrilaren 21ean Guam uhartea gertu zutela ohartarazi eta biharamunean begiztatu zuten; espedizioaren pilotuek, jada, Filipinetan zeudela uste zuten, baina otsailaren 13ra arte ez ziren bertara iritsiko.

Behin Filipinetan, bertako hainbat uharte esploratzen joan ziren, kokaleku egoki baten bila. 1565eko martxoaren 15ean, esplorazioekin jarraitzen zuten bitartean, Bohol-en ainguratu zuten, itzulerako bidaia egiteko erabiliko zuten San Pedro ontzia konpontzeko zur asko baitzegoen bertan.

Legazpik Cebu aukeratu zuen behin betiko kokaleku gisa eta apirilaren 27an joan zen hara. Dirudienez, Urdanetak Asiako hego-ekialdeko harreman-hizkuntza zen malaysieraz ondo hitz egiten zuen eta tokiko zenbait hizkuntza ere ezagutzen zituen, komunikazioa erraz bat mantentzea ahalbidetuz. Hizkuntza ezaupideak zituenez, ordiziarra izan zen lehena ontzitik jaisten bertakoekin negoziatzeko. Filipinetan eta Cebun behin betiko kokalekua finkatu eta gero, hasi ziren bada, helburu printzipala zena prestatzen: Espainia Berriranzko (Mexikoranzko) itzulera.