Marinelak

urdaneta, Andres de

Urdanetak egin zuen aurkikuntza ulertu nahi badugu, garai hartako datu batzuk izan behar ditugu kontuan.



Lehenengoa bi potentzien artean bizi zuten lehia bortitza da; Portugal eta Espainia (Gaztela, hasiera batean) Asiarekiko merkataritza harremanak zabaltzeko ibilbide berrien bila zebiltzan eta nabigatzaile portugesak eta espainiarrak lasterketa bizian hasi ziren itsasoan Espezietako uharteetara aurrena nor iritsiko.

Kristobal Kolon Gaztelara iritsi eta berehala, Errege-Erregina Katolikoek, Portugaleko Joan II.a itsas espedizioak Amerikarantz bidali nahian zebilela ikusita, Alejandro VI.a Aita Santuari Mundu Berriko lurraldeen konkista Espainiako erresumaren alde kontsakratzea eskatu zioten, eta, horrez gain, Mendebaldeko bidea jarraituz deskubrituko ziren lur berrien gaineko eskubide esklusiboa Espainiari ematea.

Horri erantzunez, Alejandro VI.a Aita Santuak hiru bulda eman zituen 1493an.

  • 1. Lehenengoan, Aita Santuak Mendebaldeko uharteetatik nabigatzeko eskubidea eman zion Gaztelako koroari.
  • 2. Bigarrenean, Aita Santuak Errege-Erregina Katolikoei eta haien oinordekoei dohaintzan eman zien Mendebaldeko bideari jarraituz deskubritutako Ozeano Bareko Indiak, uharteak eta lur ugari.
  • 3. Hirugarren buldan, Ekialdeko Indiak, Mendebaldea eta Eguerdia izenarekin ezagutzen zen guztia eman zien, baldin eta 1492 baino lehen beste printze kristauren batek ez bazuen okupatu, behintzat.

Portugaleko erregea ez zegoen konforme Alejandro VI.aren buldarekin eta Tordesillaseko Ituna izenpetu zuten 1494an. Horren arabera, Aita Santuak finkatutako mugako marra berretsi zuten, baina Cabo Verdeko uharteetatik 370 legoa mendebalderago. Itun honen arabera, mundua bi erditan banatu zuten, eta marra horretatik mendebaldera deskubrituko ziren lurraldeak Gaztelarenak izango ziren, eta ekialdeko lurraldeak, berriz, Portugalenak. Kontuan izan behar dugu, garai honetan banatzen dutena Ozeano Atlantikoa dela, ez baita oraindik Ozeano Barea ezagutzen.

Hasieran itun honek bi erresumen indarrak orekatzea lortu zuen, baina Espainiako ontziak Ozeano Barea zeharkatzen hasi zirenean eta Moluka uharteetara iritsi zirenean, espainiarren eta portugesen arteko liskarrak berriro piztu ziren, bi erresumek bere egin nahi baitzituzten uharte horiek.Zenbait urtetako borroken ondoren, 1529ko apirilaren 21ean Zaragozako Ituna deritzona izenpetu zuten bi erresumek. Itun horren arabera, beti diru faltan zebilen Karlos I.ak 350.000 dukat urreren truke Portugali Moluka uharteen gainean izan zitzakeen eskubideak saldu zizkion. Era honetan, Portugalek uharteetako espeziak merkaturatzeko, hitzarmenak egiteko eta itsaso haietatik nabigatzeko eskubide esklusiboa eskuratu zituen; Espainia, berriz, handik aurrera Moluketatik ekialdera deskubrituko zituen lurrak eta uharteak populatzen, kristautzen eta gobernatzen ahaleginduko zen. Hala eta guztiz ere, Espainiak Filipinak konkistatu zituen Portugalekin liskar handirik sortu gabe, agian uharte horiek espeziarik ez zutelako.